Gizarte babesa eta ongizatea Euskal Herrian

Euskal Herrian gizarte babesera bideratutako gastua BPGren %24,2a izan zen 2016an, gastu maila apala erreferentziazko herrialdeekin alderatuz gero. Urte berean Europar Batasunean (EB-28) gastu hori BPGren %28,1ekoa izan zen bataz beste. Euskal Herriko gizarte babesa oso urrun kokatzen da Frantzia (%34,5), Finlandia (%31,9), Danimarka (%31,1) edota Suediako (%29,6) gastu mailatik. Horiek ezezik, Greziak, Portugalek edo Espainiar estatuak ere Euskal Herrian gizarte babesari eskainitako BPG maila gainditzen dute.

Ipar Euskal Herriko gizarte babesa Frantziar estatuaren parekoa bada ere, Hego Euskal Herrian BPGren %22,4an kokatzen da (2016). Gizarte babesari dagokionez, hortaz, Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko desberdintasunak handiak dira, baita erretiro pentsioen estaldura mailan ere. Frantziar estatuak gutxieneko bizi-baldintza duinak bermatzen dituen eredu bat garatu du luzaroan eta horrek badu isla Ipar Euskal Herrian, nahiz eta ezbaian egon orain hartu beharreko norabidea. Espainiar estatuko gizarte babesa, ordea, eredu mediterraneoan oinarrituta dago eta ez du halako estaldura eskaintzen, nahiz eta Hego Euskal Herriko egitura ekonomiko sendoagoak ahalbidetutako mekanismo propioen bidez (Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta Euskal A.En, eta Errenta Bermatua, Nafarroa Garaian) zenbait esparruetan gizarte babeseko estaldura Espainiar estatuan baino sendoagoa bihurtu.

Senideen eta seme-alaben ardura duten familientzako gizarte babes apalenetarikoa dugu Hego Euskal Herrikoa (BPGren %0,8a), belaunaldi ordezkapen traketsa eragingo duen krisi demografiko baten erdian bagaude ere. Urte berean, Europar Batasunean (EB-28) horretara bideratu gastuak BPGren %2,4a osatu zuen.

Gizarte babesa eta ongizatea

Iturriak: EUROSTAT, Espainiako eta Frantziako Gizarte Segurantzak, INSEE, INE, EUSTAT eta NASTAT. GAINDEGIA.