Skip to main content

[BLOG ESNAOLA] Smart cities ala Smart territories?

Bilbo hiriari aitortzen zaion merituetako bat smart city edo hiri argia izatearena da. Prospektiban aditu direnek mende honetarako hirien areagotzea iragartzen dute, kontzentrazio urbanorantz doa nonbait mundua eta horrek aukerak sortzen omen ditu baliabideak eskuratzeko, gaitasunak elkartzeko eta finean bizi baldintzak eta ekonomia garatzeko.

Image removed.Euskaldunok badakigu zerbait elkartzeak duen garrantziaz eta horrek dakartzan onurez. Luzatzeko kontua ez bada ere, elkartzeak egin gaitu eta ekarri gaitu honaino. Hasi leinuetatik, segi kooperatibetatik, ikastoletatik, gaueskoletatik eta kultur elkarteetaraino. Elkartu, antolatu eta indartu. Hiru hitz horiek osatu behar lukete euskal armarria (colligere, ordinare et roboretur).

Hirien nagusigo horren alde mintzo direnen diskurtsoan indargune garrantzitsuak ikusten ditut eta ez da kalekume bat izango “kalearen” kontra mintzatuko dena. Nago, ordea, agerikoa izan arren, ez zaigula prozesu horren ifrentzuaz hitz egiten. Zein dira hiritartzearen kalteak? Galdera honi beste galdera batekin erantzun ohi didate… hiritartze prozesuaren arabera omen. Beraz, zergatik mintzatzen gara hiritartzeaz eta ez hiritartze ereduaz? Areago, zergatik ez gara hitz egiten hasten euskal hiritartze ereduaz?

Bilbo smart cityen artean ospetsu egin dutela jakitea berri pozgarria da inondik ere. Bere onurak jaso eta geure baitan esperimentatzeak geroari begira eskarmentua ekarriko digu. Inon egin al da kongresurik Bilboren prozesu urbanoak dakartzan kalteez? Egin beharko litzateke, eta kalteak neurtu, kalte diren jakiteko bederen.

Aste hauetan Jose Luis Bilbaok bi euskal orkestra nagusiak batzeko egindako proposamenak eragin duen kalapitak zerbait erakutsi du, Bilboren hiritartze ereduaz, eta beste lurraldeetako eragileen artean bizi den sentimenduaz.

Bilboren garapen estrategia lideratzen dutenek ez dute aitortzen gainerako euskal lurraldeetatik gizentzen direnik, horren babesean inguruko lurraldeak eta bere ondasunak bere gisa maneiatzeko, nonbait. Eman dezagun honako hipotesia, Bilboko udalerriaz kanpoko gainerako lurraldeek, Larrañetik hasita, uko egiten diotela Bilboren zerbitzuan egoteari. Alegia, Bilbon lurrik topatu ezin duten enpresei lurrik ez uztea, Bilbon lan egin zezaketen profesionalei lanpostuak eskaintzea, Bilbotik atseden bila doazenei oherik edo otordurik ez eskaintzea… hipotesi zoroa, bai, baina horren kontabilitatea egiteak denen begien aurrean jarriko luke, Bilbo ez litzatekeela hiri argi izango gainerako euskal lurraldeen ekarpenik gabe (eta alderantziz, gainerako euskal lurraldeek Bilbo behar dutela, gutxi edo gehiago).

Beraz, Smart City ala Smart Territory? Hiri ala Herri? Bilbo ala Euskal Herria? Kontzentrazio eredua ala hiritartze polinuklearra? Galdera hauei erantzuna aurkitu behar diegu, gainerakoan Bilbo izango da, bai, baina ez Euskal Herririk.

Imanol Esnaola