[Jose Miguel Ayerza] Zenbat eta enpresa gehiago, orduan eta enplegu gehiago

 

 Éste y otros análisis serán publicados a finales de abril en un extenso dossier sobre el Mercado Laboral de Euskal Herria (2013) realizado por Gaindegia


Etorkizuneko lan-merkatuari eta lan-harremanei buruz hitz egiteko eskatu didate. Gai hori hartuta, plazaratu nahi dudan lehen hausnarketa hauxe da: etorkizunean, egun bezala, ez da izango enpresarik gabeko lan-merkaturik, ez eta lan-harremanik ere.

Lan egiten dutenen % 85a enpresetan aritzen da eta etorkizunean ere, hala arituko dira. Beraz, enpresa lehiakorrak baditugu, enplegua, lan-merkatua eta lan-harremanak ere izango ditugu. Enpresarik ez badugu, nahi adina hitz egin genezake gai honi buruz, baina esandako guztia ariketa teoriko bat baino ez da izango.

Sei urte luze daramatzagun krisian, 2.000 enpresatik gora eta 35.000 enplegu inguru galdu ditu Gipuzkoak. BPG 2006ko mailan dago eta industria-ekoizpena 35 puntu inguru jaitsi da. Errealitate hori dugu abiapuntu.

Lan-merkatuaz eta lan-harremanez ari garenean, beraz, ezin ditugu datu horiek alde batera utzi. Ezin dugu ahaztu, halaber, enpresek gaur egun duten arazorik handiena lehiakortasuna dela, eta hori ez dela kontzeptu bat, askok hala uste badu ere. Erronka bat da, itzela, eta enpresek egunero gainditu behar dutena. Oso ondo dakite-eta, egoera berrietara egokitzen ez denak, ez duela irauten; ezta handiena izanda ere.

Lehiakorra izateak edo ez izateak merkatuan egotea edo ez egotea esan nahi du; enpresaren ateek enpleguari eutsiz, ongizatea eta aberastasun soziala sortuz zabalik jarraitzea, edo ixtea, horrek dakartzan ondorio guztiekin, denak txarrak. Horregatik, denok abiatu behar genuke oinarri honetatik: bermatu beharreko ondare gorena enpresaren lehiakortasuna da. Hor baitago gure ongizatearen iturria. Alegia, hori bermatuta dagoenean bakarrik hitz egin dezakegu enpleguaz, lan-merkatuaz eta lan-harremanez. Zenbat eta enpresa lehiakor gehiago izan, orduan eta hobe enpleguarentzat, eta zenbat eta enpresa lehiakor gutxiago, orduan eta okerrago enpleguarentzat. “Zenbat eta enpresa gehiago, orduan eta enplegu gehiago” bi hitzetan esateko.Enpresek etxerako lanak egin behar ditugu, aurrerago arituko naiz horri buruz. Baina jarduera ekonomikoa sustatuko duten politikak behar ditugu. Ez da enplegurik izango hazkunderik ez badago, eta ez da hazkunderik izango jarduera sustatzeko politikarik eta esparru instituzional egokirik gabe.

Krisialdi gogor honetan ikasi dugu munduko leku lehiakorrenak, alegia, finantza-krisi globaletik azkarren ateratzen ari diren herrialdeak, balio erantsi handiko produktuen esportazioa lehentasun duen industrian oinarritutako ekonomia dutenak direla. Hori da Gipuzkoaren eta Euskadiren erronka; hau da, balio erantsi handiko produktuen industria-oinarria izatea. Baina gure industria-oinarriak hazten jarrai dezan, enpresa lehiakor eta errentagarriak behar ditugu eta Gipuzkoako enpresak lehiakortasuna eta errentagarritasuna galtzen ari dira.

Nola hobetu lehiakortasuna?

Garbi dago gure enpresen eta lurraldearen lehiakortasun-posizioa hobetu behar dugula. Lehiakortasuna irabazteko, hobetu egin behar ditugu lan, finantza eta energia arloko kostuak, fiskalitatea, azpiegiturak, I+G+b, hezkuntza, gure marka-irudia maila eta sektore guztietan eta gure lan-harremanak. Gure dimentsioa areagotu ere egin behar dugu.

Horiez gain, industrian inbertsioak egiteko proiektuak finantzatzeko ditugun arazoak konpondu egin behar ditugu. Hori lortu behar dugu merkatuan gure produktuak saltzen jarraitu ahal izateko.

Lan-kostuei begira jarrita, datu bat bakarrik gogorarazi nahi nuke: krisialdiaren aurreko 10 urteetan, lan-kostu unitarioak % 33 hazi dira Gipuzkoan Alemaniakoekin alderatuta; Alemanian ez dira kasik igo. Kostuetan genuen abantaila lehiakorra desagertu egin da eta ez dugu produktibitatea handituta konpentsatu.

Produktibitatea handituta eta kostuei eutsita lehiakortasuna hobetzeko, ahalegin bateratua eta gogorra egin behar da, baina ezinbestekoa da gaur egitea, dugun ongizateari horri eusteko eta etorkizunekoa lortzeko.

Lan harremanen gatazka, gure ahultasuna

Lan-harremanak aipatu ditut hobetu beharreko alderdien artean. Benetan uste dut Euskadiko lan-harremanen blokeo-egoera eta lan arloko gatazka direla gure ahultasunik handienak.

Gipuzkoako enpresak jabetzen dira egoera horretaz eta urteak daramatzate enpresa-proiektua partekatua izateko konfiantza-giroak sortu behar direla esanez. 2008an hasita Adegin egin ditugun hausnarketa estrategikoetan, enpresek eskatu digute gainditu egin behar dela enpresetan dugun etsaitasuna, baldin eta enpresak lehiakorrak izatea nahi badugu.

Gipuzkoako enpresek argi dute, eta halaxe esaten digute, enpresak lehiakor izan daitezen, hura osatzen duten pertsonek, langile zein enpresaburu, enpresa partekatutako proiektua dutela sentitu behar dutela, beste faktore batzuen artean.

Eta hori horrela izateko, gure enpresetan gardentasunean, komunikazioan eta partaidetzan oinarrituko den kultura, gauzak egiteko modua behar dugu. Kultura hori lantzen denean, akordioak lor daitezke, eta langileen legezko ordezkariekin itunak edo hitzarmenak eginda akordio horiek gauzatu egiten dira eta lehiakortasuna hobetu egiten da.

Enpresa-kultura berri baterantz

Urtarrilaren 17an, Gipuzkoako enpresaburuok enpresa-kultura berri bat sustatzeko konpromisoa azaldu genuen jendaurrean. Enpresa egiteko modu berria sustatu nahi dugu, gardentasuna, komunikazioa eta kudeaketan eta emaitzetan parte-hartzea funtsezko elementutzat hartuta. Konpromisoa kolektiboki hartu izana izan zen gure berrikuntza, nagusia.

Gipuzkoako enpresaburuok konpromiso hori geure gain hartu dugu eta, horren bidez, aldebakarrez, geure kabuz eta trukean ezer eskatu gabe, gardenak izateko eta langileei kudeaketan eta emaitzetan parte hartzea eta informazioa eskaintzeko konpromisoa hartu dugu.

Zer du txarra langileei zuzeneko informazioa emateak salmenten, eskaeren, inbertsio-planen, gure merkatuen bilakaeraren eta gure lehiakideen posizioaren nondik norakoak azaltzeko? Norbaiti gaizki iruditzen al zaio gure langileei erabaki bat bai eta bestea ez zergatik hartuko dugun azaltzea eta horri buruzko informazioa ematea? Langileei enpresa-proiektuan kudeaketaren eta emaitzen aldetik parte hartzeko aukera eskaintzeak zer du txarra?

Azaldu berri dizuedan enpresa-kultura berri honetan, helburua ez da banaka negoziatzea, ez eta inori banan-banako baldintzak ezartzea ere, ezta negoziazio kolektiboa ordeztea edo desagerraraztea eta lan-harremanetarako legez ezarritako eredua aldatzea ere. Inondik inora ere, ez dugu banan-banako lan-harremanik sortu nahi. Sektorekako negoziazio kolektiboak orain arte bezala jarraituko du, indarrean den legeak ezarritako baldintzetan. Horregatik, gezurtatu egin nahi dut enpresa-kultura berri honen helburua sektorekako negoziazio-kolektiboa eta enpresan langileen legezko ordezkariekin izaten ditugun elkarrizketak desagerrarazi edo kendu nahi ditugunik.

Baina jakina, negoziazio kolektiboa eta hitzarmenak enpresen lehiakortasunaren zerbitzura erabiltzeko tresnak dira. Enpresak martxan jarraituko duen edo ez, horri jarri behar diogu arreta; izan ere, martxan, ateak zabalik jarraituta bakarrik sortu eta mantendu ahal izango dute enplegua. Horregatik, negoziazio kolektiboen eta hitzarmenen edukietan, soldaten igoeretan, adibidez, enpresaren bilakaera aintzat hartu behar da. Lanaldiari erreparatuta, beharrezkoa da enpresen beharretara malgutasunez egokitzea.

Sindikatuen proposamenak ildo horretakoak badira, ez da arazorik izango hitzarmenak sinatzeko, denok irabaziko baitugu. Lortu nahi dena bada sindikatuen eskaerak enpresen lehiakortasuna kontutan hartu gabe egitea, ez gaituzte bidelagun izango, enpresa askoren errealitateak erakutsi baitigu horrelakoetan denok galtzen dugula, enpresak itxi egiten direlako.

Etorkizuneko lan-merkatuak eta lan-harremanek denok partekatu behar genukeen oinarri batetik abiatu behar dute Alemanian eta Danimarkan egiten duten bezala eta, oinarri hori hauxe da: bermatu beharreko ondare gorena enpresaren lehiakortasuna izatea. Enpresarik gabe ez da enplegurik izango, ezta ongizaterik eta aberastasun sozialik ere.

Ondare goren horren zerbitzura jarri behar dira politika ekonomikoak, fiskalitatea, enplegu-politika aktiboak, lan-legeria, sektorekako negoziazio kolektiboa, hitzarmenak eta enpresa-itunak.

Enpresen baitan, proposamen argia da gurea: enpresa-kultura berria, gardentasunean, komunikazioan eta partaidetzan oinarrituta, enpresa partekatutako proiektua eta, beraz, lehiakorragoa izan dadin.

Horrela bakarrik izango ditugu enplegua, ongizatea eta aberastasun soziala.