Skip to main content

Metropolizazioaren presio urbanistikoak gazteen emantzipazioa zailtzen du

Etxebizitza eskuratzea eztabaida sozial handia eragiten duen eskubidea da. Eusko Legebiltzarrak, lehenik, eta Nafarroako Gobernuak ostean, etxebizitzarena eskubide subjektiboen mailan jarri dute. Alta, gazteen emantzipazioa etxebizitza eskuragarritasunak, egonkortasun ekonomikoak eta formazio aroaren luzapenak baldintzatua dago.

2008ko irailean Lehman Brothers eta AIGk Euskal Herritik milaka kilometrora nozitu zuten porrot ekonomikoak Euskal Herriko etxebizitzen salneurrian eragin zuzena izan zuen. Garai hartan, Euskal Herriko etxebizitzen salneurriak etengabeko hazkundean zeramatzan hainbat urte, oso modu nabarmenean Hego Euskal Herrian Espainiar estatuko higiezinen burbuilaren testuinguruan. Beraz, 2008ko udazkena mugarri, Hego Euskal Herrian etxebizitzen salneurria apaltzeko joera hasi zen, 2016 urtean behea jo arte. 2017 urtean etxebizitzen salneurriaren beheranzko joera eten egin zen. Orain, COVID-19ak sorrarazitako larrialdiak inflexio puntu berria izan daiteke. Hemendik aurrera, ziklo berri honetan, ikusteke dago etxebizitzen salneurria egonkortu edo apaltze joeran jartzen den. Ez dago Ipar Euskal Herriko etxebizitzen gaineko datu ofizialik bilakaera aurrerantzean zehaztasunez aztertzeko, baina bertakotutako hirigintza merkatuaren logikan pentsatzekoa da azken urteotan bezala salneurria Hego Euskal Herrian baino egonkorrago mantenduko dela.

Testuinguru batean zein bestean, gazteak emantzipatzeko zailtasunak indarrean

Euskal gazteek ez dute emantzipaziorako erraztasunik. Krisi aurreko etxebizitzen bataz besteko salneurria oztopo handia zen, eta salneurria apalagoa den honetan, prekaritate zantzu handienak nozitzen dituen kolektiboaren erosahalmenean zailtasun berriak egituratu dira. Gazteen Euskal Behatokiaren arabera, jabetzan etxebizitza bat eskuratzeko 18-34 urte bitarteko Euskal A.E.ko gazte bat bere soldataren %54,9a horretara bideratu beharrean dago (2016). Halere, proportzio hori %98,9koa zen 2007 urtean.

Parametro horien arabera emantzipaziorako zailtasun erlatiboak azken urte hauetan handitu ez badira ere, 2017. urtean Euskal A.E.ko 15-29 urte bitarteko gazteen %45,6a emantzipazio nahia gauzatu ezinean ibili da. Ezintasun hau oso agerikoa izan da, esaterako, 20-24 urte bitartean (%56,6). Gauzak horrela, Hego Euskal Herrian emantzipaziorako bataz besteko adina 30 urteen bueltan kokatzen da, eta Ipar Euskal Herriko kasuan, aldiz, 23 urteren bueltan. Testuinguruan jartzeko, Europar Batasunean emantzipazioa 26 urteren bueltan gauzatzen da, eta Danimarka edo Suedia bezalako herrialdeetan, aldiz, 19-20 urte bitartean. Hego Euskal Herriko gazteen emantzipazio berantiarra aspaldiko fenomenoa da, etxebizitza eskuragarritasunak, egonkortasun ekonomikoak eta formazio aroaren luzapenak baldintzatua. Hori bai, emakumezkoek emantzipaziorako hautuaren alde gizonezkoek baino pare bat urte lehenago egiten dute Euskal Herrian.

Alokairuzko parkea txikia da eta merkatuaren logikak etxebizitza jabetzan eskuratzearen aukera indartzen du

Azken urteotan etxebizitzen merkatuak izandako aldaketen ondorioz, etxebizitzen alokairuaren garestitzea agerizkoa izan da. Krisiaren lehenengo urteetan etxebizitza salerosketen uzkurtzeak alokairuzko etxebizitzen garestitzea eragin zuen, ostean prezioak egonkortu eta, 2017 urtetik gaur arte, prezioen gorakada nabarmena izan da. Hala, hilez hileko ekonomiaren ikuspuntutik, 2014 urteaz geroztik eskuragarriagoa da etxebizitza bat jabetzan eskuratzea alokairuan bizitzea baino. Egungo lan merkatuan epe luzeko konpromiso ekonomiko baten alde egiteko gazteek izan ditzaketen egonkortasun ekonomikorako perspektiba bestelako kontu bat da, ordea.

Edonola ere, alokairuko etxebizitza parkearen presentzia ez da zabala gurean: erabilera iraunkorra duten Euskal Herriko etxebizitzen %16,3a alokairukoak dira (2019). Hego Euskal Herrian %13,5 dira halakoak (2019), eta Ipar Euskal Herrian %38,7 (2016). Badira, beraz, bi errealitate Euskal Herrian. Horrela, jabetzaren kultura nagusitzen da euskal lurraldean, Hungaria edo Poloniaren pare, eta urrun geratzen da Alemania (%48,3) edo Frantzia (%35,1) bezalako herrialdeetako alokairuko parkearen presentzia. Europar Batasunean ere, kopuru hori %30,8koa da.

Etxebizitzen salneurria medio, belaunaldien arteko segregazio geografikoa suspertzen ari da

Joera nagusi gisa, Euskal Herriko geografian barrena etxebizitzaren erabilera iraunkorra jarduera ekonomiko handieneko eremuetan metatzen da. Eremu hauetan bizi da biztanleriaren gehiengoa, eta hain zuzen ere, etxebizitza merkatuaren gaineko presiorik handiena bertan kokatzen da. Horrela, etxebizitza eskuratzeko zailtasun handiena eremu hauetako udalerrietan ematen da: etxebizitzaren salneurri garestiena Miarritze (5.568 €/m2), Angelu (4.386 €/m2), Donostia (3.811 €/m2), Baiona (3.310 €/m2), Getxo (3.021 €/m2), Leioa (2.538 €/m2) edo Bilbon (2.513 €/m2) kokatzen da. Baina hiriburuen presio urbanistikoaren eraginpean diren errenta apaleko udalerrietan ere etxebizitza eskuratzea ez dago edozeinen esku, esaterako, Portugalete, Santurtzi, Basauri edo Barakaldon, eta are gutxiago, metroa haraino iritsi ondoren.

Salneurri hauek urrun xamar daude Maule-Lextarre (976 €/m2) edo Tutera (1.058 €/m2) bezalako udalerrien errealitatetik, lurraldearen gaineko aukeren eta koherentziaren gainetik inertzia ekonomikoak nagusitzen ari direlaren seinale. Belaunaldi gazteek etxebizitza eskuratzeko zailtasunei eransten zaion dimentsioa da honakoa: etxebizitza bat eskuratzerako orduan hiriburuko etxebizitza merkatuaren gaineko presioak Donostialdeko gazteak metropoliaren periferia geografikoan kokatzen ditu. Logika bera nagusitzen da, esaterako, Miarritze-Angelu-Baionako aglomerazioan, non ekonomia erresidentzialaren logikan bigarren etxebizitzen proportzioa handia da, gainera. Ondorioz, neurriak hartu ezean, hirigintza merkatuaren logikak belaunaldien arteko segregazioa indartzen du euskal geografian. Eskala desberdinetan gertatzen ari den fenomenoa da hau.