2021eko inkesta soziolinguistikoaren arabera, %30,2 ziren euskal herritar euskaldunak (16 urtetik gorakoak). Ehuneko hori aise gainditzen dute Euskal Herriko herririk euskaldunenak, proportzioari dagokionean: Orexa (%93,6), Errezil (%93,0), Ajangiz (%92,6), Abaltzisketa (%92,3), Zerain (%92,2), Arantza (%91,8) edo Araitz (%91,4). Proportzio horietatik oso urrun geratzen dira kontrako muturrekoak: Corella, Milagro, Ribaforada, Valtierra, Azagra, Cabanillas edo Monteagudo, denak %0,5en azpitik. Horrela, mapan ikusi ahal den bezala, gunerik euskaldunenak Bizkaiko eta Gipuzkoako herri txiki eta ertainetan topatu ditzakegu eta erdaldunenak Nafarroa Garaiko erdigunetik behera, baita hiriguneetan ere.

Aldiz, proportzioari beharrean, euskaldun kopuruari erreparatzen badiogu, mapa bestelakoa da. Gunerik euskaldunenak hiriguneetan topatzen ditugu: Bilbo (98.805 euskaldun), Donostia (80.808), Gasteiz (68.537), Barakaldo (24.785), Getxo (24.313), Irun (23.352), Iruñea (22.243) edo Errenteria (16.410).

Hau ez da beti horrela izan, ordea. Hirigune horiek egun euskaldun gehien dituzten udalerriak baldin badira da, azken urteetan bertan herritar asko euskaldundu direlako (txikitatik eskoletan nagusiki edota euskaltegietan) eta herrietatik jaso dituzten euskaldunengatik. Azken 20 urteetako aldaketari erreparatzen badiogu, aurretik aipatutako berdina agertzen zaizkigu euskaldun kopuru gehien irabazitakoen artean: Bilbo (47.503 euskal dun gehiago 2021ean 2001ean baino), Gasteiz (38.236), Donostia (22.123), Barakaldo (16.020), Getxo (8.802) edo Iruñea (6.748).

Kontuan hartzen baditugu egondako aldaketak euskaldun kopuruetan eta proportzioetan, lau kategoria sortzen zaizkigu:

  • Irabaziak izan dituztenak kopuruetan eta proportzioetan: guztira 341 udalerri. Hiru nagusiak lehen aipatutakoak, Bilbo, Gasteiz edo Donostia adibidez.
  • Euskaldun gehiago, proportzio txikiagoa. 150 udalerri. Euskaldun kopuruak gora egin du. Hala ere, biztanleria gora egin eta gainontzeko profilak ere gora egin dute. Adibide nagusiak Baiona, Beasain, Orio, Oiartzun, Gernika-Lumo, Azkoitia eta Azpeitia dira.
  • Euskaldun gutxiago dituztenak, baina proportzioan gora egin dutenak: 3 udalerri dira. Hori gertatu zaie biztanleria galdu dutelako. Forua, Iurreta eta Eibar.
  • Galerak izan dituztenak kopuruetan eta proportzioetan: guztira 187 udalerri. Kopurutan udalerri nagusiak Maule-Lextarre, Bermeo, Arrasate, Biarritz eta Ondarroa.

Beraz, irabaziak egon dira kopuruetan eta proportzioetan Hego Euskal Herriko ia periferia guztian. Bizkaia eta Gipuzkoako bihotzean eta Lapurdin euskaldun gehiago daude, baina proportzionalki behera egin dute eta Behe Nafarroan eta Zuberoan galerak izan dira maila guztietan.