Skip to main content

Biztanleria nabarmen hazi da eta lurraldean metatzeko joerari eutsi dio

Biztanleria datu berriak argitaratu dituzte estatistika erakundeek urtea hastearekin batera, ohiko lez. Azken datuon arabera Euskal Herriak 3.193.513 biztanle ditu. Urtebete lehenago erregistratutakoak baino 22.622 biztanle gehiago dira horiek (+% 0,71), eta azken hamarkadan Euskal Herrian urtetik urtera eman den biztanleria hazkunde handiena eragin du igoera horrek. Herrialdez herrialde begiratuta, guztiek irabazi dute biztanleria Zuberoak izan ezik.

Populazioaren banaketari dagokionez, azken urteetako joera sendotu egin da: herritarren %82,6a hiriguneetan eta bitarteko hiriguneetan bizi da. Bestela esanda, biztanleriaren %82,6a lurraldearen %15,1ean metatzen da.

Etorkin fluxuei esker egin du gora biztanleriak

Azken urteotan Euskal Herriko hazkunde demografikoa indartzen ari da. Hego Euskal Herrirako ez bezala, Ipar Euskal Herrirako badira 2021eko biztanleria datu ofizialak. Horien arabera, 312.754 dira egun bertan bizi diren herritarrak, aurreko urtean baino 3.062 gehiago. Aspalditik datorkio lurralde honi biztanleria hazkunde erritmo bizia. Hego Euskal Herriko azken datu ofizialek 2020/01/01eko data dute. Horien arabera, 2.883.840 dira erroldaturiko herritarrak; aurreko urtean baino 19.719 gehiago.

Azken sei urteotan Euskal Herriko biztanleria etengabe ari da hazten, jaiotza tasa apala izan arren, Euskal Herritik kanpo jaiotako etorkin berriei esker. Horiei esker ere, euskal gizartearen egitura demografikoa gaztetu egin da. Alde horretatik, gainera, euskal herritarren jatorri aniztasuna handitzen ari da (ikus "Euskal Herria, harrera herri bat, bi errealitate").

%17,4a baino ez da bizi landa eremuan

Joera nagusiak alde batera, lurralde mailako joerak etorkizuneko Euskal Herria egituratu dezaketen zenbait fenomeno ulertzeko lagungarri izan daitezke. Egun, euskal herritarren %55,4a hiriguneetan bizi da, eta %27,3a bitarteko hiriguneetan. Gainontzeko %17,4ak, aldiz, landa eremuan du bizilekua. Datu hori lurraldea hirigunea, bitarteko hirigunea eta landa eremuaren artean banatzen duen Europako Batasunaren azken DEGURBA sailkapenetik eratortzen da.

2020 urtean hiru eremuek herritarrak bereganatu  dituzten arren, azken hiru urteetan hiriguneen hazkunde demografikoa berrindartu egin da. Hirigune eta bitarteko hiriguneen pisuagatik Euskal Herriak Herbeheretakoaren antzeko lurralde egitura du. Kasu bietan, biztanleriaren %10-18ak baino ez du bizilekua landa eremuan. Ez dira asko munduan zehar gisa horretako populazioaren geografia duten herrialdeak.

Eskualdeei erreparatzean hainbat desoreka geratzen dira agerian. Nafarroa Garaiko mapa lokal berria indarrean denetik Euskal Herria 47 eskualdetan banatzen da. Azken urtean biztanle kopuruak behera egin du horietatik sei eskualdetan; iaz, hamar izan ziren biztanleria galdu zuten eskualdeak. 2020 urtean Nafarroako Pirinioak, Zangozaldeak, Kantauri Arabarra, Garazi Baigorrik, Xiberoa eta Iholdi Oztibarrek herritarrak galdu dituzte, baina azken hiru eskualdeen kasuan behintzat, joera hori ez da mantendu 2021 urte hasieraraino. Unean uneko joerak alde batera, azken hamarkadako biztanleriaren bilakaerak euskal geografiaren desoreka garrantzitsuak marrazten ditu.

Ipar Euskal Herrian eta Nafarroa Garaian lurralde desorekak sakontzen doaz

Ipar Euskal Herriko kostan populazio hazkundeak bere horretan jarraitzen du, eta, alde horretatik, bere hedadura kostatik gero eta barnealderago gorpuzten du: Bidaxune, Errobi, Errobi Aturri, Hego Lapurdi, Hazparne eta Hego Lapurdiko populazioa Euskal Kostaldea-Aturrikoa baino gehiago hazi da(+%6,7a 2010/20 epean). Bien bitartean, Xiberoak lehen mundu gerraz geroztiko despopulazioan murgilduta jarraitzen du, azken hamarkadan biztanleriaren %4,7a galtzeraino. Xiberoaren bidetik, Oloroealdeak ere biztanleria galdu du.

Nafarroako Pirinioetako datuak egoera larria marrazten ari dira, azken hamarkadan biztanleen %14,4a galdu eta gero. Zangozaldea, Nafarroako Erdialdea eta Jurramendi eskualdeen biztanleria galerek ere lurralde gabeziak uzten dituzte agerian. Ez dira Nafarroa Garaian biztanleria galdu duten eskualde bakarrak, Lizarraldeko Erriberak, Sakanak, Izarbeibarrek, Goi Erriberak, Bidaso Garaiak eta Larraun-Leitzaranek ere biztanleria galdu baitute, apalki bada ere. Bitartean, Arga eskualdearen (Iruñerria + Haranak) herritarrak metatzeko gaitasuna indarberritzen ari da. Aurrepirinioek ere handitu egin dute biztanleria oro har, baina eskualdearen iparraldean biztanleria galera nabarmena da. Nafarroako Erriberak biztanleria bolumenari eutsi dio.

Aspaldiko despopulazio joerak eten egin dira Araban eta Bizkaian

Araba hegoaldeko eskualdeak aspaldian populazioari eutsi ezinik dabiltza, baina herritarren bolumena indarberritzen ari da azken urteotan. Lehenik Trebiñu, gero Arabako Ibarrek eta, azken urtean, Arabako Mendialdeak (+17 biztanle) eta Errioxa Arabarrak (+32) herritarren galera eten egin dute. Denborak erakutsiko du epe luzeko edo motzeko joera den, baina despopulazio joera luze baten ondotik egoera zaurgarrian dira egun. Kantauri Arabarra azken urtean herritarrak galdu dituen Arabako eskualde bakarra da.

Bizkaian Bilbo Handiak eta Lea-Artibaik herritarrak galtzeari utzi diote azken bizpahiru urteotan. Halarik ere, oraindik ez dira iristen hamarkada bat atzera zuten biztanle kopurura. Plentzia-Mungiako biztanleria, aldiz, 2010az geroztik +%10a hazi da.

>Erlazionaturiko edukia:

Euskal Herriko eskualde bakoitzari buruzko diagnosi xeheagoa nahi izanez gero, egin klik hemen.

Etiketa orokorrak