Skip to main content

ABSTRAKTAK IV

ESKUALDE GARAPENERAKO MODELO BAT: LEA ARTIBAI.
AINARA BASURKO. AZARO FUNDAZIOA

Lea Artibaiko kasua azaltzerakoan lehen sektoreak pisu eta eragin handia izan dueneko eskualde txiki batean kokatzen garela izan behar dugu kontutan. 26.000 biztanle baino gehiago ez 12 herritan banatuak (herri handienak 9.500 biztanle dituelarik eta 8 herri 1.000 biztanletik beherakoak izanik). Jardunaldian zehar eskualdeak azken 50 urtetan izandako bilakaera deskribatuko da, garapen ekonomikoa eta bizi kalitatearen inguruan aurrerapen handiak ahalbideratu direla islatuz. Garapenaren oinarria, elkarlanean, koordinatua eta jarraituan, eskualdeko gazte ekintzaileen artean emandakoan legoke. Giza kapitalak inguruaren eraldaketan duen eraginkortasunaren adibidea.

Ekintzailetasun hau Lanbide Heziketako ikastetxe baten inguruan gauzatu da. Arrasateko kooperatibagintza eredua oinarrizko erreferentziatzat eta jarraipidetzat hartuz, tokiko errealitatera egokituz. Lanbide Heziketako zentro honek, eskualdeko giza kapitalaren lehiakortasunaren eta garapen ekonomikoaren alde lan egiteko sortua, uneoro eskualdearen ordezkaritza eta eragile sozioekonomiko ezberdinen integrazioa bilatu du.

Enpresa ugariren sorrera izan da urteetako ekimenaren emaitza; lehen sektorearen nagusitasunetik, sektoreen arteko oreka ahalbideratuz, emakumearen laneratzea sustatuz eta lanpostu ugari berri sortuz. Egun ekimenak aurrera darrai.

Lanbide Heziketako ikastetxeak (Lea Artibai Ikastetxea) inoiz baino indartsuago etorkizuneko erronka garrantzitsuak finkatu ditu. Legitimitatez egin ere, eskualdeko eragile sozioekonomikoek onartzen dioten eskualdearen ordezkaritzan oinarrituz. Eragile ezberdinen arteko integrazioa eta elkarlana erraztu eta eraginkortzeko Fundazio baten sorrera sustatu eta ahalbidetu du. Elkarlanerako mahaia. Eskualdearen giza kapitala eta enpresa sarearen lehiakortasunerako lan lerro estrategiko argien inguruan indar eta baliabideak biltzen dituena (azaro fundazioa). Esperanza 2013 izena jarri zaio etorkizuneko proiektuari. Garapen eta Berrikuntza gune berri bat eraikiko den eremuaren izena hartuz. Ekintzailetasuna, sustapenari loturiko ikerkuntza/berrikuntza, prestakuntza lehiakorra eta ekintzaile eta enpresei zerbitzu integrala eskaintzea ditu bere lan ardatzak.

Emaitzak emaitz, Lea Artibai eskualdeak, bere lehiakortasunean eragingo duen proiektua du; proiektu konpartitua, elkarlanean eta osagarritasunean oinarrituriko bisio konpartitua.

ABSTRAKTAK III

GARAPEN ENDOGENOA EUROPAKO BATASUNAREN ESTRATEGIAN.
GOIO ETXEBARRIA. EHU-UPV

Iragan mendeko azken hamarkadetan zenbait ikerkuntza korronte hurbildu eta batu egin ziren, hainbat eskualdetan gertatzen ari ziren ekonomi hazkundearen prozesuak aztertzeko. Horrela garapen endogenoaren teorien lehenengo urratsak eman ziren. Fordismoaren krisiari aurre egiteko 80ko hamarkadara arte nagusi izan ziren politika keynesiarren ahulezia nabarmen geratzean, eskualde eta erregioetako arduradunek garapen endogenoa sustatzeko politikak eta neurriak bere egin zituzten. Politika horiek Europako zenbait herrialde eta eskualdetan ezarri ziren.

Politika horien jatorria anitza zen. Autore batzuen ikerketetan agertutako ekimen eta egoera bereziak politika berriak diseinatzeko oinarri bilakatu ziren. Horrela garapen endogenoaren tesiak eta kontzeptu berriak (berri-zaharrak) sortu eta zabaldu zituzten. Azken urteetako erabilienak eta hedatuenak aztertuko ditugu: industri distritoa edo barrutia (Marshall, Becattini), milieu innovateur edo ingurune berritzailea (Gremi Taldea), espezializazio malguaren Eskola (Piore, Sabel), cluster-ak (Porter), berrikuntza sistema erregionalak (Cooke, Morgan, G. Uranga), besteak beste. Ezaugarriak eta ezberdintasunak azalduko ditugu, adibide batzuk hartuta. Bukatzeko, egun, eskualde baten garapena eragiteko eta bultzatzeko, teoria eta politika horiek baliagarri eta erabilgarriak diren eztabaidatuko dugu.

ABSTRAKTAK II

ESKUALDEEN ERRONKAK GLOBALIZAZIOAREN AURREAN.
MARIA JOSE ARANGUREN ETA MIREN LARREA

ABSTRAKTAK I

LURRALDEKATZEAK LANAREN AURKEZPENA. AZTIKER
(AMAIA ELIZAGARATE ETA IÑAKI IURREBASO)

  • Sarrera

  • Lurraldekatzea: zer da eta zertarako behar dugu.

  • Euskal Herria, herrialdeak, eskualdeak eta udalerriak. Eskualdekatze operatibo bat zehazte bidean topatutako zailtasunak.

    • Administrazioek eta estatistika erakundeek erabiltzen dituzten eskualdekatzeak.

    • Bestelako lurraldekatzeak: Euskaltzaindia eta herri mugimendua.

    • Bateragarritasun azterketa.

  • Euskal Herria datuen talaiatik lanerako sortutako eskualdekatzearen aurkezpena.

  • Euskualdekatze operatiboa: etorkizunerako erronkak.

EZTABAIDA GIDOIA

GAIA: Euskal Herriko eskualdeen garapena eta nazio kohesiorako aukerak globalizazioaren garaian.

  1. Zein urrats eta nola eman eskualdeen barne-artikulazioaren alde? Zein da ikuspegi formaletik hartu beharko litzatekeen eredu instituzionala eskualdeetan?

  2. Posible al da eskualdeen arteko lankidetza eta osagarritasuna lortzea?

    • BAI / EZ

    • Ezagutzen al dugu esperientziarik?

    • Zein aukera dago? Zertan dago aukera?

Mugaz gaindi galdu gabe

Gaiaren inguruko aholkularitza zerbitzuak murriztu diren honetan, mugaz gaindi bizi direnen arazo nagusienak konpondu eta ekiditeko Mondragon Unibertsitateak liburu bat kaleratu du. Besteak beste, lanbide nahiz gizarte aferei, mugaz gaindiko langileen errentaren gaineko zergaren inguru-mariak eta Bidasoaren beste aldean etxebizitza erosteko zein alokatzeko jarraitu beharreko prozedimentuei erantzun nahi die argitalpenak.

Bizkaia zabor ekoizlerik nagusiena

Azken 10 urtetan hiri hondakinen ekoizpena %17 hazi da Euskal Herrian, kontsumo nahiz ekoizpen gaitasunarekin batera. Euskal Herritar bakoitzak 1,4 kilo hiri hondakin sortzen ditu egunean. Bizkaitarrak dira zabor gehien pilatzen dutenak, urteko 552,797 kilo biztanleko. Beste muturrean, ekoizpen baxuenarekin Ipar Euskal Herritarrak dira, 404 kilo zabor ekoitziz. Berria, Harian, 2007/11/28.

Barne Mintegia 2007

GAINDEGIA, 2007KO ABENDUAREN 15

EUSKAL HERRIKO ESKUALDEAK ETA GURE GARAPEN SOZIO-EKONOMIKOA

Globalizazioaren aroan tokiko komunitateek eta ekonomiek duten eginkizuna aztertu egin behar da. Gero eta ozenago entzuten da estrategia lokala behar beharrezkoa dela inguru globalean kokatu eta garatu ahal izateko.

Testuinguru honetan zein aukera du Euskal Herriak?