Skip to main content

Gaindegia, behategia

GAINDEGIA gizarte zibilaren ekimenez sortutako behategi sozioekonomikoa da, alegia, Euskal Herriaren giza garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako behategia.

GAINDEGIAk bere osotasunean hartzen du Euskal Herria, muga administratiboez gain.

Izan ere, mugazgainekotasunak erro sendoak ditu euskal iruditerian dela ikuspegi historikotik, dela kulturaletik, dela hizkuntzarenetik, dela sozialetik eta dela politikotik. Bertako iruditeria propio eta aspaldiko horrek bat egiten du, bestalde, kontinentean oraintsuagokoa den mugarik gabeko Europa printzipioarekin.

Hiru jardun-lerro hautatu ditu GAINDEGIAk:

  • Euskal Herriaren argazki sozioekonomiko eguneratua landu, estatistikaren bitartez.
  • Argazki hori zabaldu eta edukiei buruz estamentuen artean gogoeta egin.
  • Izaera sozioekonomikoko muga administratiboez gaineko ekimenak sustatzen eta bultzatzen lagundu, bai enpresagintzan, bai ekinbide sozietarioetan eta bai bestetan.

Beraz, GAINDEGIA eragile sozioekonomiko aktiboa da, eta behaketa hutsetik haragoko lana egiten du.

Eredu sozietarioari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean erroldatuta dago GAINDEGIA. Bazkideen Batzar Nagusia eta Zuzendaritza Batzordea ditu aginte eta kudeaketa organoak, hurrenez hurren. Aldamenean, aholku-batzorde indartsua du, Batzorde Zientifikoa deritzona. Haren parte dira Euskal Herriko unibertsitate guztietako (publiko, pribatu eta kooperatibo) adituak (katedradunak, doktoreak, ikertzaileak), askotariko alorretan dihardutenak (ekonomia, soziologia, zuzenbidea eta teknologia), eta unibertsitateko adituekin batera, besteak beste, Euskal Herriko hiru gune administratiboek dituzten atal estatistikoetako ordezkariak eta ekonomiaren alorreko goren mailako arduradun ohiak.

Bazkideen kuotekin batera, instituzio publikoak eta zenbait enpresa eta finantza entitate dira GAINDEGIAren sustengu finantzarioa. Giza jardunari dagokionez, GAINDEGIAren jarduna beti profesionala izanda ere, uztartu egiten dira boluntarioen osagaia eta ordainpekoena.