Azken 28 urteetan aurreko historia osoan bezainbat lurzoru artifizializatu da Euskal Herrian

1990az geroztik Euskal Herriko lurraren erabilerak aldaketa nabarmenak izan ditu. Nekazaritzarako lurretan 80.400 hektarea galdu dira eta artifizializaturiko azalera bikoiztu egin da. Afekzio kritikoenak nekazaritza lurra urri den eremuetan gertatu dira. Corine Land Cover Europar Batasunak lurraren erabilera jarraitzeko daraman satelite bidezko programak 2018ko azterketaren emaitzak argitaratu berri ditu eta Gaindegiak Euskal Herriko lurralde eremuari dagozkion ustiapenak egin ditu. Neurtaldi honekin bost dira egindakoak eta 1990az geroztik izandako bilakaera aztertu daiteke.

Euskal Herriak 20.900 km2 ditu, eta ezagutu berri den neurketaren arabera, azalera horren %58a basoa eta eremu naturala da, %38a nekazaritzarako lurrak, %4a eremu artifizializatua, eta beste %0,5a, hezeguneak eta ur azalerak dira. Azken hiru hamarkadetan artifizializaturiko azalera bikoiztu egin da: 1990 urtean 37.500 hektarea ziren, eta 2018 urtean, 79.300 dira. Epe berean, baso eta eremu naturalak ere nabarmen zabaldu dira. Artifizializazioaren eta baso zein eremu naturalen hedapenak nekazal lurren murrizketa handia eragin du.

Landa lurraren galera

Euskal Herrian nekazaritzarako 787.300 hektarea daude egun, 1990 urtean baino 80.400 hektarea gutxiago. Hiru hamarkada hauetan galdutako nekazal lurraren erdia artifizializatu egin da (41.900 ha), hots, zaila da nekazaritza jardueretarako berreskuratzea. Beste 35.500 hektarea baso eta eremu natural bihurtu dira.

Landa lurraren galera handiena denbora epe mugatu batean eman zen, 2000/06 bitartean. Sei urteko epe horretan nekazal jardueretara bideratutako 69.000 hektarea galdu ziren, Hego Euskal Herrian hirigintza jarduera bizi-bizi zegoenean. Hala, galera handia izan zen Gipuzkoan (-%13,2), Bizkaian (-%11,0), Nafarroa Garaian (-%9,7) eta Araban (-%7,0). 2006/18 epealdian, ordea, landa lurraren galera handiena Bizkaian (-%5,7) eta Lapurdin (-%3,7) gertatu da. Bien bitartean, Gipuzkoak (+%3,2) eta Nafarroa Garaiak (+%0,3), apalki bada ere, nekazal lurrak berreskuratzeari ekin diote.

1990/2018 epealdiari bere osotasunean begiratuta, azpimarratzekoa da Iruñerrian, Errobi Aturrin, Zangozerrian, Estellerriko Mendebaldean, Donostialdean, Bidasoa Beherean eta Plentzia-Mungian emandako nekazal lurren galera. Euskal Eurohiriaren eremua nabarmen artifizializatu da epe horretan, bai eta etxebizitzen eraikuntza eta bestelako azpiegiturak metatu dituzten beste zenbait eremutan ere.

Lurraren artifizializazioa

Nekazal lurren galera eragin duen fenomeno nagusia artifizializazioa izan da. 1990/2018 epealdian etxebizitzetara, azpiegituretara edota bestelako jarduera ekonomikoetara bideratutako lurren azalera bikoiztu egin da, eta, egun, 79.300 hektarea daude artifizializatuta. Hala, artifizializazio maila handieneko herrialdeak Lapurdi (%16,7) eta Bizkaia (%8,3) dira.

2000/06 epealdian artifizializazio prozesua bizkortu egin zen, Hego Euskal Herriko joerari jarraiki: Nafarroa Garaian (8.600 ha), Bizkaian (7.000 ha), Araban (5.200 ha) eta Gipuzkoan (4.100 ha). Orotara, 24.900 hektarea artifizializatu ziren. Lurraren artifizializazioan atzera egitearen zailtasunak, ordea, handiak dira, eta horren adibide da, 2012/18 epealdian eremu artifiziala izateari utzi dion lurralde eremu txikia (48 ha).

1990/2018 epealdian eremu artifiziala nabarmen handitu da Euskal Kostaldea-Aturrin, Bilbo Handian, Errobi Aturrin, Iruñerrian, Donostialdean, Durangaldean, Errobin eta Plentzia-Mungian. Bilakaera hori medio, bere azalera osoaren %10 baino gehiago artifizializatuta duten eskualdeak hurrengoak dira: Euskal Kostaldea-Aturri (%73,3), Bilbo Handia (%29,8), Bidasoa Beherea (%17,8), Errobi Aturri (%17,4), Donostialdea (%15,7), Hego Lapurdi (%14,9), Iruñerria (%11,4) eta Errobi (%11,3).

Iraunkortasun irizpideak

2015 urtean Nazio Batuen Erakundeak 2030 urtera begirako Garapen Iraunkorrerako Agendaren barruan lurreko ekosistemak zaindu eta gordetzea lehentasunen artean jarri zuen. Bizitzari eusteko oinarriak babestea du helburu, hala nola, inguru naturalak eta landa lurrak, eta horren bitartez ur garbia, aire garbia edo elikagai osasuntsuak izatera iristea. Xede horrekin, lurren artifizializazioa eten eta narriadura atzera bidean jartzea proposatzen du. Ildo horretan, 2020 urterako ekosistemen eta aniztasun biologikoaren balioak nazio zein ikuspegi lokaleko lurralde planifikazioan uztartu nahi ditu.

Euskal Herria ondasun natural handiko lurraldea da baina azken hiru hamarkadetan landa lurraren galera nabarmena izan da, batez ere, hirigune (-%22,3) eta bitarteko hirigunean (-%12,3). Landa lurraren galerak ez du inpaktu bera euskal geografia osoan, Kantauri isurialdean lur goldagarria eta laua urriagoa da, eta hain zuzen ere, isurialde horretan daude artifizializazio maila handiena duten eskualde gehienak. Etorkizuneko erronkek adierazten dute ekosistema naturalak gordetzeko eskala lokaleko egitasmoak beharko direla, eta horien artean gaurdaino babes urria izan duen nekazaritzako lur lauaren babesa.

Etiketa orokorrak: Euskal Herria