Zergei buruzko eztabaida. Zergak igo ala gutxiago gastatu?
Finantza-krisia izan da 2011. urteko gertakari eta albiste nagusia, eta gurean, zehazki, krisi horrek zergen inguruan eragin duen eztabaida nabarmendu da. Jarduera ekonomikoaren beherakadak bi efektu osagarri izan ditu: zergen bidezko diru-sarrerak urritu dira batetik, eta, horrekin batera, gizarte-gastuak handitu dira, langabezia igo delako, batik bat. Horren guztiaren ondorioz, defizit publikoaren egoera ez da oneratzen, eta horrek handitu egiten ditu herritarrek pairatzen dituzten efektu kaltegarria, zaila eta garestia baita hura finantzatzea Europar Batasuneko estatu gehienentzat. Espainiako estatuaren kasuan, arrisku-prima oso handia ordaindu behar izatea da egoera zail horren adierapen nabarmenena.
Euskadiko enpresek eta erakunde publikoek interes-tasa handiak ordaindu behar izan dituzte, denbora luzean mantendu ezinezkoak.
Egoera hori ikusita, eztabaida piztu da. Batzuek pentsatzen dute kosta ahala kosta murriztu behar direla gastuak, batik bat, herri-lanetan eta gizarte-laguntzetan egiten direnak, eta, ziur asko, baita osasunaren eta hezkuntzaren esparruetakoak ere. Eta, haien aurrean, beste batzuek pentsatzen dute handitu egin behar direla zergen bidezko sarrerak, presio fiskal handiago bat ezarriz.
Gizarte-maila ertainei presio fiskal handiago bat ezartzeak lekarkeen arazoa da hori kaltegarria izan daitekeela ekonomiarentzat. Diru gutxiago izango dute eskura eta, ondorioz, krisi ekonomikoa handi daiteke, kontsumoa apalduko delako.
Azken hamarkadako datu objektiboek esaten dute presio fiskala arindu egin dela Euskadin eta Espainian.
ELA sindikatuak, EAEko datuei erreparatuta, gogorarazten du presio fiskala, 2009. urtean, ez balitz izan 2007. urtekoa baino arinagoa, herri-erakundeek 3.200 milioi euro gehiago bildu izango lituzketela. Sindikatu horren esanetan, Europako batez bestekoa baino 9,6 puntu apalagoa da EAEko presio fiskala.
Estatuak BPGarekiko izan zituen diru-sarrera fiskalak ehuneko 5,5 puntu jaitsi ziren 2007 eta 2010 urteen bitartean, %37,2tik %31,7ra; hala, OCDE organizazioko Revenue Statistic azterlanaren arabera, Espainia izan zen, OCDE organizazioko herrialdeen artean, presio fiskala gehien arindu zuena epe horretan.
Fiskalitate zuzena da bidezko eta progresiboena, beren errenta-mailaren arabera ordaintzen baitute herritarrek, baina irudi-arazoak dakartza horrek hauteskundeei begira, eta, ondorioz, alderdi politikoek zeharkako fiskalitatearen alde egin ohi dute. Horren adibidea da BEZa, zergapetuentzat agerikoagoa baita PFEZan diru-zenbateko bat atxikitzea, ogi-barra bat erostean haren zati bat zerga moduan ordaintzea baino.
Horiek horrela, presio fiskala handitzeko bideari ekin zaio EAEn, Ondarearen gaineko Zerga eta Ondorengotzen gaineko Zerga berrezarri baitira eta banku-gordailuen interesak zergapetzeari ekin baitzaio, besteak beste. Neurri horien arazoa da gizarteko aberatsek nekez betetzen dituztela, SICAV sozietateak eta bestelako figura juridikoak erabiltzen baitituzte zerga gutxi ordaintzeko. Hala, maila ertainak zigortzen dituzte neurri horiek, beren zergak (PFEZ, BEZ, etab.) ordaindu ondoren, zerga-karga handiagoei egin behar baitiete aurre. Ondorengotzen gaineko Zergaren eta Sozietateen Irabazien gaineko Zergaren kasuan, kontuan hartu behar da enpresen lehiakortasuna kalte dezaketela, eta, bereziki, lanpostu gehien sortzen dituzten enpresena, enpresa txiki eta ertainena.
Oreka lortzea zaila den arren, ez da ahantzi behar gastuak murriztu behar direla, bai, baina ongizate-estatuaren oinarriak kolokan jarri gabe, hau da, osasuna, hezkuntza eta pentsioak ezbaian jarri gabe. Dena den, horrek ez du esan nahi gehien dutenei gehiago ordainarazteko formulak bilatu behar ez direnik.
XABIER AJA, DEIA