Gaindegiarentzat Joseba Garmendia ekonomialariak egindako azterlan batek, Frantzia eta Espainiako enplegu politikak alderatzen zituena (ikus azterlana hemen), ondorio argi bat utzi zigun. Alegia, Frantziako estatuak Espainiakoaren bikoitza ematen zuen langabetua edo lan bila zebilena formatzen eta orientatzen. Azken buru, bi eredu politiko desberdin ziren. Bata, espainola, kontratazioa (nolanahikoa) sustatzera bideratua zegoena, horretarako enpresari pizgarriak eskainiz. Bestea, frantsesa, baliabideak langabea formatu eta lan merkatura ahalik eta egoerarik onenean itzultzeko laguntzera emana. Garai hartako Lanbide (2008) bi ereduen arteko erdibide bat zen.
Ekonomia, gizartea eta populuaren etorkizuna ulertzeko bi ikuspegi desberdin daude horien baitan. Desberdin ulertzen dituzte zein diren bere populuaren ahalmenak, besteak beste, herritarren gaitasun profesionalari dagokionez. Komenigarria litzateke euskal eremuan enplegu politika aktiboen auzia eztabaidagai bihurtzea, bizi eta nozitzen ari garen garai hauetan are gehiago. Bideragarria al da ekonomiaren transformazio bat gizarte kohesioa eta gure profesionalen trebatzerik gabe? Egingarria al da horretan ahalegintzea eta bidenabar milaka herritarren bazterketa profesionala eragoztea? Gai izango al ginateke hori egiten dugun bitartean ilusioa, lana eta kalitatea… bateratzen dituen aldarte bat eragiteko?
Ez dirudi lan auzietan paradisurik dagoenik, ukaezina da, ordea, zenbat eta lehenago erantzun auzi honi orduan eta goizago aurkituko diogula irtenbidea. Euskal Herrian bi estatutan zatiturik bizitzeak bestela izango ez genukeen ezagumendua ematen diogunez badugu nondik hasi. Alegia, Espainiako ereduak ez digu balio eta Frantziakoak funtzionatzen du. Zergatik ez sakon aztertu eta Hegoaldean aplikatzeko aukera aztertu?