Ongizateko zerbitzuak, eskuragarritasunean desoreka (I): lurraldea eta herritarrak

Zerbitzuen eskuragarritasuna

Udalerrietako bizitasuna neurtzeko adierazle garrantzitsua da zerbitzuen eskuragarritasuna, izan ere, Euskal geografian desberdintasun nabarmenak daude. Udalerri zein eskualdeetatik oinarrizko zerbitzuetara heltzeko egin beharreko distantziak aztertuz lur eremu bakoitzaren bizi baldintzen  argazkia osa daiteke, lurralde funtzionalen (bailara eta eskualdeak) artean dauden desorekak azaleratuz.

Hala, hurrengo irudian zerbitzuen eskuragarritasun maila adierazten da eskualdeka. Zerbitzuetan, hezkuntza, osasuna eta babes soziala, larrialdiak, bestelako azpiegitura eta zerbitzuak hartu dira kontuan (txikizkako saltokiak, esaterako). Zerbitzu guztiei garrantzi maila berbera eman zaie eta eskualde bakoitzeko balioa eskualdea osatzen duten udalerri guztien batez bestekoaren emaitza da. Mapan, halaber, errepide sare nagusia adierazten da, egoera ulergarriago egin nahian.

Hurrengo irudian ikus daitekeen bezala, kolore ilunena duten eskualdeek dute oinarrizko zerbitzuetara irisgarritasun baxuena. Nafarroa Garaia eta Araba dira herrialderik kaltetuenak, bereziki, Erronkari-Zaraitzu eskualdea Nafarroa Garaian eta Arabako Mendialdea Araban. Aipatu beharra dago, Eskiulak ere, Oloroealdeko herri elkargoa osatzen duen udalerri bakarrak, zerbitzuetarako distantzia oso handiak dituela. Hala, taulan distantzia handieneko eskualdeak ageri dira.

Zerbitzuen eskuragarritasuna (km), 2015

Iturria: EUSKALGEO, INE, EUSTAT eta INSEE

Mugikortasun eta konektibitatea

Zerbitzuen eskuragarritasunari neurria hartzeko, garrantzitsua da lurraldean biztanleriaren banaketa zein den ezagutzea, hau da, non kokatzen da Euskal Herriko biztanleria? Horixe da hurrengo irudian adierazten dena. Horrez gain, errepide sare nagusia eta trenbide ibilbideak gainjarri dira, banaketa horren ardatzak direla agerian utziz.

Oro har, konektibitatea duten eskualdeak dira jendetsuenak, Lapurdiko kostaldetik hasi, A-8 zein N-I ardatzak jarraituz Bizkaiko eta Arabako hiriburuekin lotuz. Iruñerria zein Tutera aldea ere, biztanleria metaketa altuko eskualdeak dira, baina hauen kasuan, inguruko eskualdeak ikusita, esan daiteke hiri handien indar zentripetuaz baliatzen direla. Iparraldeko, Arabako eta Nafarroa Garaiko zenbait eskualde dira dentsitate baxueneko zonaldeak. Taulan eskualderik jendetsuenak eta hutsenak ikus daitezke:

Biztanleriaren banaketa (%), 2014

Iturria: EUSKALGEO, INE, EUSTAT eta INSEE

Konektibitate onena duten eskualdeetan garraio publikoa hobetzen da eta mugikortasun sarea ez dago automobiletara hain mugatua. Hurrengo mapan mila biztanleko auto kopurua1 adierazten da. Ipar Euskal Herrian ez da datu udalerrika jasotzerik izan, baina gainontzeko lurraldeetan ikus daiteke, nola konektibitate eskasena duten eskualdeetan ratioak gora egiten duen nabarmen, baliagarria lurralde osoko joera ezagutzeko.

Mapan gero eta ilunagoa, orduan eta auto gehiago biztanleko, eta horren adibide dira batez ere, Araban eta Nafarroa Garaian kokatzen diren eskualdeak Trebiñu eta Arabako Ibarrak gailentzen direlarik (Taulan ratio altueneko eskualdeak). Mapa aztertuz gero, koloreek aurreko maparekiko alderantzizkoa erakusten dute. Zenbat eta biztanle dentsitate altuagoa (konektibitatea hobea) auto kopuru murritzagoa.

Automobilen ratioa, 2014 (auto/1000 biztanleko)

Iturria: EUSKALGEO, INE, EUSTAT eta INSEE

Erronkak, gaurtik bihar

Udalerri bakoitzak oinarrizko zerbitzuetara duen irisgarritasuna aztertu eta bataz besteko distantziak aintzat hartuz, euskal geografiak ageriko bi espazio adierazten dizkigu: zerbitzuz eskuragarriak dituena, Kostaldea, Bizkaitik Lapurdiraino, hegoaldeko hirigune nagusiak hartuz, Gasteiz, Iruñea eta Tutera; eta barnealdeko ardatza Ebro ibarretik ekialderaino doana gainerakoak baino nabarmen irisgarritasun gaitzagoa duena. 

Inoiz demografikoki osasuntsu izan ziren eremuak adin egituraren aldetik (zahartzea, belaunaldien arteko ordezkapen defizitarioa, gazteen emigrazioa…) gero eta ezaugarri negatiboagoak dituzte. Oinarrizko zerbitzuen diseinuan lurraldea biziberritzeko xedea aplikatu ezean, murrizketa politikak desoreka demografikoa eta sozioekonomikoa dakar. Bestela esanda, zerbitzuak eskura izan gabe, nekez errotzen da populazioa. Honek guztiak, hurrengo urteei begira Euskal Herrian lurralde antolamenduaren auzia lehen mailan jartzea eskatuko du, estrategia eraginkorrak bilatzeko desoreka geografikoak gainditu eta lurralde osoa biziberritzeko.

(1) Auto bezala kontsideratu da DGTk “Turismo” gisa sailkatzen duen ibilgailu oro.