Skip to main content

Gogoz kontrako lanaldi partziala bere horretan mantendu da 2019 urtean

Langabezia-tasa apaltze joeran mantendu da seigarren urtez, eta 2019 urtean, langabezia-tasa %8,8koa izan da. Azken urtean, beraz, langabezia puntu bat apaldu egin da. Bizkaiak du Euskal Herriko langabezia-tasa handiena (%10,6), eta behin-behineko datuen arabera, Zuberoak txikiena (%4,1). 2019 urtean Euskal Herri osoan 130.455 langabetu zeuden, aurreko urtean baino 14.150 gutxiago.

Langabetu kopurua apaltzearekin batera potentzialki aktiboak baina enplegu bilaketan atsekabetutako pertsonen kopurua gutxitu egin da, ohiko metodologiaren arabera langabetuen multzoan zenbatzen ez direnak. Azken urtean egoera horretan 28.880 pertsona zeuden Euskal Herri osoan, 2018 urtean baino 3.850 gutxiago. Errealitate honek 55-64 urte bitarteko pertsonen artean du hedadura handiena.

Aldiz, 2019 urtean gogoz kontra lanaldi partzialean aritzen diren landunen bolumena egonkortu egin da. Euskal Herrian 95.600 pertsonek lanaldi partziala dute, ez hala nahi dutelako baizik eta lanaldi osoko lanik topatzen ez dutelako. 2014 urtean egoera horretan 123.200 pertsona zeuden, ordutik azpienplegu mota honen hedadura gutxitu egin da, baina denboran nahiko egonkor mantentzen ari da. Euskal Herrian gogoz kontra lanaldi partzialean aritzeko fenomenoa nabarmena da 34 urtetik beherako landunen artean.

Badira urte batzuk Europako Batzordeak ohiko langabezian ezezik enplegu gabezi mota berri hauetan arreta jartzen duenetik, izan ere, lan merkatuak eraldaketa nabarmenak izan ditu azken hamarkadan. Euskal Herrian, aipaturiko hiru enplegu gabeziak batuz gero, modu batean ala bestean 255.000 pertsonek enplegu gabezia nozitzen dute. Espainiar estatuan enplegu falta nabarmen handiagoa da, eta Euskal Herrikoa, Finlandia eta Frantziar estatuaren parekoa da. Nolanahi ere, urrun da Alemania, Herbehereak edo Danimarkak duten egoeratik.

Etiketa orokorrak