Skip to main content

Hilkortasunaren ezohiko gorakadak 70 urtetik gorakoei eragin die nabarmen

COVID-19ak eragindako osasun krisiak markak hausten jarraitzen du. Zendutako pertsona kopuruari dagokionez, Euskal Herrian inoiz erregistratutako kopuru altuenak ere gainditu egin dira bukatu berri den urtean, eta, behin-behineko datuen arabera, 35.000 heriotzatik gora gertatu dira 2020an. 2019arekin alderatuta %13,6ko gorakada izan du iaz zendutakoen kopuruak, 4.200 heriotza gehiago. INE eta INSEE heriotzak zenbatzen hasi zirenetik ez da maila horretaraino iritsi den erregistrorik ezagutu.

Osasun larrialdia hasi zenetik heriotza kopuruari buruz eskaini diren datu ofizial guztiak behin-behinekoak dira. Horrek ez du esan nahi, ordea, iturri ofizialek eskaintzen dituzten datuek -definitiboak izan ez arren- egoerari neurria hartzeko balio ez dutenik. Arrazoi desberdinak tarteko, behin-betiko estatistikak ohiko atzerapenarekin argitaratzen jarraitzen dute, eta, 2020ko datu definitiboak 2021ko abenduan ezagutuko dira. Pandemiak eragindako testuinguru berrian, ostera, iturri ofizialek heriotza kopurua astero estimatzeari ekin diote.

Osasun larrialdiak adinekoak ditu begi puntuan

Joan berri den urtean hilkortasunak joera desberdinak izan ditu adin taldearen arabera. COVID-19aren urteko hedadura joerei jarraituz, 60 urtetik gorako biztanleriaren eta batez ere 70 urtetik gorakoen heriotza bolumena nabarmen handitu da. Izan ere, 2020an 2019an baino 70 urtetik gorako 3.730 herritar gehiago hil dira Euskal Herrian. Bestela esanda, 2020ko ezohiko heriotzen %89a 70 urtetik gorako pertsonei dagokie.

Belaunaldi gazteagoei dagokienez, 30-59 urte bitarteko herritarren artean hilkortasunaren igoera apalagoa izan da. 30 urtetik beherakoen artean, momentuko datuen arabera beti ere, 2019 urtean baino 20 pertsona gutxiago hil dira aurreko urtean zehar.

Udaberrian eta urte amaieran egin du gora hilkortasunak

2019 urteko heriotza datuekin alderatuta, Euskal Herrian hilkortasunaren ezohiko gorakada urteko 12. astean hasi zen, hau da, martxoaren 16-22 bitarteko astean. Hego Euskal Herria konfinamendu egoeran zen ordurako (martxoaren 15etik) eta Ipar Euskal Herrian neurri bera ezarri zen martxoaren 17an. Orduz geroztik hilkortasunaren ezohiko goraka joera ia urte osoan zehar mantendu da, martxoaren 16tik apirilaren 19ra bitarteko epealdiaren mailara iritsi ez arren: izan ere, bost aste horietan urtebete lehenago baino 2.130 heriotza gehiago metatu ziren.

Azken hilabeteei erreparatzen badiogu, azarotik aurrera hilkortasunaren ezohiko gorakadak indarra hartu du berriz.

Heriotzen hazkundea Nafarroa Garaian eta Araban

Urtebete lehenagoko datuekin alderatuta, heriotzen hazkundea handia izan da Nafarroa Garaian (+%22,8), Araban (+%17,7), Gipuzkoan (+%14,2) eta Bizkaian (+%11,3). Lapurdin hilkortasunaren hazkundea apalagoa izan da (+%4,5). Ipar Euskal Herriko barnealdeari so ez da aurrekoaren gisako joerarik antzematen. Areago, baliteke Nafarroa Beherean eta Zuberoan 2019 urtean baino heriotza gutxiago gertatu izana.

Halere, denboran aurrera egin ahala, heriotza berriak agertu daitezke urteko azken asteetako erregistroetan. Kasu batean zein bestean, behin behineko datuek Iparraldeko barnealdean osasun larrialdiaren ondorioak orain arte arinak izan direla adierazten dute.

>Erlazionaturiko edukia:

Azken bost hamarkadetako heriotza kopuru handiena erregistratu da apirilean (2020-05-25)

Etiketa orokorrak