Skip to main content

[BLOG ESNAOLA] Basque Big Society

Cameron, Erresuma Batuko gobernuburuaren alderdiak (Alderdi Kontserbadoreak) bere gobernu egitasmoen artean “Big Society” izenekoa sustatzea zuen.

Kontserbadoreen proposamenak, hitz gutxitan, gizarte eta herritarren aldetik konpromiso handiagoko aro batera jotzea proposatzen zuen, tokiko egitasmo eta arazoen gaineko interbentzio soziala proposatuz. Azken batean, gure artean “auzolana” deitzen zena hedatzea, herritarrak eta organizazioak tokian tokiko premien alde lanean jartzea.

Hona David Cameronek egitasmoari emandako xedeak:

  1. Tokiko entitateei eskumen (botere) handiagoak ematea.
  2. Jendeari bere hurbileko komunitatean parte hartze aktiboa izan dezan animatu.
  3. Botere transferentzia eremu zentraletik tokiko gobernura.
  4. Kooperatibak, mutualitatea, elkartasun sareak eta enpresa sozialak sustatzea.
  5. Datuak irekitzea, gobernu jarduera garden egitea.

Alderdi Kontserbadoreak bere egiten zuen gobernutik baliabideak jartzeko konpromisoa, besteak beste, sustapena, babesa eta Big Society Bank delakoa horrelako proiektuen finantzazioan laguntzeko, edo Big Society Network proiektuak esperientziak trukatu eta formazioa emateko.

Euskal Herritarrari ez zaizkio arrotz gertatuko “Big Society” delakoari lotutako hainbat ekimen. Euskal gizartearen xede eta amets askok ingeniaritza soziala eta konpromiso zabalean oinarritutako bideak aurkitu dituzte (euskal irakaskuntzan, hedabideetan, herri bideen kontserbazioan,kiroletan…). Geure geurea izan da orain arte interes orokorreko proiektuetan elkartu eta inoren zain gelditu gabe gauzatzeko bidean jartzea.

Nago, ordea, horretan ere atzera egin dugula. Sinisten ote dugu oraindik sustapen sozialean? Bizi ditugun garaiek aldaketa handiak ekarriko dizkigute eta gai izango ote gara ekimen sozialaren egitekoa egokitzeko?

Gai honen inguruan asko dugu hitz egiteko Euskal Herrian. Espainiako Gobernuan Hegoaldeko ondasunak hartu eta ordainetan murrizketa besterik eskaintzen ez duen garaian pentsatu beharko dugu geuk behar ditugun ekimenak nola babestu. Ipar Euskal Herrian antzera gertatzen da, zentralismo jakobinoak Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherea oinarrizko tresnarik gabe bizitzera zigortzen duenez. Hots, zer egingo dugu behar ditugun baliabide eta proiektuak martxan jarri eta mantentzeko? Nolako konpromisoa behar da herritar eta organizazioen aldetik? Zertan lagundu behar dute herri-erakundeek?

Bada bai zertan hausnartu Euskal Herriari bere geroa eman diezaiogun. Enekoitz Etxezarreta ikerlari eta ekonomialariaren tesiak argibide interesgarriak utzi dizkigu Gipuzkoako Hitzan, besteak beste, adinekoak artatzeko zerbitzuez eta ekimen sozialak etorkizunean izan behar lukeen lekuaz. Gogoetari ekingo al diogu?

Imanol Esnaola