[TXOSTENA] Lanaldiak gora, egonkortasunaren lepotik

Gaindegiak "Kontratazioak Euskal Herrian" txostena kaleratu berri du. Azken hilabeteotako datuek diote Euskal Herria ari dela pixkanaka enplegua sortzen. Kualitatiboki, baina, urteotan hartutako neurriek arrasto sakona utzi dute: gaur egun sinatzen diren hamar kontratutik bederatzi aldi baterakoak dira, zerbitzuen sektoreko enpleguaren pisua hazi da batez ere industriarenaren kaltetan, eta gutxieneko duintasun ekonomikoa bermatzen ez duten kontratuak arruntak dira. Haizearen norantza aldatzen ari den honetan, Euskal Herrian enpleguaren eta gizartearen arteko loturak nolakoa izan behar duen erabaki behar da. Horren araberakoa izango baita pertsonen bizimodua eta gure etorkizuna herri gisa.

Landunen bilakaera oso bestelakoa izan da Ipar eta Hego Euskal Herrian. Krisi urteetan ere Lapurdin eta batez ere Nafarroa Beherean soldatapeko landunen kopuruak gora egiten jarraitu du, eta Zuberoan %1 baino ez da jaitsi enplegua.

 

Hego Euskal Herrian, berriz, enpleguaren galera garrantzitsua gertatu da: 1.041.425 landun izatetik 937.975 izatera igaro da zazpi urteren buruan. Gainbehera horren zama batik bat gizonek eraman dute, hein batean, industriaren gainbeherak eraginda. Hala, Euskal Herriko gizon landunen kopurua %15 jaitsi da krisialdian, eta enplegua duten emakumeen kopurua, berriz, puntu bakarra. Hori dela eta, inoiz baino gertuago daude gizon eta emakume landunen kopuruak: enplegua dutenen artean %53,1 dira gizonak eta %46,9 emakumeak.

Enplegu desegonkorra nagusi

Bestalde,  Gaur egun, Euskal Herriko soldatapeko langileen %21,1 ari da aldi baterako kontratuarekin, eta zifrak goranzko joera du. Hego Euskal Herriari dagokionean behintzat, egun sinatzen den hamar kontratutik bat baino gutxiago da mugagabea.

Lanaldi partzialen bitartez ere islatzen da ezegonkortasun ekonomikoa Euskal Herrian. Gaur egungo landunen %17,5ak du lanaldi partziala, eta landun horietako gehienak emakumeak dira: mota horretako bost kontratutik lau emakumeek sinatzen dituzte. Euskal Herriak alor honetan dituen proportzioak arruntak dira Europar Batasunaren testuinguruan. Herrialde garatu horietan, baina, gizarte politikek bermatu egiten dute lanaldi partziala hartzen duen pertsonaren gutxieneko autonomia ekonomikoa, diru-laguntzen eta bestelako hobarien bitartez. Euskal Herrian, eta Hego Euskal Herrian batez ere, lanaldi partziala hartzen duen landunak bere diru-sarrerak kolokan jartzen dituela jakitun hartu behar izaten du erabakia.

grafikoa_kontratazioak

Industria pisua galtzen ari da

Azkenik, krisi garaian zerbitzuen sektoreko enpleguaren pisua hazi da, batez ere industriarenaren kaltetan. 2007an kontratazioen %11 bigarren sektoretik etorri zen; 2013rako portzentajea %9ra jaitsi zen. Zerbitzuen proportzioa, berriz, %79tik %84ra igo da. 2014ko datuek, ordea, industrian ia 200.000 kontratu sinatu zirela diote; 2013an baino %136 gehiago. Bizkaitik eta batez ere Nafarroa Garaitik etorri ziren kontratazio gehienak.

Datu positiboak diren arren, tentuz begiratu behar zaie, kontratu berri hauetan behin-behinekotasuna eta ezegonkortasun ekonomikoa handiak direla pentsatzeko arrazoiak baitatute: Nafarroa Garaian %24 igo da aldi baterako kontratazioa 2007a eta 2014a bitartean, eta kontratazio mugagabeak gehien murriztu dituen herrialdea ere bada.

Enplegua pixkanaka berreskuratzen hasiak garen honetan, beraz, aldi baterako kontratazioak dira jaun eta jabe, eta horien inpaktua bereziki handia da gazteengan. Hego Euskal Herrian eskumena duten instituzioek lan merkatua malgutzeko tresnak jarri dituzte martxan, baina malgutasunaren batera, landunak eta batik bat gazteak prekarietatera kondenatuta ez daudela bermatzeko politika aktiboak ere behar dira, Europako beste herrialdeetan egin duten bezala. Eta hori urruti dago oraindik Euskal Herrian. Era berean, industria berreskuratzea, eta industriak dakarren enplegu berria duina izatea izango da hurrengo hilabetetako erronketako bat Euskal Herrian.

Informazio gehiago Gaindegiaren txostenean:Kontratazioa Euskal Herrian