Skip to main content

Azken argitalpenak

Euskal Herrian, bost biztanle okupatutatik hiru zerbitzuetan ari da

Euskal Herrian, 2001eko datuen arabera, hirugarren sektorean ari da lanean jende gehien (zerbitzuetan); gutxien, berriz, lehen sektorean (nekazaritzan, abeltzaintzan, arrantzan...). Bigarren sektorea (industria eta eraikuntza) indarra galtzen ari da, baina oraindik ere garrantzitsua da...

Industria euskal ekonomian funtsezko sektorea da oraindik ere, okupatuen %35,4rekin

2001eko datuen arabera, Euskal Herriko okupatuen %35,4 ari dira industrian lanean, Europako Batasuneko batez bestekorik handiena. Industria, beraz, oraindik ere funtsezko sektorea da euskal ekonomian, nahiz eta birmoldaketa industrialaren ondoren pisua galdu duen. Industriak jende gehien Gipuzkoan (%39,8) eta Araban (%39,0) enplegatzen du, eta gutxien, berriz, Lapurdin (%20,9)

Ikastaroa, Euskal Herriko estatistikak

Estatistika estatuei lotutako arloa izan dugu betidanik. Euskal Herriak, estaturik gabeko nazioa izanik, ez du ekoizpen estatistikorik izan duela oso gutxira arte. Bazeuden estatistika zatikatuak (lurralde zati bati buruzkoak) baina apenas zegoen Euskal Herri osoari buruzko errealitate demografikoa, soziala, ekonomikoa, politikoa edo kulturala islatzen zuen daturik. Azken urteotan, ordea, urrats sendoak ematen ari dira bide horretan. Ikus programazioa.

Euskal Herrian, okupatuen %3,0 baino ez ditu enplegatzen nekazaritzak: 36.322 lagun, 2001eko datuen arabera

Euskal Herrian, 2001eko datuen arabera, okupatuen %3,0 baino ez dira ari nekazaritzan lanean, Europako Batasuneko batez bestekorik txikienetakoa. Beste 5 herrialdek soilik dute Euskal Herriak baino batez besteko txikiagoa: Suediak (2,9), Alemaniak (2,6), Luxenburgok (2,2), Belgikak (1,9) eta Erresuma Batuak (1,5). Nafarroa Beherea eta Zuberoa dira Euskal Herriko herrialde ‘nekazarienak’. Nekazaritzak pisu gutxien, berriz, Bizkaian du (okupatuen %1,7 besterik ez)...

Sortze-oinarriak

Herriek edota estatuek osatzen duten Europaren eremuan Euskal Herriaren nortasun propioa garatzea lehentasunezko egitasmoa dugu gaur.

Globalizazio zanpatzailearen eraginak, bestalde, alternatibak behar ditu Mundu osoko puntu desberdinetan, lekuan lekuko errealitateetatik abiatuta garatuko direnak eta Lurbirako esparru zabalean mailaka egituratuz joango direnak.

Horregatik guztiagatik gure herri osoa bere baitan hartuko duten erakundez hornitu beharra daukagu, azterketa egin eta arlo askotako dinamikak pizteko gai izango direnak. Erakunde hauek lagundu egingo diote osoa eta osatua izango den prozesuari, beti ere Euskal Herria eraikitzeko hiritarrek erabakiko duten ereduaren arabera.

Asko gara gai honi heltzeko gogo eta asmoetan bat gatozen pertsona eta erakundeak, eta esparru ekonomiko zein sozialetik norabide horretan geure hausnarketarekin eta geure ekarpenekin dihardugunak. Hala ere, inposatu diguten lurralde zatiketaren eraginez eragozpen nabarmenak ditugu aipatutako hausnarketa eta ekarpen altxorra bideratzeko. Sakabanaketa handia sortzen da eta honek, oraingoz, ekidin egin du Euskal Herriaren errealitate ekonomikoa eta soziala ikuspegi osatu eta antolatuan proiektatzea.

Xede horrekin hain zuzen ere, hona hemen aurkezten den egitasmoa: GAINDEGIA izena izango duen EUSKAL HERRIAREN EKONOMIA ETA GIZARTE GARAPENERAKO BEHATEGIA.

GAINDEGIA ren sortze-helburuak hauek dira:

  • Bere lan propioekin batera, ekonomia, gizarte eta azpiegitura gaietan instituzioetan, zein administrazioaren, zein sindikalgintzaren, zein enpresagintzaren, zein unibertsitatearen eremuan garatutako azterketa lanak ikertzea, biltzea, prozesatzea, zerbitzatzea eta zabaltzea, beti ere euskal lurralde osoaren ikuspegitik.

  • Euskal Herriko gizartegintzan edo ekonomian diharduten eragileen egituraketa indartu dezaketen ekimenak bultzatzea (profesionalen taldekatze eta kolegiazioak, merkatal ganbarak, enpresarien elkarteak, etabar.), beti ere euskal lurralde osoko hedadura emanez.

  • Eztabaida sustatzea Euskal Herriko gizartegintzaren eta ekonomiaren garapen mamian estrategikoak diren gaietaz.

Helburu horien arabera, GAINDEGIA izan daiteke gaur Euskal Herri osoko etorkizuneko Ekonomia eta Gizarte arloko eragileak bilduko lituzkeen gunea edota erakundearen lehen hazia. Ezaugarri horren harira, esan bedi GAINDEGIA ez dela sortzen bere burua xede bihurtu asmoz, baizik eta aipatutako helburuaren bila tresna eranginkorra izateko, unean uneko garapen mailetara egokituz.

Zeregin horiek betetzeko, GAINDEGIA ondoko ezaugarrien arabera erakundetuko da:

  • Ekimen hau akuilatzen duen giza taldeak adierazten du bere asmoa dela subjektu eragile, aske eta burujabea izatea, erakundearen baitan aske eta demokratikoki ebatzitakoen aurka kanpotik eragin dezaketen sasi-babesgintza edo zelatarigintzak baztertuaz.

  • Diru irabazirik gabeko elkartegintza zibileko ereduetan oinarritutako egitura hartuko du, irekia zentzu honetan: jatorri desberdinetako (politika, ideologia, erligio, sindikalgintza, politikagintza, jardunesparruari dagokionean) pertsona fisikoei, hauen lan edo atxekimendu esparrua garapen ekonomikoa eta gizartegintzakoa izango delarik, eta denek bereak egingo dituztelarik erakunde honen baitan ebatzitako nortasun ezaugarriak, helburuak eta norabideak.

  • Beste erakunde batzuekin batera elkarlanean jokatzeko joera landuko du, izan hauek ekonomikoak, zein gizartegintzakoak, zein administrazio-instituzio arlokoak, zein ekonomia edo gizartegintzako mamia izan dezaketen beste erakunde mota batekoak. Beste hitz batzuetan, ez du asmorik gaur egun mami honekin badauden beste erakunde batzuekin lehian sartzeko edo haien lekua hartzeko. Zehaztutako helburuen inguruan nabarmenki hutsik dagoen esparrua betetzeko xedez jokatuko du.
  • Bazkideak pertsona fisikoak izango dira, gizabanakoak, ahots eta bozdunak, azken hau "pertsona bat boz bat" goiburuaren arabera finkatuta.
    Berariaz bultzatuko da euskal diasporako bazkideak egitea.

  • Autofinantzazioa izango da oinarrizko irizpidea kudeaketari dagokionean, batez ere erakundearen egiturari eta bere funtzionamendu beharrei erantzuteko. Irizpide honen bitartez elkartearen burujabetza bermatu eta administrazio mailako zein beste mota bateko erakundeekiko menpekotasuna ekidin nahi da, erabakitzeko ahalmena murrizteko arriskutik ihes eginez.

  • Honela hartuta GAINDEGIA ren sortze-oinarriak, baita ere helburu eta nortasunaren ezaugarriak, erakunde honek ozen adierazten du bere konpromisoa, aipatutako hitzetan, sorburuan duen kausarekin eta XXI. mende eta hirugarren milurtekoaren hastapenean Euskal Herria osatzen duten lurraldeetan biltzen den hiritargoarekin.

Iruñea, 2004ko maiatzaren 29a.

Euskal Herria helburu

Euskal Herriak berezkoak dituen eragile sozio ekonomikook, izan enpresaburu, profesional, sindikatuko kide, unibertsitateko ikasle eta irakasle eta, oro har, lan munduan gabiltzan eragile guztiok gure inguruan gertatzen ari den aldaketa sakonaren gaineko jarraipen zorrotza egin nahi dugu. Eta, horrekin batera, prozesu horretan parte hartu nahi dugu.

GAINDEGIA sustatzen dugunok ez dugu ez inor ez ezer ordezkatu nahi, gaur egun dagoen hutsune bat bete baizik. Euskal Herriko ingurune sozio ekonomiko zabalean gertatzen ari diren aldaketek eragin zuzena dute gugan eta, horregatik, protagonistak izan nahi dugu prozesu horretan. Industria Iraultzaren garaitik informazio eta komunikazio teknologia berrien hedapen masiboa gertatu arte aldaketa sakona egin du Euskal Herriak. Garai bateko, eta gaur egungo bertako, industria eraispena, hizkuntza eta kulturekin lotutako industrien bilakaera bizkorra, garraiobideen hedapen etengabea, kontsumoaren gorakada, biztanleriaren zahartze prozesu geldiezina, etorkinen etorrera eta haiek integratzeko arazoak, ingurumenaren hondatzea… Horra Euskal Herriaren egituratze eta garapena baldintzatzen duten zenbait arazo, besteak beste.

Hiru milioi pasa biztanle dituen herri honetan, era askotako industria, hizkera eta paisaiak ditugu Atharratzetik Turtziozera, Bastidatik Gixunera edota Hondarribitik Ablitaserako lurrotan. Herri txikia izan arren, heterogeneotasuna da gure ezaugarrietako bat eta GAINDEGIAtik gure herri nortasuna nabarmendu eta sendotu nahi dugu.

Gaindegiari buruz

NOR GAREN

Gaindegiak jatorri eta izaera desberdinetako eragileak bildu nahi ditu. Profesionalak, enpresariak, unibertsitarioak, sindikalgintzakoak, hedabideetakoak eta herrigintzako beste sektore batzuetakoak elkartu gara proiektu hau abian jartzeko.