Euskal Herria modu orokorrean hazi egin da azken bi hamarkadetan, batez ere Hego Euskal Herriko herrialdeetan. Bizkaia da biztanle gehien dituen lurraldea, eta ondoren Gipuzkoa eta Nafarroa Garaia. Europako testuinguruan, Euskal Herria estatu txiki eta ertainen artean kokatzen da, tamaina handiko estatuetatik urrun. Hau da, biztanleriaren hazkunde joera positiboa da, baina Europa mailan neurri ertainekoa izaten jarraitzen du.

Euskal Herria Europako hainbat eskualderekin alderatuta dentsitate ertainekoa da oro har, baina bertako hiri-inguruetan dentsitate handiko poloak nabarmentzen dira, Europako beste hiri handiekin konparatu daitezkeenak, hala nola Berlin, Brusela edo Île-de-Franceko auzo batzuk. Aldiz, Euskal Herriko landa-eremuak Europako beste mendialde eta landa-eremu sakabanatuagoekin antza handiagoa dute. Horrela, Euskal Herriak dentsitatearen eta populazioaren banaketaren aldetik kontrasteak erakusten ditu, eskualde metropolitarretan kontzentrazio handia eta landa eremuetan sakabanaketa handiagoa izanik.

Euskal Herriko adin-piramideetan argi ikusten da jaiotza-tasa beherantz doala, eta, aldi berean, biztanleria zahartzen ari dela. 2007tik 2022ra, haur kopurua murriztu egin da, eta lan-adineko populazioak maximoa jo du 2012an, gero beheranzko joera erakutsiz. Zahartze-prozesua oso nabarmena da, eta batez ere emakumeen biziraupen altuak adineko taldeetan dentsitate handia sortzen du, Euskal Herriko adin-piramidea pixkanaka zabaltzen delarik adin handiagoko taldeen alde.

Joera  horiek, gaztetxoenen mantentzea eta nagusienen handitzea, EU27renarekin bat dator. Horrela Europako erregio gehienetan 0-14 urte artekoen proportzioa piskatxo bat hazi eta 3 puntu arte jaitsi izan dira, eskualdearen arabera. 65 urtetik gorakoen artean ordea, puntu bat eta bost artean hazi egin da.

Azken urteetako jaiotza-tasaren datuek Euskal Herrian eta Europako beste eskualdeetan beherakada orokor bat islatzen dute, nahiz eta eskualde batzuetan aldea nabaria den. Euskal Herriko jaiotza-tasa 2000. urtean mila biztanleko 8,7 izan zen, baina 2022rako 6,6raino jaitsi da. Europako beste eskualde batzuekin alderatuz, jaiotza-tasa baxua da, Bruselako 12,1, Islandiako 11,7 eta Ile de France-ko 13,2 tasen aldean, adibidez. Hala ere, eskualde askotan ere beherakada izan da; hala nola, EU27aren batez bestekoa 2000ko 10,5etik 2022ko 8,7ra jaitsi da. Kontrastea dago Turkia edo Frantziako eskualdeetan, jaiotza-tasa altuagoekin, eta Espainiako zenbait eskualdetan, non tasak 6tik behera baitaude, hala nola Galizian (5,4) eta Asturiasen (4,7). Oro har, jaiotza-tasa baxuagoen joera orokortua ikusten da Europa osoan, zahartze demografikoa eta ugalkortasun mailen jaitsiera islatuz.

Azken  urteetako datuek erakusten dute Euskal Herriko heriotza-tasa goranzko joera izan duela, eta COVID-19 pandemiak 2020an igoera esanguratsua eragin bazuen ere, oro har, joera horrek aurrera jarraitu du 2022an. Euskal Herriko batez bestekoa mila biztanleko 10,7koa izan zen 2022an, eta lurraldez lurralde, tasa altuenak Ipar Euskal Herrian (Nafarroa Beherean ‰15,4, Zuberoan ‰14,3 eta Lapurdin ‰12,2) erregistratu ziren. Joera hori EU27koaren antzekoa da, baina Euskal Herriak egun EU27k baino tasa txikiagoa du.

Espainian/Frantzian jaiotakoak gehiago dira bestelako herrialdeetan jaiotakoak baino. Espainian/Frantzian 485.391 (%15,2) eta beste herrialdeetan 390.862 (%12,2). Nafarroa Garaiko hegoaldean da estatu espainiarretik/frantsesetik kanpo jaiotakoen proportziorik handienak ageri direnak. Espainiarrak/frantsesak atzerritartzat hartuta, Europa osoan migratzaile gehien jaso dituen herrialdea litzateke Euskal Herria, %27,4rekin, , Alemania (%25,9), Frantzia (%14,1) eta Espainiaren aurretik (%12,9).