Skip to main content

[IRITZIA] Nekazaritza, beharrezko apustua, Unzalu Salterain, Abeltzaina eta EHNE-Bizkaiako Ejekutiba kidea

Gaindegiak eginiko lan hauen garrantzia azpimarratuz (LEHENENGO SEKTOREA, hamar urtean erretiro jendetsua) hasi gura nuke, nekazaritza sektorean bereziki nabarmena baita datu estatistikoen falta. Eskasia gutxi ez eta, batetik zein bestetik azaleratzen diren datuak elkarren artean kontraesanean daudela ikusi behar izaten dugu. Are okerragoa dena, errealitateari berari ere kontra egiten diote hainbat datuk.

Adibide garbienetako bat FEGA (Fondo Español de Garantía Agraria) laguntzei dagokiena da. Hego Euskal Herrian 26.000 pertsonak jasotzen dituzte laguntzok. Ondoriozta genezake, beraz, badirela kopuru hori adina baserritar. Baina ez da horrela, askoz gutxiago dira. Diru laguntza publikoa jasotzeak ez baitu ziurtatzen baserritar izatea, baserritar izateak diru laguntza jasotzea ziurtatzen ez duen bezala.

Nekazaritzari buruz plazaratutako azterketa guzti-guztiak bat datoz, hala ere, konklusio batean: sektorea zaharra da eta 10-15 urte barru oso zaharra izango da, ez baitago erreleborik. Baserrian dabiltzan gehienak jubilatuak dira.

Nekazaritza sektoreari hotzean begiratuz gero, arazoa baino ez da ageri. Derrotismoan erori barik, jarrera negatiboak gainditu eta konponbideak modu positiboan bilatzeari ekin beharra dago. Baserriaren krisi historikoari gainontzeko sektore ekonomikoen krisia batu zaienean, azpimarratu behar da nekazaritza lanpostuak sortzeko aukera ematen duen aktibitatea dela. Horretarako, orain arteko akatsak alboratu eta baserritarrak industriarentzako merke-ekoizle izateari laga behar dio. Baserriaren etorkizuna ekoizpena eta kontsumoa uztartuz etorriko dira, bertako ekoizpena bertako kontsumoari lotu behar zaio.

Eskoletako menuen% jakin bat bertako elikagaiz osatzeak, adibidez, lanpostu asko sortuko lituzke eta umeen elikadura hobetu, bide batez. Oraintsu Euskal Herrian izan dugun Romario Rossattok, Brasilgo baserritar txikien mugimenduko kideak, adibide bat ekarri digu: Brasilgo erakundeek eskainitako jatekoen %30ak, gutxienez, baserritarrek ekoiztutakoa izan behar du. Horrela agintzen du hango Legeak. Hemen ere antzeko pausuak emateko aukera badugu, elikagaien kontsumoa egon badagoelako. Apurka-apurka neurriak hartu daitezke, kontsumoa ekoizpen lokalarekin gero eta gehiago asetzeko.

Instituzioen inplikazioa eskatu beharra dago beste behin, Lezoko Udalak egin duen bezala, 4-5 hektarea baserrian lana egin nahi duten gazteen esku utziz. Lanpostuak sortu, elikagai osasuntsuak ekoiztu, kontsumitzaileen beharrak ase… Nekazaritzaren aldeko apustua eskatzen diegu instituzioei, epe ertain-luzera hasierako inbertsioaren etekinak biderkatu egiten direlako, eta etekinok ez direlako soilik ekonomikoak.

 

Unzalu Salterain Basagutxibeaskoa

Abeltzaina eta EHNE-Bizkaiako Ejekutiba kidea