Jarduera tasaren bidetik, enplegu tasak antzeko joerak erakusten ditu. 2023ko datuen arabera, Euskal Herriak enplegu tasa altua erakusten du, 15-64 urte arteko biztanleen artean %75,7koa baita, EU27ko batez bestekoa (%75,0) gaindituz. Europako Batasuneko 27 herrialdeen batez besteko enplegu-tasa goranzko joeran egon da 2002tik, baina Euskal Herriak beti izan du enplegu-tasa altuagoa. 2005ean biak %71 inguruan kokatu ziren, eta geroztik Euskal Herria gorago mantendu da. Emakumeen enplegu-tasa ere %72,3koa da, Europar Batasuneko (%70,2) emakumeen batez bestekoaren gainetik.
Europako iparraldeko herrialdeekin konparatuz gero, Euskal Herriko enplegu tasak beherago daude; Islandian (%86,9), Herbehereetan (%85,5) eta Suitzan (%84,1) baitira enplegu tasa altuenak. Halaber, herrialde hauetan emakumeen parte-hartzea nabarmena da, Euskal Herriko %72,3ko emakumeen enplegu-tasa Europa mailako batez bestekoaren pareko dagoelarik, hau da, herrialde horietan baino 10 puntu beherago gutxi gora-behera.
Hego eta ekialdeko Europako herrialdeekin alderatuta, Euskal Herriko enplegu datuek alde handia erakusten dute, bereziki emakumeen enpleguaren alorrean.
Euskal Herrian 2002an emakumeen eta gizonen enplegu-tasen arteko aldea nabaria zen, gizonek %78,8ko tasa zuten bitartean emakumeena %56,4koa baitzen, ia 22 puntu inguruko aldea. Aldea murriztu egin da urteen poderioz, baina 2023an emakumeen eta gizonen enplegu-tasen arteko diferentzia 6,9 puntukoa da oraindik.
15-24 urteko gazteak, 2023an gazteen enplegu-tasa %32,9koa izan da Euskal Herrian, baina sektore honek aldakortasun handia erakutsi du azken urteetan. 2008ko krisialdian %40,6koa izan zen tasa, baina azken hamarkadan behera egin du nabarmen, 2020an %26,6raino jaitsiz.
55-64 urteko adin-taldeko enplegu-tasa goranzko joera argia izan du Euskal Herrian, 2002ko %39,7tik 2023ko %69,4ra.