Euskal Herriko merkataritza fluxuen saldoa positiboa da: esportazioek gehiago balio dute inportazioek baino. Izan ere, euskal industriek ekoizten eta atzerriratzen dituzten ondasunek balio erantsi handia dute, oso produktu espezifikoak diren aldetik. Baina inportazioetara itzuliz, Europako ia herrialde industrial orok duen gabezia berbera dugu: energia urria bezain ezinbestekoa da gurean. Garesti erosten den lehengai honen gorabeherek erabat baldintzatzen dute euskal herriratzen diren produktuen merkataritza fluxuaren balioa. Gaindegiak Inportazioak Euskal Herrian txostenean inportazioen bilakaera datuak jaso ditu, Euskal Herriak aurrean dituen zenbait erronka identifikatu nahian.
2014an Euskal Herrira egindako inportazioek 39.769 milioi euroko balioa izan zuten, duela hogei urte halako bi ia. Zifra horiek ez dituzte kontuan hartzen Frantziako Estatutik Ipar Euskal Herrira sartutako produktuak, datuek ez baitute horretarako aukerarik ematen. Era berean, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko salerosketak ezin dira bereizi, eta beraz, kanpo inportazio gisa ageri dira. Hori horrela, hazkunde handia ikusten da 1995eko datuak gaur egungoekin alderatuta, baina aldea are handiagoa zen azken krisi honen atarian. Izan ere, 2008an jo zuen goia Euskal Herrirako inportazioen balioak, 50.769 milioi eurotara iritsi baitzen. Ordutik hona ia %22 jaitsi da horrenbestez, baina tartean gorabehera handiak izan dira, besteak beste petrolioaren eta euroaren prezioek oso ziklo ezegonkorrak izan dituztelako azken urteotan.
> Inportazioen balioa
Gutxi gorabehera, Euskal Herriko 2014ko inportazioen balioa gure Barne Produktu Gordinaren %44,4koaren parekoa da. Garai berean, esportazioen pisua BPGaren %52,8koa izan zen, gurean merkataritza fluxuetan saldoa positiboa dela erakutsiz. Euskal Herriko balio horiek Europar Batasuneko batez bestekoa (BGParen %40) baino goraxeago daude.
> Zer inportatzen dugu?
Hego Euskal Herrirako 2014ko datuen arabera, energia produktuek hartzen zuten inportatutakoaren guztizko balioaren ia herena; eta haren barruan, petrolioaren azpisektoreak, nagusiki. Energia produktuetatik datozen inportazioen balioa hamar aldiz handiagoa da orain duela hogei urte baino. Bestalde, aparteko datu batzuk badaude kasu honetan, Espainiako Estatutik inportatutako energia produktuen inguruan: 1995etik hona laukoiztu baino zertxobait gehiago egin dira bertako erosketen balioak alor honetan, eta gehienbat Gaztela-Leon eta Madrildik jasotzen ditugu.
Beste sektore inportatzaile nagusiak ere gure lurraldearen izaera industrialari hertsiki lotuta daude: erdi-manufaktura (produktu kimikoak eta burdina eta altzairua, batez ere) eta ekipo ondasunak (makina espezifikoak).
> Zer gertatzen da elikagaiekin?
Inportazioen artean, aparteko aipamena merezi dute elikagaiek. Datuetan ez da sektore aipagarrienen artean ageri; besteak beste, Hego Euskal Herriak inportatzen dituen elikagaiek dirutan duten balioa ez delako bereziki deigarria. Baina egiari zor, saldo negatiboa dugu elikagaiei dagozkien merkataritza fluxuetan. Etorkizunari begira sektore estrategikoa da, ordea, eta beraz, gure buruari galdetzea dagokigu ea halako menpekotasun handia izaten jarraitu nahi dugun, berez elikagaiak ekoizteko ahalmena izan badugula kontuan hartuta.
Euskal Herriaren hornitzaile diren herrialdeei erreparatuta, esportazioekin bezala, orain arte hartu-eman nagusiak estatu gutxi batzurekin izan dira, baina dibertsifikazioa gero eta handiagoa da. Hori horrela, Hego Euskal Herriko inportazioen balioaren erdia sei herrialdetatik dator: Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Errusia, Txina eta Italiatik. Hau da, historikoki, esportazioak zein inportazioak herrialde berdintsuekin tratatu ditugu gurean.
Baina hori aldatzen ari da. Izan ere, 2007tik hona, sei herrialde horietatik bostetan, Hego Euskal Herrira inportatutako produktuen guztizko balioa jaitsi egin da. Kontra, orain arte gurean hainbesteko protagonismoa ez zuten zenbait estatu indartsu ari dira sartzen hornitzaile gisa. Esaterako, Mexiko eta Irlandako inportazioen balioa bikoiztu eta hirukoiztu egin da 2007tik hona. Kolonbiako igoera are deigarriagoa da: hango inportazioek 13 milioi euro baino ez zuten balio 2007an, eta 568 milioi eurotan daude orain. Ia kasu guztietan, energia produktuen erosketatik datoz hazkunde horiek. Irlanda da salbuespen bakanetakoa, erdi-manufaktura ekartzen baitugu handik.
> Etorkizunean, zer?
Euskal Herriak badu zer hausnartu, bereziki sektore batzuetan inportazioekiko duen behar handiaren inguruan. Industria eraldatzaileak pisu handia duen aldetik, energia ez ezik, bitarteko ondasun ugari ekartzen ditugu atzerritik; ezinbesteko elementuak zaizkigu, guk geuk ere gure produktu eta bitarteko ondasun espezializatuak ekoizteko eta horien esportatzaile izaten jarraitzeko. Produktu horiek oinarrizkoak dira, beraz, Euskal Herriko ehun produktiboarentzat, baina gure buruari galdetu beharko genioke ea ez ote genukeen jauzi egin behar menpekotasun txikiagoa eta balio erantsi handiagoa ekarriko lizkiguketen egoeretara.
Informazio osoa txostenean: "Inportazioak Euskal Herrian"