Euskal Herriko eta Europako langabezia-tasak aztertzean, hainbat datu esanguratsu azaleratzen dira, bai langabezia-tasa orokorrean, bai gazteen artean.
2023ko datuak kontuan hartuta, Euskal Herriko langabezia-tasa orokorra %8,1 ingurukoa da, EU27ko batez bestekoaren (%6,1) gainetik eta eskualde guztiak kontuan hartuta nahiko goian uzten duena Euskal Herria, hau da, langabezia tasa altuenen artean. Ceuta (%30) eta Melilla (%26,6) alde batera utzita, hurrengo eskualdeak %17 eta %19ko langabezia tasekin, Provence-Alpes-Côte d'Azur, Paris barne hartzen duen Île-de-France, Andaluzia, Turkiako Van eskualdea, Extremadura eta Italiako Campaina ditugu. Euskal Herria ehunekoetan horietatik distantzia handiagora dago langabezia tasa txikiena dutenetatik baino, baina eskualde gehiago ditu azken hauetatik, langabezia tasa altuagoa dutenetatik baino. Langabezia tasa txikienak dituztenak Polonian, Txekian eta Alemanian aurkitzen ditugu: Central Moravia, Trier, Płock, Warsaw West, Southwest.
Estatuka aztertuz gero, Bosnia eta Herzegovina (%13,2), Espainia (%12,2) eta Grezia (%11,1) dira langabezia handiena dutenak. Aldiz Polonia (%2,8), Txekia (%2,6), Alemania (%3,1) eta Islandia (%3,5) bezalako herrialdeek langabezia tasa oso txikia dute. Euskal Herria beraz, langabezia altuko estatuetatik gertuago dago, baxuenetatik baino, kasu honetan bai portzentajeei erreparatuta baita postuari ere bai.
Euskal Herrian, 2023ko gazteen langabezia tasa (15-24 urte) %23,6koa da, eta hori beste Europar Batasuneko herrialdeekin alderatuta nahiko altua da. Gazte langabezia altuena duten eskualdeak Espainia, Grezian, Italian eta Frantzian aurkitzen dira, %40tik gora: Ceuta Hiria, Melilla Hiria, Mendebaldeko Mazedonia, Calabria, Epirus, Sicilia, Campania eta Guadalupe. Kontrako aldean topatzen ditugu Txekia, Alemania edota Herbehereetakoak diren Txekiako Hego-mendebaldea, Overijssel, Stuttgart, Zeelanda, Ekialdeko Suitza, Erdialdeko Suitza eta Erdi Txekiar Probintzia, denak %6tik beherakoak. Estatuka ia hurrenkera berdina ikusten dugu, gazte langabezia altuenarekin, %25etik gorakoak, Bosnia eta Herzegovina, Espainia, Grezia eta Serbia (eta Euskal Herria ondoren) eta txikienarekin, %9tik behera, Islandia, Txekia, Herbehereak, Suitza eta Alemania.
Euskal Herrian joera eta aldagai ezberdinak aztertzen baditugu 1999an hasi eta 2023ra arte, langabezia tasa orokorra jaitsi egin da, %12,6tik %8,1era pasatuz. Langabezia tasa altuenak 2012an eta 2013an izan ziren, %15,2 eta %16,2rekin, hurrenez hurren. 2020an, COVID-19 pandemiak eragindako krisi ekonomikoak langabezia tasa orokorra handitu zuen, , 2021ean 10,1 %ra, baina handik aurrera jaisten hasi zen.
15-24 adin taldea langabezia tasa altuena izan du beti, 1999an %26,6ra iritsiz. Nahiz eta 2023an %23,6ra jaitsi den, oraindik ere tasa altua da kontuan hartzen baditugu Europan ikusi diren datuak.
55-64 adin taldea 2012an %9,8ra iritsi zen, serie honetan tasarik altuena, eta 2023an %8,0ra jaitsi da, serie guztiko erdiko puntu batean kokatuz.
Emakumeen langabezia tasa orokorra %19,4tik (1999an) %8,9ra (2023an) jaitsi da. Emakumeen langabezia tasa orokorrean murrizketa nabarmena ikusi da, batez ere 2013an %16,3ra iritsi ondoren. Gizonen langabezia tasa %8,1etik (1999an) %7,5era (2023an) jaitsi da, tartean gora-behera asko izanik, 2013ko %16,1 azken boladako daturik txarrena izanik.
Gizon eta emakumeen langabezia tasa alderatuz gero, mendeko lehen hamarkadan bien arteko aldeak asko txikitu zirela ikusten da. 1999an 11 puntu baino handiagoa izatetik, puntu bakarrera pasa zen 2009an. Ondoren krisi finantzarioa eta COVIDa dela, zenbakiak gora eta behera egin dute, baina bien arteko aldea ez da 2,3 puntu baino handiagoa izan eta urteren batean emakumeen langabezia tasa txikiagoa ere izan da.