Gizon eta emakumeen arteko aldea lan sarian: 2,5 euro lan orduko

Soldatapeko emakumeek, batez beste, gizonek baino %11,7 gutxiago jasotzen dute lanorduko Euskal Herrian. Genero arrakala nabarmen handitzen da 50 urtetik gorakoen artean, hau da, emakumeen artean lanaldi partzialak edota kualifikazio formalik eskatzen ez duten lanpostuak nagusi diren adinetan. Europar Batasuneko lanorduko batezbesteko soldatari dagokion genero arrakala Euskal Herrian baino %3,5 handiagoa da. Datuok, ordea, ez dute kontuan hartzen ezkutuko ekonomiaren itzalpean lanean diren emakumeen ordaina, ezta estatu bakoitzean indarrean diren lan kotizazioen eta zerga sistemen eragina ere.

Soldatapeko emakumeen lanorduak, batez beste, 16,7 euroko kostua du Euskal Herrian. Kopuru horrek soldataz gaineko kotizazio guztiak biltzen ditu, eta industrian, eraikuntzan eta zerbitzuen sektorean kontratazio formalarekin jarduten diren andreen soldatak hartzen ditu aintzat. Gizonen kasuan, lan kostu hori 19,2 eurokoa da, hau da, bi euro eta erdi garestiagoa (+%11,7).

Ipar Euskal Herrian emakume eta gizonen arteko soldata-arrakala handiagoa da goi-mailako lanbide intelektualen eta soldatapeko enpresa-kudeatzaileen artean. 6,7 eurokoa da tarte hori, hain zuzen ere. 50 urtetik gorakoen artean ere -ibilbide profesionala sendoagoa denean- soldata-arrakalak nabarmena izaten jarraitzen du eta lanorduko 5 eurora iristen da. Hego Euskal Herrian ere adinean aurrera egin ahala soldata-arrakala handitu egiten da, lanaldi partzialetan edo kontratu mugagabean jarduten direnen arteko arrakalaren paretsua izateraino.

Emakumeen kotizazio-oinarria gizonena baino %16 apalagoa da egun

Orduko lan sariari dagokionez, 2009 urteaz geroztiko krisialdi ekonomikoak genero arrakala hainbat urtez handitzea eragin zuen. Hala, 2012 urtean gizon eta emakumeen arteko lanordu kostuaren tartea 3,9 eurokoa izatera iritsi zen Hego Euskal Herrian. Ordutik, gizon eta emakumeen arteko soldata tartea apaldu egin da.

Osasun larrialdiaren testuinguruko datu baliokideak gaur-gaurkoz ezezagunak diren arren, 2020 urtean zehar gizon eta emakumeen batez besteko kotizazio-oinarrian arrakala murriztu egin da. Udaberritik aurrera kotizazio apala zuten landunen kopurua murrizten hasi zelako gertatu da murrizketa hori, nagusiki. Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteak (ABEEE) indargabetzen doazen heinean joera aztertu beharko da berriz.

Abaguneko egoeraz harago, kotizazio-oinarrian gizon eta emakumeen arteko arrakalak nabarmena izaten jarraitzen du. Espainiako Lan eta Ekonomia Sozialaren Ministerioaren azken datuen arabera (2020ko iraila), Hego Euskal Herrian gizonen hileko batez besteko kotizazio-oinarria 2.457 eurokoa da (kotizazio gordina), emakumeena, ordea, 2.065 eurokoa (-%16,1). Gizon eta emakumeen arteko desoreka handiagoa da kotizazio-oinarriaren gainean lanorduko soldatan baino. Besteak beste, lanaldi partzialen feminizazioa -lanaldi partzialen hiru laurdenak emakumeen esku daude-, ezkutuko ekonomia eta lan merkatuan erroturiko beste aldagai batzuk medio.

Nafarroa Garaian arrakala handiena eta Euskal Herria, Suedia, Espainia eta Kroaziaren pare

Euskal Herriko lurraldeei dagokienez, lanorduko ordainaren gaineko genero arrakala handiena Nafarroa Garaikoa da: emakumeek, batez beste, 2,8 euro gutxiago jasotzen dute lanorduko. Ipar Euskal Herrian, ordea, arrakala hori 2,6 eurokoa da, eta, Euskal A.E.n, 2,4 eurokoa. Nolanahi ere, lan kostuak nabarmen handiagoak dira Ipar Euskal Herrian Hegoaldean baino, besteak beste, oinarrizko soldata handiagoa delako, baina batez ere soldataz haragoko kotizazioengatik. Presio fiskala gizarte babeseko sistema elikatzeko oinarrietako bat da eta, Ipar Euskal Herrian, gizarte babeseko biztanleko gastua Hego Euskal Herrian baino aise handiagoa da. Ondorioz lan sarian sortzen diren desorekak transferentzia sozialek leuntzen dituzte.

Euskal Herriko gizon eta emakumeen lanorduko soldata-arrakala Suedia, Espainia, Kroazia edo Irlandaren parekoa da: herrialde horietan, emakumeek gizonek baino soldata txikiagoa jasotzen dute; %11-12aren bueltan. Europar Batasunean (27), soldata-arrakala hori %15,2koa da. Europan Estonia, Austria, Alemania, Erresuma Batua eta Eslovakian kokatzen dira euro/orduko genero arrakala handienak. Txikienak, berriz, Luxenburgon, Errumanian, Italian, Belgikan, Albanian eta Polonian. Alderaketa honek, ordea, ez ditu aintzat hartzen estatu bakoitzean indarrean diren kotizazioak, zerga sistemak edo ezkutuko ekonomiaren itzalean gelditzen diren emakumeen ordainak. Era berean, lurralde bakoitzeko eros ahalmenera egokitu gabe daude.

Etiketa orokorrak: