Skip to main content

[IRITZIA] Gure langabezia, Imanol Esnaola, Gaindegiako Koordinatzailea

Radio Euskadin Espainiako langabeziaz aieneka ari dira goizeko tertulian lerro hauek idazten ditudan bitartean, atzerrira begira arazoa etxean izanda.

Euskal Herriko langabeziaren bilakaerak Europako sailkapenean azken postuetan jarri gaitu urte gutxian. Lurralde batetik bestera alde handia badago ere, gure ekonomia eta gizartearen egungo ezaugarriak aintzat hartuta, pentsatzekoa da hurrengo hilabetetan langabeziak handitzen jarraituko duela. Halaber, esan dezakegu gaurkoz ekimen ekonomiko berriek ez dutela lanik gabe dagoen herritar multzo handi hori enplegatzerik izango.

Euskal egitura publikoek sustapen, formakuntza eta babes sozialerako dituzten baliabideek ez dirudi egoera berri honetan gizartearen kohesioari eutsi eta langileei kalitatezko enpleguetan jardunean jartzeko gai izango direnik, izan ere, beste garai baterako sortuak izan ziren.

Egoera honetan harrigarria gertatzen da ez egotea akordio estrategikorik (eta aurrekonturik) babes soziala bermatu eta lanik gabe daudenak lan merkatura trebatuta ekartzeko. Pertsona, baliabide eta finantzazio mailako mobilizazio nagusi bat ezinbestekoa da, “Jaiki Euskal Herria” izeneko plan bat, lurraldeka eta sektoreka uztartua. Horrela baino ez da etorriko arazoaren tamainako erantzunik.

Gauzak honela, pentsatzekoa da auzi honi eman beharreko erantzunak nazio mailako adostasunak eskatzen dituela, bai berehalakoan dauden arazoak arintzeko, bai epe ertainera aldaketa esanguratsuak lortzeko, alderdi politikoen aitzindaritza ez da aski izango. Horrek, halaber, baliabide ekonomikoak, azpiegiturak, formakuntza-gaitasuna indartzea eskatzen ditu eta gizartea mobilizatzea. Herri eredua eta etorkizuna dira auzitan daudenak, erantzunak parekoa behar du izan. Madril eta Parisko murrizketek eragotzi behar ote digute geure ekonomia eta gizartearen garapena?

Imanol Esnaola.