Arabako kuadrillak: lurraldearen iraunkortasuna neurtzen

Europako Batasunaren irizpideak jarraituz, Euskal Herriko udalerrien sailkapenaren arabera lurraldearen %80,4 landa eremutzat hartu behar da. Aitzitik, Euskal Herriko biztanleriaren %82,6a hiriburu eta eremu urbanoetan bizi da (lur-azaleraren %17,4an). Aldaketa hau hamarkada gutxitan gertatu da, eta Euskal Herriak dagoeneko NBE-k 2050 urterako aurreikusitako indize globala gainditzen du.

Araba da alde horretatik, euskal lurraldeen artean hiriaren eta landaren arteko desorekarik argiena duen herrialdea: biztanleen %75,1 hiriburuan bizi da, lurraldearen %8,5ean, Trebiñu ere aintzat hartuta. Horregatik, lurralde monozentrikoaren adibidetzat har daiteke Araba. Bere baitan bi lurralde egitura bizi dira. Zaharrena, lurralde polizentrikoarena, bailara eta kuadrillak bere baitan dituena. Eta berriena, lurralde monozentrikoarena, Gasteiz inguruan egituratua eta Espainiako 36ko gerraren ondorengo hamarkadetako ingurumarian garatua. Araba, beraz, orain hamarkada batzuk egituratutako lurraldearen dinamika nozitzen ari da, izan ere, hiriburua hazkunde ekonomiko, demografiko eta urbanistikoa ardatz zuen orduko garapen desorekatuak ari da gaur egungo lurralde desorekak eragiten. Esan daiteke ereinda daudela Araba desorekatzeko joera izango duten eragile nagusiak.

Ikuspegia eta baliabideak beharko dira egoera iraultzeko. Arabako egoerak konplexutasun handi bat du bere baitan itxaropenerako aukera ematen duena. Araba Europako, penintsula iberiarreko eta Euskal Herriko ardatz ekonomiko eta funtzional nagusiekin ongi lotuta dago. Kokapen horrek hainbat eskualderi jarduera ekonomiko berritzaile zein estrategikoen eremuan (elikagaiak, osasuna, energia berriztagarriak …) kokatzeko aukera eskaintzen du eta, aldi berean, dibertsitate produktiboa lantzeko parada. Halaber, ongizatearekin lotzen diren egituretatik hurbil dago. Galdera, beraz, horren baitan dago: lurralde eredu monozentrikoa indartzen duten urratsak sustatu ala lurralde polizentrikoa garatzeko kuadrilla bakoitzaren aukerak indartu eta sustatu, iraunkortasun paradigma integral baten bidetik?

Jasangarritasuna helburu duten estrategia guztien aldetik landa eremuari eginkizun estrategikoa aitortzen bazaio ere, Europar Batasunean aplikatu diren nekazaritza politikek ez dute balio izan zonalde horietan biztanleria eta aktibitatea errotzeko. Halaxe aitortzen du Europar Batasunak berak nekazaritza politikari buruzko liburu berdean (1985). Beraz, bide berriak aztertu behar dira aspaldiko inertziak apurtzeko eta eredu iraunkor batean pertsonak zein jarduerak errotuz lurraldea biziberritzeko.

Lan honen xedea Arabako kuadrillen argazki sozioekonomikoa egitea da. Argazki honetan, ordea, lurralde eremu bakoitzak iraunkortasun estrategia bat garatzeko dituen parametroen neurketan eta konparazioan arreta berezia jarri da. Hau da, zein dira kuadrilla bakoitzaren ezaugarriak? Ezaugarri horiek zer diote kuadrillek izan dezaketen bilakaeraz? Azken batean, non daude kuadrilla bakoitzaren indarguneak, non ahuleziak? Horregatik, azterlan hau lau ataletan egituratzen da: lurralde egitura eta mugikortasuna; jarduera eta egitura ekonomikoa; kohesio soziala eta metabolismo demografikoa. Gai horien baitan arreta berezia egiturako auzietan jarri da, hala nola, mugikortasunean, ekipamenduetan, jarduera ekonomikoetan, biztanleria aktiboaren kualifikazioan, enpleguan, herritarren errenta-mailan, enpleguaren genero desorekan edota egitura demografikoaren ordezkapen gaitasunean ere bai.

Esandakoak, beraz, balio izango du Arabako kuadrilla bakoitzaren baitako xehetasun garrantzitsuak ezagutu eta etorkizunari begira bere baitan dituen aukerak ezagutzeko.

Txostena deskargatzeko sakatu bisore azpiko loturaren gainean.

 

***OHAR GARRANTZITSUA: Txostena bi orrialdeka bistaratzeko prestatuta dago. Horrela ikusteko deskargatu PDF dokumentua, webean orrialdeak banaka erakusten baititu.

Etiketa orokorrak: Iraunkortasuna