Mugaz gaindiko lankidetzarako herrenka

Lankidetza jarduera asko eta oso izaera desberdinetakoak ditugu Euskal Herrian. Jarduera gehienak, ordea, eragileen borondatean dute oinarri eta falta da halako jarduerak sustatu, babestu eta bideratzen dituen arkitektura funtzional bat, Europako Batasuneko hainbat eremu mugakideetan dagoenaren antzekoa.

Finantza baliabideen arazoa ez duten proiektuen atzean, diru-laguntzen iraupenari loturiko aldi baterako aliantzak nagusitzen dira. Eremu honetan, aipatzekoa da Ipar EHn formalizatzen diren mugaz gaindiko lankidetza proiektu gehienak Hego EHri begiratzen diotela.

Hego Euskal Herriko eragile nagusien joera ez da bera hainbat arlotan, ekonomian, formazioan zein berrikuntza esparruan beste aliantza asko gertatzen baitira, batez ere Akitaniako metropoliarekin, askotan Ipar EHn zer dagoen ezagutu ere egin gabe. Ikusteke dago Ipar Euskal Herria elkargo bakarrean eratzeak errealitate honetan duen eragina.

Ekimen sozialak bultzatutako lankidetzaren esparruan, finantzazioa arazo bat izan ohi da, lankidetza esperientzien gaineko informazio eroale, saregile, gutxi dago eta zailtasun administratiboak handiak dira eragile txikientzat. Euskara, harreman pertsonalak, herri kontzientzia eta gertutasun geografikoa, ostera, mugaz gaindiko lankidetzarako indarguneen artean dira.

Bestaldetik, Nafarroa Garaia eta EAE arteko lurralde arteko hartu-emanean zenbait gorabehera gertatu dira azken urteotan. Esaterako, ikus daiteke nola lehen sektorearen eta elikagaien industriaren bolumenek gora egin dutela, bai eta EAE eta Nafarroako autokontsumoak ere. Baina hala ere, erkidego bi hauen arteko hartu-eman komertzialak behera egin du. Bidasoako muga administratiboarekin gertatu ez bezala, Nafarroa Garaia eta EAE arteko harremana historikoki estua izan da, baita ikuspuntu makroekonomikotik ere. Osagarritasun handiko ekonomiak dira, eta elikagaien esparruan, Nafarroa Garaiko produktuen merkaturatzeak atzera egin du beste jatorri batzuetakoen aldean.