Erretiratutako euskal herritarren %40ak eta alargunen %82ak 1.000€ baino gutxiagoko pentsioa jasotzen du

> 2018.  urteko apirilean Euskal Herrian 509.900 erretiratutako pentsionista daude. Iturri ofizialen arabera, Hego Euskal Herrian 426.200 dira, eta GAINDEGIAko kalkuluen arabera, beste 83.700 dira Ipar Euskal Herrian egun. Herrialdeka, Bizkaian (172.200) eta Gipuzkoan (118.000) metatzen da erretiratutako pentsionisten multzo handiena. Hego Euskal Herrian pentsiodunen kolektiboan gehiengoa dira erretiroan diren pertsonak (pentsionisten %68,3a), baina nabarmentzekoa da pentsionista alargunen (123.100) eta beste pentsionista moten (74.700) bolumena.

>> Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko arrakala handia da erretiratutako pentsionisten diru-sarreretan. Hego Euskal Herriko pentsionisten %42,1ak mila euro baino gutxiagoko pentsioa jasotzen du (kopuru gordinetan 183.000). Ipar Euskal Herrian, aldiz, soilik pentsionisten %24,0 kokatzen da mila euroren azpitik (19.900). Orotara, Euskal Herrian erretiratutako pentsionisten %39,2ak hilean mila eurotik behera jasotzen du (203.100).

>> Emakumezkoen artean mila euro baino gutxiagoko erretiro pentsioa jasotzen dutenen proportzioa ohargarria da: erretiro pentsio bat duten emakumezkoen %61,5ak mila euro baino gutxiagoko diru-saria jasotzen du (127.200).

>> Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko arrakala are handiagoa da emakumezkoen erretiro pentsioan: Hego Euskal Herrian %70,9a dira mila eurotik beherako diru-saria jasotzen duten emakumezkoak. Ipar Euskal Herrian, aldiz, %29,9a.

>> Erretiro pentsio guztien batez besteko diru-saria 1.313 €koa da Hego Euskal Herrian (2018ko apirila), eta 1.600 €ren bueltakoa, Ipar Euskal Herrian (2016). Baina batez bestekoez harago, azpimarratzekoa da erretiro pentsioen zenbatekoaren desoreka Euskal Herrian: pentsioen %39,2a mila euroen azpitik bada, pentsioen beste %19,5a bi mila euroen gainetik kokatzen da. Batez besteko pentsioaren eta honen aldakortasunaren atzean (izan KPIaren edo beste irizpideen arabera), beraz, badira errealitate anitz.

>> Nolanahi ere, 2017an 21.400 herritar erretiro egoerara igaro dira, eta bigarren urtez, erretiratu berri direnen batez besteko pentsioa apaldu egin da Hego Euskal Herrian. Joera aldaketa honen atzean pentsio sistemaren gaineko aldaketak, azken hamarkadako enplegu gabezia eta soldata apalagoak daude.

 

> Alarguntasun egoeran diren pentsionisten artean mila eurotik beherako diru-saria jasotzen dutenen kopurua handia da: Euskal Herrian 187.400 herritarrek alarguntasun pentsioa jasotzen dute, horietatik, %81,6ak mila euro baino gutxiago jasotzen ditu (152.900). Hauek bereziki nabarmenak dira Nafarroa Garaian, non alargun pentsioen %85,3a mila euroen azpitik kokatzen den. Kolektibo hau nagusiki emakumez osaturik dago, eta etxean lanean aritutakoak direnez, askok ez dute gizarte segurantza sisteman kotizatu edo gizonezkoek bezainbeste kotizatu, batez ere Hego Euskal Herrian. Horregatik, lan horren ondarea eta alargun egoerak gero uzten duen diru-sariaren arteko desoreka nabarmena da.

> Euskal Herriak pentsioen gaineko errealitate anitz barnebiltzen ditu. Euskal lurraldean bi pentsio sistema indarrean dira, kasu bietan, sistema hauen gaineko erabakiak bere mugetatik kanpo hartzen dira. Gizarte babeseko sistemak mugaren alde batean eta bestean arras desberdinak izateaz gain, herritarren ongizate mailan eragin zuzena duten desberdintasun nabarmenak daude. Zentzu horretan, Ipar Euskal Herrian indarrean den pentsio sistemak Hego Euskal Herrikoa baino babes sozial zabalagoa eskaintzen du eta genero arrakala, garrantzitsua izanik ere, apalagoa da. Baina Euskal Herriaren baitako desberdintasunak harago doaz: mila euroko diru-saria jasotzen duen herritar bat pobrezia atalasearen azpitik dago Ipar Euskal Herrian; ez, ordea, Hego Euskal Herrian. Izan ere, gutxieneko soldata 1.498€koa da Ipar Euskal Herrian, eta 859€koa Hego Euskal Herrian (2018).