Ongizateko zerbitzuak, eskuragarritasunean desoreka (II): hezkuntza zentroen eskuragarritasuna

Ongizateko zerbitzuen artean hezkuntza zentroen mapa da irisgarritasunean desorekatuenetakoa. Desberdintasun horiek, gainera, ikasketa mailaren arabera antzemateaz gain ikastetxearen hizkuntza ereduaren arabera ere oso agerikoak dira.

Argazki orokorra

Hezkuntza zentroen eskuragarritasuna aztertzerakoan aurrez kontuan hartu behar dira zenbait puntu:

  • Hezkuntza zentroak zikloaren arabera hiru motatan banatzen dira: Haur Hezkuntzakoak, Lehen Hezkuntzakoak eta Bigarren Hezkuntzakoak (Lanbide Heziketa barne).
  • Hizkuntza ereduaren arabera ere bereizketa bat egin behar da, euskaraz ikasteak suposatzen duen desorekak ikusi ahal izateko.
  • Distantziak neurtzerakoan Euskal Herrian kokaturiko hezkuntza zentrorik gertuenera dagoen distantzia hartu da kontuan, herrialdeetako mugak kontuan hartu gabe.

Hezkuntza zentroen eskuragarritasuna*, 2015 (Km)

** Lehen mapak hezkuntza zentro guztiak hartzen ditu

Irudian ikus daiteke eskualdeka zein den Hezkuntza zentroen eskuragarritasunaren mapa. Agerian dago Arabako Ibarrak eta Mendialdea kaltetuenen artean daudela, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroa Garaiko mendebaldearekin batera. Bidaxuneko herri elkargoan, Salbaterraldeko herri elkargoan, Iholdi-Oztibarreko herri elkargoan, Oloroealdeko herri elkargoan, Erronkari-Zaraitzun, Irunberrialdean, Zangozerrian, Estellerriko Mendebaldean, Arabako Mendialdean eta Arabako Ibarran,  batez beste 7,5km baino gehiago egin behar da hezkuntza zentro batera heltzeko.

Euskarazko hezkuntza zentroen eskuragarritasuna**, 2015 (Km)

** Bigarren mapak euskarazko zerbitzua ematen duten hezkuntza zentroak hartzen ditu.

Bestalde,  bigarren mapa honetan, Euskaraz ikasi ahal izateko eskuragarritasuna nola aldatzen den erakusten da. Araba Hegoaldeak, Nafarroa Garaia eta Ipar Euskal Herriak dituzten gabeziak agerian uzten dira. Aturri Errobi herri elkargoan, Bidaxuneko herri elkargoan, Hazparneko Lurraldea herri elkargoan, Amikuzeko herri elkargoan, Salbaterraldeko herri elkargoan, Oloroealdeko herri elkargoan eta Arga-Aragoiko Erriberan,  20 km baino gehiago egin behar dira euskaraz ikasi ahal izateko.

Hezkuntza zentroen eskuragarritasuna

Haur hezkuntza zentroetarako  distantziak neurtzerakoan aipatu beharra dago bai Espainiar zein Frantziar Estatuan eskolaratzea derrigorrezkoa dela 6 urtetik aurrera, hau da, haur hezkuntza zikloa hortik kanpo geratzen dela, eta beraz, honen eskaintza ez da zertan derrigorrezkoa izan.

Hala, hurrengo taulan, haur hezkuntzako zentroen eskuragarritasunean eskualderik kaltetuenak zein diren ikus daiteke, eta azpian euskarazko zentroen eskuragarritasunean eskualderik kaltetuenen datuak, zenbait errepikatzen direlarik.

Lehen kasuan ikus daiteke nola irisgarritasun gutxien duten eskualde guztiak Ipar Euskal Herrian kokaturik dauden eta herrialdeko zein Euskal Herriko datuekin alderatuz nolako ezberdintasunak dituzten. Hala nola, Oloroealdeko herri elkargoaren kasuan, haur hezkuntzako zentro baterako batez besteko distantzia 22,2km-takoa da. Herrialdekakoan Zuberoakoa 11,9km-takoa da, eta Euskal Herrikoa, berriz, 4,7km-takoa.

Euskarazko haur hezkuntza eskaintzari dagokionez irisgarritasun zailtasunak areagotu egiten dira. Datu bakarrean laburtu beharko balitz, Euskal Herriko batez bestekoak konparatzea baino ez da behar, non ia hirukoiztu egiten den euskarazko haur hezkuntza zentroetara heltzeko distantzia: Euskal Herrian bataz bestekoa 11,2 km-takoa den bitartean, Lapurdin eta Nafarroa Beherean, hurrenez hurren, 32,6km eta 31,5km-takoa da.  Euskarazko eskolatze goiztiarrak etxean euskararik jasotzen ez duten haurrentzat garrantzitsua dela kontuan hartuta, azpimarratzekoa da hainbat eskualdetako gabezia hurrengo hamarkadetan izango duen eragina.

Lehen hezkuntzako zentroen eskuragarritasuna

Lehen Hezkuntza derrigorrezkoa da Euskal Herri osoan eta distantziak ere horren erakusle dira, hezkuntza ziklo hau bigarren zikoa baino eskuragarriago baitago.

Aurreko taulan ikusitakoarekin alderatuta jarraian aurkezten den taulak desberdintasun nabarmen bat erakusten du: kasu honetan lurralde kaltetuena ez baita Ipar Euskal Herria. Arabako Mendialdea da lehen hezkuntzako zentro gertueneraino bataz besteko distantzia luzeena egin behar duena, 11,5km. Horren ondoren Nafarroa Garaia da kaltetuena, baina 10 km. baino gutxiagoko bataz bestekoa gordetzen du.

Euskarazko eskaintzari dagokionez berriz ere Ipar Euskal Herria ageri da, bai herrialde mailan eta bai eskualde kaltetuenen artean ere. Euskal Herriko batez bestekoa 7,2 km-koa denean soilik, distantziak hiru eta lau aldiz biderkatzen dira.

 

Bigarren hezkuntzako zentroen eskuragarritasuna

Bigarren hezkuntzak derrigorrezko ziklo bat duen arren lehen zikloa baino askoz dibertsifikatuago dago lurraldean. Hurrengo tauletan antzeman daiteke hori, batez besteko distantziak asko handitzen direla ikus baitaiteke. Ziklo honetan berriz ere Araba eta Nafarroa Garaiko zenbait eskualde agertzen dira kaltetuen.

Bestalde, eta aurreko bi zikloetan bezala, euskaraz ikasteko zentroen eskuragarritasunak agerian jartzen ditu Ipar Euskal Herria eta Nafarroa Garaiko zenbait eskualde, euskaraz ikasteko 30km-tik gora egin behar baita eskualde askotan. Zuberoako datua nabarmentzekoa da, non herrialde guztiaren batez bestekoa 30,5 km-koa den.

Erronkak, gaurtik bihar

Lurraldeari dagokionez, hezkuntza arloan egoerarik larrienak Nafarroa Garaian metatzen dira. Esan daiteke zonalde hauetako biztanleak duten bizilekuaren ondorioz zuzenean kaltetuak direla, baina are gehiago euskal identitatea eskubide osoz gordetzea erabakitzen badute. Izan ere,  kasu horretan, familiek eta haurrek desplazamenduetan egiten duten ahalegina gainerakoena baino nabarmen handiagoa da. Ipar Euskal Herrian nozitzen dituzte alde horretatik distantziarik handienak, baina egoera orokortua da edozein kasutan; euskal hiztunek hainbat lurraldetan babesgabetasun egoera berbera jasaten baitute.

Aurrera begira kontuan izan behar da zerbitzu hauek eskura izateak edo ez bizilekuaren finkapenean eragina izan dezakeela. Horrenbestez, etorkizunean aintzat hartu beharrekoa izango da zerbitzuen eskuragarritasuna, bereziki Ipar Euskal Herrian bezala egoera zailean dauden eskualdeen kasuan, horrek berekin ekar baitezake zonalde horietako zahartzea ekidin edo horiek biziberritzeko aukerak sortzea.