Skip to main content

[BLOG ESNAOLA] Herri baten gaitasuna

Asko hitz egin da azken urteotan Euskal Herriaren bideragarritasun ekonomikoaz, eta bideragarritasun horretan ikusi du hainbatek independentzia aldarrikatzeko lehengaia. Politikan jarduteko “oportunitate” printzipioa aplikatu behar omen da, eta ekonomiarena, bizi ditugun garaietan, argudio sendoa da. Badira, ordea, gure artean bideragarritasun ekonomikoa landa, burujabetasuna herritartasunean ikusten dutenak. Herri bat garen aldetik, antolatzeko eta geure buruari behar dituen aberastasuna eta ongizatea emateko oinarrizko lanabesa dugula. Horien artean dago hau idazten duena.

Azken buru, zertan jarri burujabetasun aldarrikapenaren zioa, gure balizko bideragarritasun ekonomikoan? ala gure herritartasunean? Ekonomikoki gainbehera goazela gogoan izan. Euskal ekonomiaren gainbeherak burujabetasun aldarrikapena baztertzera eramango ote gintuzke kasu horretan?

Irakurleak dagoeneko bere buruari galdetu dio zertara dakarkigun dikotomia hori, Ekonomia vs. Herritartasuna. Hor dago gakoa. “Zertarako?” Alegia, gure ahaleginaren xedea ekonomian jartzen dugu ala nazio izaerako komunitate baten gorpuzte eta sendotzean?

Burujabetasuna esentzialismoz jantzi ohi badugu ere, egun gehienok nahikoa ikuspegi pragmatikoz begiratzen diogu, “balio izan beza duintasunez bizitzeko”. Euskaltzaleok “eta baztertua izan gabe euskaldundu eta euskaldun bizi ahal izateko” erantsiko genioke, lehenik herri gisa egituratu, eta horrekin erantzun-materialak bilatu.

Beraz, dikotomia horretan aurretik zer doan eztabaidatzea ez da eztabaida erretorikoa. Euskaltasunaren galerak eta defentsak eragin dute herri honetan azken bi mendetan bizi izan dugun bilakaera. Inguruko lurraldeetan baino gizarte kohesionatuagoa, aberastasuna sortzeko gaitasun handikoa, formakuntza maila jasokoa… gorpuzten lagundu digu, esaerak dion moduan, larruari eutsi diogu tinko. Beharrak eragindakoa. Eta horrek egin gaitu, horrek ekarri gaitu gauden lekura (eta gure kokapen geografikoak, Europako garraio sare nagusien erdian, Atlantikoaren hegian). Nola ulertu bestela formakuntza entitateen ernatze goiztiarra, izaera sozialeko finantza entitateen sorrera, hedabide lokalena, kooperatibismoarena, hezkuntza sare propioena… Nola ulertu horrenbesteko garapen instituzionala (instituzio sozialak buru). Hori guztia eta taldetasun horretatik eratorritako beste hamaika emaitza izan dira “herriago” egin gaituztenak.

Beraz, gure herriaren bideragarritasuna aldarrikatzerakoan zein da gure kapitala, balizko aberastasuna ala gure-gurea dugun herri izaerako gorputza.

Irakurlea dagoeneko hasia da delako “gaitasun” hori zer den eta bere luze-laburra nola neurtzen den pentsatzen hutsaren hurrena izan daitekeen esentzia baten aurrean dagoelakoan. Ez du arrazoi faltarik. Hau idazten duenak, ordea, ikusten du hemen badela herri bat bere gisa funtzionatzeko kultura garrantzitsua duena, asko kostata ikasitakoa.

Ezer ez dago geldirik eta geuri ere trebetasunak hobetu edo areagotu ezean dugunaren galera etor dakiguke, bizkor gainera kolonialismo espainol eta frantsesak baldintzatzen baldin badute gure bizitza instituzionala (erakunde sozialetan, administrazioan, enpresetan, hedabideetan…). Horregatik, burujabetasunari bai, gai garelako eta izaten jarraitzeko garatu beharra dugulako.

Instituzioen kalitateaz eta horrek gizartean zein ekonomian dakartzan emaitzez jardun dira azken asteotan zenbait euskal aditu Mikel Navarrok Europako Batzordetik (hemen) ekarritako arrastoari jarraituz (hemen). Ion Muñoak arrasto berari jarraitu dio (hemen). Eta Jon Azuak iruzkin horiei Gothenburgeko unibertsitateak egindako lan baten ondorioak gehitu dizkio (hemen). Badirudi iturri guztiak bide berera doazela, herri izatea ezinbestekoa da eraginkortasunez antolatu eta jarduteko, gizarte-bizitza osasuntsua izateko eta jarduera ekonomikoetan lana eta aberastasuna sortu eta banatzeko. Euskal Herrian autoeraketa eta ekintzailetasunean egin dugun ibilbide luzeari men egiten dio horrek guztiak. “Euskalherriago” izatea da, nonbait, gure baliabide nagusia. Herri bideragarri batek ekonomia bideragarri egiten du.

Imanol Esnaola