Ekonomiaren finantzarizazioa gorabidean dago eta Euskal Herria ez da salbuespena. Hala, soldatapekoen ordainsariek gero eta pisu txikiagoa dute Barne Produktu Gordinean.
2017 urtean Euskal Herriak babes sozialera BPGren %24,5a bideratu du. Euskal Herriko gizarte babes-maila egun Portugalen parekoa da (%24,6) eta urrun da Europar Batasunean (%28,2) bideratzen den gastu-mailatik. Euskal lurraldean aldea nabarmena da Bidasoa ibaiaren bi aldeen artean, behintzat; babes sozialerako gastua aise indartsuagoa da Ipar Euskal Herrian (%34,1) Hego Euskal Herrian (%24,1) baino.
2007/19 aldian inbertsiogileek Hego Euskal Herritik 62.640 milioi euro eraman dituzte atzerrira, gehientsuena 2007 urtean. Bien bitartean, epealdi berean 21.830 milioi euro erakarri dira. Kapital ekonomikoaren nazioarteko joan-etorria handia izan da eta, horren ondorioz, 2007az geroztik Hego Euskal Herriak 40.800 milioi euroko inbertsio defizita du.
Euskal Herrian gaixotasun-osasun atentziorako gizarte babeseko gastua BPGren %6,4koa da, EB-27an baino txikiagoa eta Espainia eta Italiaren parekoa. Hego EHko gastua (%6,2) Ipar EHkoa (%9,1) baino nabarmen apalagoa da.
2019 urtean langabetuen eta potentzialki aktiboak baina enplegu bilaketan atsekabetutako pertsonen kopurua gutxitu egin da. Gogoz kontra lanaldi partzialean aritzen diren landunena, ordea, egonkor mantendu da.
Familia eta seme-alaben ardura dutenentzako gizarte babes apala du Euskal Herriak (BPGren %0,9a), Turkia eta Errumaniaren parekoa, belaunaldi ordezkapen traketsa eragingo duen krisi demografiko baten erdian ere.