Gaindegia Txostena 2009: Adituen analisia -- Ana Beraza

Finantza-erakundeek ekonomia errealari emandako erantzuna
Ana Beraza

Krisiaren hasieran Euskal Herrian egoitza duten kreditu-erakundeen abiapuntua askoz hobea zen Espainiako Estatuko finantza- entitate askoren aldean, beren balantzeetan azaltzen ziren kaudimenak, likideziak eta errentagarritasunak adierazten zuten bezala.

Aipagarria da, euskal erakundeek ekonomia errealaren arazoari emandako erantzun positiboa. Gobernu zentralak zein autonomikoek kredituak familietara eta enpresetara iritsi ahal izateko abian jarri dituzten hainbat programatan parte hartzen ari dira euskal kreditu-erakundeak.

Ana Beraza
EHUko irakaslea

Espainiako Gobernuak, Aktibo Finantzarioren Eskuraketarako Funtsa (FAAF) programaren bidez, kreditu-erakundeei likidezia eman nahi zien, azken horiek familiei eta enpresei kreditua eman ahal izateko. Programa horretan, euskal finantza-erakundeek parte hartu zuten, BBVA, Banco Guipuzcoano eta Bankoa izan ezik. Bertan parte hartzeko arrazoi nagusia ez zen likidezia-arazoak jasatea, baizik eta finantzaketa merkea lortzea. Izan ere, funtsaren bidez lortutako finantzaketaren interes-tasa erakargarria zen, eta balantzea egonkortzea ahalbidetzen zuen. Guztira, 648 milioi euro lortu zituzten euskal finantza-erakundeek.

Horrez gain, euskal finantza-erakundeek zenbait jaulkipen (hipoteka-zedulak, lehentasunezko partaidetzak, titulizatutako maileguak, etab.) aurrera eraman dituzte, beren kaudimenmaila zein likidezia-egoera hobetzeko asmoarekin. Eragiketa horiei guztiei esker, pasiboko eragiketen bidez (ageriko eta eperako gordailuak) lortu dituzten baliabideekin batera, kredituak ematen jarraitzeko nahikoa likidezia eskuratu ahal izan dute.

Bestalde, Espainiako Gobernuak, ICO institutuaren bidez, enpresak eta familiak finantzatzeko garatu dituen hainbat programatan euskal finantza-erakunde guztiek parte hartu dute. Gainera, Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin ez ezik, enpresa-elkarte askorekin ere hainbat lankidetza-hitzarmen sinatu dituzte. Beraz, nabarmena da euskal finantzaerakundeek euskal gizartearekin duten konpromisoari eusteko asmoa.

Konpromiso hori modu zehatzagoan aztertzeko ikus 31. orrialdea. 2009ko irailera arte, euskal aurrezki-kutxek eta kreditu- kooperatibek argitaratu dituzten datuak analizatzen badira, bezeroei emandako kredituen hazkunde-tasa moteltzen ari dela egiazta daiteke, baina oraindik positiboa da. Berankortasunari dagokionez, berankortasun-indizearen hazkundetasa igo egin da, oro har, baina estatuko indizearen azpitik dago. Euskal entitateek bezeroekiko duten hurbiltasunari esker, familien eta enpresen egoera sakonki ezagutzen dute. Hori dela eta, berankortasunarazoak sortu baino lehen, aukerazko soluzioak bilatzen saiatzen dira entitateak, hala nola, zorra birfinantzatzea, maileguen iraupena luzatzea edota interesen etenaldia. Bestalde, berankortasun-estalduraren jaitsiera jarraitzen du, berankortasun- tasa handitzen den heinean, baina estatuko portzentajea baino handiagoa da.

Euskal finantza-erakundeen likidezia-egoera ona da, etorkizunean maileguak ematen jarraitu ahal izateko. Gainera, euskal finantza-erakunde batek ere kaudimen-arazorik izan ez duenez, ez dute behar izan beren baliabideak handitzeko laguntza publikorik; Nafarroako Kutxak, Caja de Burgos eta Caja Canariak, aldiz, sozietate bat eratu dute eta beren jarduerak bateratu egin dituzte, baina kutxa bakoitzak bere eremu naturalean, eta beste lurraldeetan batera jardungo dute. Eragiketa horren bidez, lehiakortasuna eta eraginkortasuna irabazi eta, era berean, kaudimena eta likidezia sendotu nahi dute; hori guztia FROBen funtsera jo behar izan gabe (egoera zailean dauden finantza-erakundeei eta bat-egiteak bultzatzeko asmoz Espainiako Gobernuak sortutako erreskate-funtsa). Bestalde, BBK Caja Castilla- La Mancha erosten saiatu ondoren, 2010ean bere negozioan zentratuko da, baina bat-egite edo erosketa-prozesuak aurrera eramateko aukera irekita uzten du. Azpimarratu beharra dago, kaudimenari dagokionez, euskal kutxak Estatukoen hamar onenen artean daudela, eta BBK estatuko finantza-sistemako entitaterik kaudimendunena dela.

Eraginkortasunari dagokionez, eraginkortasun-indizea hobetu egin da kasu guztietan, ustiapen-gastuen murrizketaren ondorioz. Hala ere, euskal finantza-erakundeek Euskal Herritik kanpo dituzten sukurtsal batzuk itxi arren, Euskal Herrian duten bulego-kopurua mantendu edo handitu egin dute.

Haatik, euskal bankuek, euskal aurrezki-kutxen eta kreditu- kooperatiben aldean, kredituen hazkunde-tasa negatiboak dituzte eta berankortasun-ratio altuagoak erakusten dituzte. Hala ere, beren kaudimen, likidezia eta eraginkortasun egoerak ere onak dira.

Bestalde, finantza-erakundeek ekonomia errealaren arazoari aurre egiteko diseinaturiko hainbeste plani esker, enpresen finantzaketa-arazoa murrizten ari da. Dena den, oraindik ere, Adegik 2009ko irailean egindako abaguneko inkestaren arabera, hamar langiletik gorako gipuzkoako enpresen % 38k oraindik arazoak dituzte, bai finantzaketa lortzeko, baita zorra birfinantzatzeko ere. Gainera, Eusko Jaurlaritzako kontsumorako bulegoak ohartarazi du desberdinak direla kreditu-erakundeen artean ez ezik, finantza-entitate bereko sukurtsalen artean ere hipoteka-kredituak emateko ezarritako baldintzak eta erabiltzen diren irizpideak. Izan ere, sukurtsal bakoitzaren kudeatzailearen eskuetan uzten da baldintzen negoziazioa.

Horrez gain, finantza-erakundeek kreditua murrizten dutenean, elkarrekiko garantia-elkarteen jarduera sendotu egiten da, enpresei inbertsioak egiteko finantzaketa erraztu egiten baitie.

Gauzak horrela, egungo ekonomia eta finantza egoeran, inoiz baino garrantzitsuagoak dira elkarrekiko garantia-elkarteek kreditu-erakunde nagusiekin sinatutako lankidetza-hitzarmenak. Izan ere, finantzaerakunde horiek abalatutako enpresei ematen dizkieten mailegu guztiak itzuliko zaizkiela bermatzen die entitateei.

Urteko formalizazio- bolumenari dagokionez, Estatuko hogeita bi elkarrekiko garantia- elkarteetatik, Oinarri eta Elkargi lehenengo hamarren artean daudela azpimarratu beharra dago. Hain zuzen ere, 2009ko lehenengo bederatzi hilabeteetan Oinarrik jardueramaila hirukoiztu egin du, eta formalizatutako abalak % 195 handitu. Elkargik ere jarduera bikoiztea aurreikusten du 2009 urtearen bukaerarako. Hazkunde nabarmen hori 2009ko hasieran Elkargik eta Oinarrik Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako zirkulatzaile- beharren finantzaketa-lerroen ondorioa izan da. 2009ko irailaren bukaerarako, eta aurreko urteko epealdi berarekin alderatuz gero, Elkargiren abal-jarduera nagusia % 6,3 gutxitu da (zirkulatzailearen finantzaketa-lerroaren eragina kontuan hartu gabe). Bi finantza-erakundeek aipatutako finantzaketa-lerroetara aurkeztutako eskaeren % 80 onartu dute gutxi gorabehera. Horren guztiaren adibidea da, Nafarroa Garaian ere, Sodena Elkarrekiko Garantia Elkartearen jarduera. Bere funtzio nagusia betetzen ari da, Nafarroako Gobernuak krisiari aurre egiteko garatutako planaren barruan.

Bestalde, arrisku-kapitaleko erakundeen kasuan, Espainiako Arrisku Kapitaleko Erakundeen Elkartearen arabera (ASCRI), 2009ko lehen bederatzi hilabeteetan, eta iazko epealdi berarekin alderatuz gero, erakunde horiek Espainian egindako inbertsioa % 49 eta eragiketa-kopurua % 13 jaitsi dira. Testuinguru horretan, ASCRIk 2008an burututako arrisku-kapitaleko eragiketarik onenak saritu ditu, eta horien artean bi euskal finantza- erakundek sariak jaso dituzte: Gestión de Capital Riesgo del País Vasco eta Diana Capital erakundeek, Progenika Biopharma eta Indal Taldea enpresen eragiketetan parte hartzeagatik, hurrenez hurren.

Beraz, aztertutako datu guztien arabera, Euskal Herriko erakundeek, oro har, estatuko lehiakide askorekin alderatuz gero, kaudimen-maila altuagorekin eta berankortasun-tasa gutxiagoekin aurre egingo diote hurrengo ekitaldiari. Baina, 2010. urtean nazioarteko, estatuko eta erkidegoetako hainbat sustapenpolitika desagertzen badira, ahuldu egin daiteke enpresei eta familiei kredituak emateko gaitasuna. Bestalde, BEZaren eta Europako Bankuak aurreikusitako interes-tasa ofizialaren igoerek eragin negatiboa izango dute kreditu-eskaeretan.

Likideziarik ezak, kreditu eskasak eta berankortasun handiak osatzen dute sorgin-gurpila, eta zaila izango da irtenbide bat aurkitzea. Egoera ez da aldatuko ekonomia suspertu, langabezia eta berankortasuna gutxitu, eta enpresaburuek inbertsioak egiteko erabaki-gaitasuna berreskuratu arte.

EUSKAL FINANTZA ERAKUNDEEN KUDEAKETA ADIERAZLEAK, 2009ko irailean

1. Euskal kutxak eta kreditu - kooperatibak

2. Euskal bankuak.