EUSKAL HERRIA 2007, etorkizunerako gakoak

GAINDEGIAk, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, Gaindegia Txostena 2007 argitaratu berri du. Txosten horretan gure herriko adierazle ekonomiko eta sozial garrantzitsuenak jasotzen dira. GAINDEGIAko kideok proiektu ekonomiko eta sozial zehatzetan dihardugun eragileak garen aldetik parte hartzen dugu GAINDEGIAn, aukera eta egitasmo politiko eta sozial guztiak errespetatuz. Eta gure jardun zehatz horrexeri jarraiki osatu eta argitaratu dugu Gaindegia Txostena 2007.

XXI. mendeko lehenbiziko urteak hazkunde, hedapen eta aldaketa handiko urteak izan dira. Azken boladan, aldiz, ekonomia moteltzen hasi da, eta zalantzaz beteriko etorkizuna datorkigu. Datozkigun erronkei aurre egiteko, guregan eragina duen guztia eta bidean aurrera egiteko dauzkagun proposamenak ezagutu, aztertu eta eztabaidatu behar ditugu. GAINDEGIAk ez du erantzunik eman nahi, gure egoera zehatza ahalik eta ongien ezagutu dadila baizik, ezaguera horretatik abiatuta erantzunak eman ahal izateko ikuspegi desberdinen arabera.

Gaindegia Txostena 2007ren bidez horretantxe lagundu nahi izan dugu, hain zuzen. Euskal Herri osoa aintzakotzat hartzen duten eragile ekonomiko eta sozialengana iritsi nahi dugu, esparru berri baterako datu eta gogoeta zehatz batzuk eskaintzeko. Horrekin batera, bizi dugun egoeran gure ustez nabarmendu beharrekoa den guztia azaleratu nahi dugu.

Euskal Herri osoko adierazle makro-ekonomikoak aurkeztu ditugu lehenbiziko aldiz, eta ariketa berria eta erakargarria izateaz gain, lan nekeza ere izan da, bateratu eta homologatu beharreko informazio asko eta asko bildu behar izan baitugu iturri desberdinetatik. Dena den, ezin dugu utzi zuhaitzek basoa ikustea galarazterik, irudi orokor bat eskaintzeko egin dugun lana zaila eta nekeza izan arren, ezin dugu ahaztu Euskal Herri barruko loturak sendotzea dela gure benetako erronka, irudi orokor eta zabala herri-herriko ikuspegi itxia bezain okerra izan daiteke eta. Gure barne-merkataritzaren saldoa ezagutzea bezain garrantzitsua da kanpokoa ezagutzea. Nafarroa Garaiko enpresen bezero eta hornitzaile nagusiak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresak direla ikustea kohesio-adierazle garrantzitsua da, nahiz eta esparru politiko jakin batzuetan gure herri barruan dauden erlazio bizi eta sendoak ukatzen saiatu.

Gaindegia Txostena 2007ren bidez ez dugu eztabaidatu nahi Euskal Herrian dauden administrazio-ereduak egokiak diren edo gure gizarte-eredua bidezkoa den (eragile politiko eta sindikalak daude horretarako). Argitalpen honen bidez Euskal Herriko egoera ekonomiko eta sozialari buruzko ahalik eta xehetasun gehien eman nahi dugu, gure errealitatea onartzen ez dutenek behin eta berriz errepikatzen diguten matrakari, Euskal Herria existitzen ez deneko ideiari alegia, datu horiekin erantzuteko. Dena den, bildutako datuek kohesio-maila handi samarra erakusten badute ere, ezin dugu horrekin pozik egon, inondik ere. Euskal Herriaren lurralde- eta sektore-banaketa bultzatzen duten faktore asko eta asko dauzkagu. Abiapuntu interesgarria da gure herriko lurralde-, gizarte- eta kultur batasun sendoa, baina, halere, batasun hori laxatzen ari da pixkana-pixkana.

Globalizazio-prozesuari herri bezala heltzeko gai bagara, prozesu hori guretzat ona izango dela iruditzen zaigu. Herri-mailako kontuak mundu-mailakoak ere badira eta haiei erantzun behar diegu Euskal Herri barruko kohesioa sendotzen jarraitu eta gure eguneroko arazoak konpontzen joateko. Herriaren eta barne-kohesioaren eta munduaren, elkarreraginen eta lankidetzaren arteko oreka aurkitzea da, gure ustez, Euskal Herriak hobeto egoteko eta hobeto bizitzeko behar duen gako nagusia.

Txostena idazten lagundu duten laguntzaile eta adituek ikuspegi desberdinak dituzte, guztiak ere garrantzitsuak eta azterketa sakonagoa eskatzen dutenak. Nolanahi ere, bi gai azpimarratu nahi ditugu bereziki. Batetik, ekonomiaren globalizazioari buruz egiten diren gogoetak dauzkagu. Koldo Saratxagak etorkinen integrazioak eta trebakuntzak duten garrantzia nabarmentzen du. I+G-ko planak eta lanbide-heziketa aipatzen dira, halaber, gaur egungo jokaleku ekonomikoak dakarzkigun erronkekin batera.

Bestalde, gure herriko jende, bizi-eredu eta gizarte-jarduerak bateratzearekin zerikusia duten gaiak dauzkagu. Jende-pilaketarik sortu gabe gure herria suspertzen duten azpiegiturak behar ditugu, etxebizitza hutsen arazoari aurre egin behar diogu eta denda txiki eta ertainak garatu behar ditugu gure herrietako bizitza suspertzeko. Horiek dira Gaindegia Txostena 2007 idatzi dutenek jorratutako zenbait gai.

Gaurkotasun handiena duten gaiekin “Top Ten” zerrenda osatu dugu hedabide desberdinetako profesionalek lagunduta. Hona hemen zerrenda horretako gai garrantzitsuenetakoak: lurralde zehatzetako arazoak (Iparraldean bertan behera utzitako zerbitzu publikoak eta Volkswagen Navarra-ko gatazka), sektore zehatzei dagozkienak (antxoaren krisia eta itsasoko biomasaren galera, arrantza-sektorean) eta egitura-mailako eragina dutenak (Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako kutxen bateratzea eta abiadura handiko trena eta haren bideragarritasuna). 2007an pil-pilean egondako gai horiek txostenean jasotako gainerako gaiekin batera, gure abiapuntuaren ikuspegi orokorra ez ezik ikuspegi “geo-kokatua” ere ematen digute.

Zorrotz jokatu nahi dugu, eta dakigunaz eta dakigun neurrian hitz egiten dugu bakarrik. Hori dela eta, oso garrantzitsua iruditzen zaigu GAINDEGIAk egiten duen behaketa-lana. GAINDEGIAk datuak eta gogoetak plazaratu beharrean konponbideak ematea nahi duenik bada, baina gure buruari jarri diogun egitekoari jarraiki, iruditzen zaigu ezaguera eskaintzea dela Euskal Herriaren orainaz eta geroaz eztabaidatzeko tresnarik onena.

GAINDEGIAk, Euskal Herriko gizarte eta ekonomia garapenerako behategiak, ez du Euskal Herria egunero astintzen duten arazoak konpontzeko erantzunik. Nahi bai… GAINDEGIAko kide bakoitzak bere iritzi propioa du eta bere ezaguera eta ikuspegitik erantzungo du. Euskal Herriarekiko maitasun sakon-sakonetik abiatuta, gure herriak iragan berezia izateaz gain, lurralde guztiek iraungo badute, etorkizuneko bidea modu kohesionatuan egin behar dugula uste dugun pertsonok osatzen dugu GAINDEGIA elkartea. Ideia horrek elkartzen gaitu, beraz, gure aniztasunaren gainetik.

XABIER ISASI BALANZATEGI, GAINDEGIAko lehendakaria