GOIO ETXEBARRIA. EHU-UPV
Iragan mendeko azken hamarkadetan zenbait ikerkuntza korronte hurbildu eta batu egin ziren, hainbat eskualdetan gertatzen ari ziren ekonomi hazkundearen prozesuak aztertzeko. Horrela garapen endogenoaren teorien lehenengo urratsak eman ziren. Fordismoaren krisiari aurre egiteko 80ko hamarkadara arte nagusi izan ziren politika keynesiarren ahulezia nabarmen geratzean, eskualde eta erregioetako arduradunek garapen endogenoa sustatzeko politikak eta neurriak bere egin zituzten. Politika horiek Europako zenbait herrialde eta eskualdetan ezarri ziren.
Politika horien jatorria anitza zen. Autore batzuen ikerketetan agertutako ekimen eta egoera bereziak politika berriak diseinatzeko oinarri bilakatu ziren. Horrela garapen endogenoaren tesiak eta kontzeptu berriak (berri-zaharrak) sortu eta zabaldu zituzten. Azken urteetako erabilienak eta hedatuenak aztertuko ditugu: industri distritoa edo barrutia (Marshall, Becattini), milieu innovateur edo ingurune berritzailea (Gremi Taldea), espezializazio malguaren Eskola (Piore, Sabel), cluster-ak (Porter), berrikuntza sistema erregionalak (Cooke, Morgan, G. Uranga), besteak beste. Ezaugarriak eta ezberdintasunak azalduko ditugu, adibide batzuk hartuta. Bukatzeko, egun, eskualde baten garapena eragiteko eta bultzatzeko, teoria eta politika horiek baliagarri eta erabilgarriak diren eztabaidatuko dugu.