Euskal hiriburuetako auzoen iraunkortasuna

Gaindegiak, Udalbiltzarekin eta Gasteizko udalaren babesarekin, bost euskal hiriburu jendetsuenetako auzoei erreparatu die auzoon iraunkortasuna modu integralean neurtzeko. 111 auzoen katalogoa osatu da, bost multzotan banatu diren 36 adierazle kontuan hartuz: mugikortasuna, kohesio soziala, morfologia, zerbitzuen eskuragarritasuna eta metabolismo demografikoa.

 

Metabolismo demografikoa: Euskal Herriko auzoen artean lautik hiruk biztanleria galdu dute.

Euskal Herrian aro demografiko berri bat zabaldu da. Mundu mailako krisialdi ekonomikoak euskal hiriburuetako demografian eragina izan du: jaiotza tasa murriztu, immigrazioa jaitsi, eta belaunaldi gazteak alde egiteko joera izan baitute. Horren guztiaren eraginez, biztanleriaren bolumena murrizten joan da eta joera horren isla antzeman daiteke Euskal Herriko hiriburuetan ere.

2011 urteaz geroztik, biztanleria bolumenak Baiona eta Gasteizen soilik egin du gora. Biztanleria galdu duten hiriburuen artean, aipagarria da Bilbo (-%2,1), baina joera hau ez da auzo guztietan modu bertsuan eman. Bilboko 40 auzoetatik 31k biztanleria bolumena galdu dute (Ametzola, La Peña eta Bolueta buru). Iruñean, aldiz, 13 auzotik 10ek eta Donostian 18 auzotik 14k (Erdialdeak gehien).

Euskal-hiriburuetako-auzoen-iraunkortasuna-biztanleria-fluxua

Kohesio soziala: Biztanleria metaketa  eta etxebizitza eskuragarritasuna belaunaldi segregazioaren gakoak

Gizarte kohesioan egindako alderaketen arabera, auzoen artean oreka handiena mantentzen duen hiriburua Donostia da. Aldiz, auzoen arteko desoreka handienak Bilbok eta Gasteizek biltzen dituzte.

Horietako bat auzo jakinetan ematen den biztanleriaren segregazio edo metaketarako joera da. Batetik, etorkinen ghettoak sortzen dituztenak daude, Gasteizko Alde Zaharrean edo Bilboko San Frantziskon gertatzen den moduan, azken honetan Europatik kanpo jaio den biztanleriaren presentzia nabarmena izanik (%30,5). Bestetik ikasketa gabeko biztanleria metatzen dutenak dira aipagarri, Bilboko Altamira edo Iturrigorri-Peñascal edo Vitoria-Gasteizko Zaramaga, Abetxukon edo Aranako kasuetan lez. Etxebizitza hutsen presentziak ere eragina du gizarte kohesioaren balorazio negatiboan. Kasu horretan aintzat hartzekoa da Bilboko Altamira auzoan dauden etxebizitzen %20,5ak ez daukala erabilera iraunkorrik. Eta horri lotuta doa biztanleriaren gainzahartzea ere, Vitoria-Gasteizko Judimendin (%19,3) edo Bilboko Larraskitu (%17,7) eta Basurtun (%16,8) gertatzen den moduan.

Zerbitzuen eskuragarritasuna: Gasteizek du zerbitzuen sare orekatuena, Donostiak desorekatuena.

Zerbitzuen eskaintza nagusia hiriaren erdigunean metatzea ohikoa da, baita Euskal Herriko hiriburuetan ere. Gasteiz da salbuespena, bere geografia osoan zerbitzu oso homogeneo eta osatua baitu. Bilbo ere aipatzekoa da neurri horretan, zerbitzuen eskuragarritasunean duen oreka maila esanguratsua baita. Kontrara, Donostian ematen dira auzoen arteko desoreka handienak, eta Iruña eta Baionan azpiegitura zerbitzuen estaldura eskasa edota desorekatua dela esan liteke, erdigunean metatzeko joera gailentzen baita.

Euskal-hiriburuetako-auzoen-iraunkortasuna-zerbitzuen-eskuragarritasuna

Morfologia: Bilbon hiri-trinkotasun handiko auzoak espazio berdeen gabezian.

Hiri-trinkotasuna auzoen bizitasun eta jasangarritasun egokirako aldagaia da. Izan ere, trinkotasun txikiak azalera handiak artifizialtzea, energia kontsumoa handitzea eta zerbitzuak barreiatzea ekar dezake, aldiz, trinkotasun egokiak jarduera eta bizimodu komunitarioa indartu. Baiona eta Iruña dira trinkotasun gutxiko auzo gehien dituztenak. Badira salbuespenak hala ere: Iruñako Alde Zaharra, Azpilagaña eta Errotxapea, esaterako. Aldiz, Bilboko auzo askotan hiri trinkotasuna handia da eta espazio berdeekiko oreka egokia izan ohi da. Dentsitate altuko Bilboko hainbat auzotan, ordea, ez dago eraikuntza maila arintzeko baliagarriak diren espazio berde edo irekien presentziarik (Ametzola, Santutxu, Solokoetxe edo Matiko). Hortaz, auzo horien bizigarritasuna eta erosotasuna ez da behar lukeen neurrikoa. Kontrara, Donostian dentsitate altueneko auzoetan hiri dentsitate eta espazio berdeen arteko oreka oso ona da.

 

Mugikortasuna: Oro har garraio publikoaren estaldura ona da hiriburuetan

Euskal Herriko auzoen azaleraren laurden bat garraio publikoko geltoki batetik gehienez 300 metroko erradiopean dago. Bost hiriburuen artean, erradio horren araberako estaldura handiena duen hiriburua Iruña da, ostean Bilbo eta Baionak dute nabarmen. Edonola ere, hiriotan zenbait auzok ibilgailu pribatuen kontzentrazio maila handiak dituzte, merkataritzarekin lotutako eremuetan batik bat.

Garraio publikoa, mugikortasun praxi jasangarriak (oinez zein bizikletan) eta intermodalitatea dira etorkizunean mugikortasun jasangarri bat lortzera iristeko gakoak.

Erronkak, gaurtik bihar

Gure hiriak oso bizkor hazi eta aldatu ziren 1960 eta 2009 bitartean, eta zenbait kasutan, Lapurdiko kostaldean esaterako, hazkunde horrek oraindik bide horri jarraitzen dio. Baina joera  hura, bai bere oinarri ekonomikoa (industria), bai demografikoa ere aro berri batean sartu dira. Biztanleriaren zahartze prozesua nabarmena da eta zerbitzuen sektorea bihurtu da ekonomiaren oinarri.  Era berean, baliabide ekonomiko gutxiagoko garaiak bizi ditugu. Etorkizuneko euskal hirietan erronka handiak daude maila guztietan.

Eginkizun horien artean, oreka demografikoa, zerbitzuen eskuragarritasuna eta mugikortasun jasangarria oinarrizkoak izango direla iragar daiteke. Esaterako, metabolismo demografikoa zaindu ezean auzo oso zahartuak eta oso gazteak izango ditugu, horrek lekarkeen guztiarekin. Halaber, mugikortasun jasangarriak orografia kontuan hartzea eskatzen badu ere (ez da gauza bera Bilbo edo Gasteiz), deskarbonizazioa gauzatzea lortu behar da, herritarren dinamikotasuna erraztuz, baina mugikortasun praxi zaharkituak gaindituz.  Halaber, zenbait hiri metropolia osatzen ari diren aldetik, jatorria edo errentaren araberako segregazio egoerak eta hauen ondorioak gainditzeko xede argiak ere beharko dira.

Egoeraren xehetasunak auzoz auzo www.auzoak.eus gunean.