Skip to main content

Atzeraldi globala eta tokiko estrategia Euskal Herrian

ATZERALDI GLOBALA ETA TOKIKO ESTRATEGIA EUSKAL HERRIAN

Zabor-mailegu (sub prime) eta ustelkeria finantzarioa batetik eta higiezinen inguruan sortutako burbuilaren eztanda bestetik, inoiz ikusi gabeko ondorioak utziko dituzten gertaera ekonomikoen lekuko gara azken hilabeteotan. Halaber, informazioaren gizartean bizitzeak atzeraldia are bizkorrago sentiarazten digu. Krisiaren lehen hilabeteak pasa eta honen zartakoak ikusita, eragile bakoitzaren konpromiso eta erreakzioetan aterabidea ikusten ahalegintzen garenok (eragile ekonomiko eta sozial gehienak) irtenbide bila jarri gara. Ariketa hau, ordea, jasotzen dugun informazioak erabat mugaturik dator. Gure erantzuna informazioren hedatzaileek errealitatea aurkeztean darabilten ikuspegiaren araberakoa da askotan. Atzeraldi honetan osotasunaren zati bat besterik ez dugu hautematen eta zatika datorkigun informazioan bilatzen ditugu puzzlea osatzeko falta zaizkigun zatiak. Hanka ikusiaz elefantea sumatzen dugu, baina ez dugu osorik ikusten.

Gertaerak nondik nora doazen ikusita, eta gertatutakoaren eragina zeinen bizkor nozitzen dugun ikusita, egungoa ahaztu gabe, haratago begira jartzeko unea iritsi da. Ariketa horrek, ordea, gertaeren segida kronologikoari erreparatzeaz gain, bere lurralde dimentsioari erreparatzea ere eskatzen du.

Bestela esanda, beharrezko ditugun erantzunak aurkitzeko galdera egokiak egiteko gai izan behar dugu. Zer egin galdetu aurretik geure buruari nola gauden galdetu behar diogu. Gure ikuspegitik, gertaera, gogoeta, aurreikuspen eta proposamen jario honen erdian zenbait gairen berariazko ausentzia ezin nabarmenagoa da. Falta direnen artean asko izan daitezke aipatzekoak, baina lurraldetasunari dagokiona nabarmenena da, hots, hemen zer egin behar dugun itauntzen duena. Badirudi ez dugula erantzunik nahi. Badakigu organizazio zein tokiko erakundeak horrekin arduratuta daudela, baina ez dago kezka kolektiborik eta ondorioz aurkezten ari zaizkigun estrategiek horixe falta dute. Gabezia horrek izugarri zailtzen du inplikazio kolektiboa, eta bere onurak galtzen utzi ditugu.

Lurralde ikuspegirik gabe jokatzeak zenbat aukera galtzea dakarren pentsarazi behar liguke. Hau da, zein ondorio izan ditu gure garapenean lurraldeen arteko lankidetza estrategiarik gabe jokatzeak?

Euskal Herriaz ari gara. Aski ezaguna da Euskal Herriak lurralde mailako edo tokiko garapen estrategia guztietan oso preziatua den kapitala duena. Dela kapital soziala, humanoa, historikoa, kulturala, linguistikoa... Gure berezitasuna ez datza gure kulturaren izaera berezian, kohesioa eragiteko duen indarrean baizik, horrek egiten baitu maila desberdinetako dinamikak elkarrekin uztartzea, baita eremu sozial eta ekonomikoan ere (nahiz eta baden aukera hori zapuzten ahalegintzen denik). Indar horrek gauden mailan egotea ahalbidetzen digu, bere onura eta gabezia guztiekin.

Mundu mailako erronkei erantzun lokalak emateko kapital egokia dugulakoan bagaude, abiapuntu horretatik gogoeta egiten hasteko unea iritsi zaigu, zer egingo dugu gure lurraldean eta bertako kapitalarekin? Galdera horren erantzunean tokiko estrategiarekin erronka globalei aurre egiteko muina aurkituko dugu. Norberak izan dezakeen identitate sentimendua gora-behera,horrelako estrategia bat bilatzeak herri gisa elkartu egin gaitzake. Baina batasun horretara iristeko aniztasunetik abiatu beharko dugu (lurralde mailakoa, ekonomikoa, administratiboa, soziala...). Lankidetza, elkartasun eta osagarritasunerako formulak aurkitu beharko ditugu, egindakoaren onura denok jaso dezagun, berehalakoan zein etorkizunean (lurralde osoan eta sektore guztietan).

Horrek, besteak beste, instituzioen arteko lankidetza eskatzen du, ezinezkoa dirudiena azken hamarkadetako garapena ikusita. Errealitate instituzionala halakoa izanda ere, eragile ekonomiko eta sozialok geure egin behar al dugu muga hori? Hots, mundu mailako atzeraldi baten aurrean bertako estrategia eraginkor bati uko egiteko prest al gaude Euskal Herrian?

Egungo krisia ez da finantzarioa bakarrik. Bizimodua, ekonomia edo gizartea ulertzeko dugun moduan erabateko aldaketa iragartzen duten gertaerak bizi ditugu. Petrolioaren amaieraren aurrean gaude, munduko ekonomiaren ardatza mugitu egin da, ezagumendua eta lan egiteko moduak aldatzen ari dira... Beraz, egin beharreko gogoetak egiturakoa izan behar du, eta are gehiago Euskal Herria bezalako lurralde desegituratu batean.

Nola erraztu, ordea, eragile desberdinen arteko lankidetza, mugikortasuna edo parte-hartzea lurralde bakoitzeko eragile administratiboek jarritako mugetatik haratago? Egingarria ote lankidetza eta adostasun dinamikak abian jartzea gure kapital guztia gure lurralde osoan baliatzeko? Zer behar da horretarako? Zein araudi eta metodologia hobetu behar dugu euskal oinarria duen jarduera izatera iristeko? Etorkizuneko gure lan merkatua, gure lanbide heziketa zein unibertsitatekoa, gure sare industriala, gure teknologia, gure elite ekonomiko eta sozialak, gizarte babeserako gure sistema, gure lurralde antolamendua... izatera iristeak egun aipatu ere egiten ez ditugun lankidetza eta bategitea (ekintzen bidez) eskatzen dituzte. Bitartean hainbat aukera galtzen utzi dugu. Sinergia horiek sortuta bakarrik izango dugu datorkigunari erantzuteko gaitasuna, eta horren ondoren, ondoren bakarrik, instituzioen arteko ekimena jarduera sozial eta ekonomikoarekin uztartuko da. Baina lehentasunak aurretik. Nola gaude hemen? Zer egin behar dugu hemen?

Xabier Isasi
Gaindegiako Lehendakaria