Euskal Herrian berotegi efektuko gasen isurketak 11,8 CO2-eq(kt) (CO2 baliokidea kilotoneladetan) biztanleko izatetik, 8,6ra jaitsi dira 2005etik 2022ra. Jaitsiera horrekin ere, Europako estatuen arteko konparaketa eginez, erdialdetik gora dago isurketetan.

Euskal Herriak hotzaren larritasuna (Berogailuaren Gradu Egunak, BGE, indizean neurtuta) murriztu du azken hamarkadetan. EU27ren batez bestekoak Euskal Herrikoak baino altuagoak dira, berokuntza beharrak Europako beste estatu batzuetan Euskal Herrikoak baino handiagoak direla adieraziz, baina joera berdina da, geroz eta behar gutxiago dago berogailuak erabiltzeko.

Euskal Herriko energia kontsumoan ez da beheranzko joera argirik antzematen eta Europako estatuekin alderatuta, energia kontsumo altuenen artean kokatzen da (kontsumo oso altuak dituzten hiru estatuak kenduta).

Euskal Herria energia kontsumo ertain-altua dutenen artean kokatzen da. Euskal Herria, kopuru maximoak dituzten estatuetatik urrun dago, baina hala ere, kontsumo altuko herrialdeen artean kokatzen da.

Energia motaren arabera, Euskal Herriko bilakaera propioan eta Europarekiko alderaketan, ez du emaitza onik ateratzen. Euskal Herriak petrolioaren kontsumoa nagusi izatean gain, handitzen jarraitu du, %39,8tik %43,3ra. EU27k, aldiz, jaitsi egin du %38,0tik %35,0era 2020an. Energia elektrikoa gutxiago kontsumitu da Euskal Herrian, EU27an igo den bitartean (-1,7 eta +0,4). Energia berriztagarrietan 2,1 puntuko igoera eman da Euskal Herrian, 2,8koa berriz EU27n. Adierazle bakarra Euskal Herriak EU27k baino gehiago hobetzen duena da gas naturalaren kontsumoa, zeinetan 4 puntu egin duen behera Euskal Herrian, EU27ren 0,5eko hazkundearen ondoan.

Euskal Herrian etxeetako janari kontsumoa azken hamarkadan nabarmen jaitsi da, 2008an 2.012.068 kilogramotik 2023an 1.779.969 kilogramoetara iritsiz. Kontsumo orokorrean, fruta freskoa (91 kg), esnea (74 kg) eta barazki freskoa (57 kg) dira gehien kontsumitzen diren produktuak, barazki freskoaren kontsumoa bakarrik igoera txiki bat izan duelarik, ogia nabarmen jaitsi baita, ia erdi batera murriztuz (21 kg gutxiago), baita fruta freskoa eta esneak ere (-18).