Hemendik eta 2030era, ia heren bat haziko da 65 urtetik gorakoen kopurua Euskal Herrian, 14 urtetik beherakoena laurden bat baino gehiago murriztuko den bitartean. Euskal herritar gutxiago izango gara, baina batez ere, zaharragoak.
Kopuruei dagokienez, 2030a bitartean %2,9 jaitsiko da Euskal Herriko biztanleria, eta hiru milioi lagun baino gutxiago izatera igaroko gara berriz ere. Dena dela, aldea nabarmena da herrialdearen arabera: Lapurdin 9 puntu haziko da biztanleria, eta Nafarroa Beherean ia 5 puntu, baina beste herrialde guztietan gutxiago izango gara. Hori horrela, Ipar eta Hego Euskal Herriko joerak kontrajarrita egongo direla diote prospekzioek: goranzkoa izango da Ipar Euskal Herrian (Zuberoan izan ezik), eta beheranzkoa Hego Euskal Herrian.
Adin-tarteei begiratuta, gainera, desberdintasun nabarmenak egongo dira Ipar Euskal Herrian bertan, Lapurdi eta Nafarroa Beherearen artean. Izan ere, aurrenekoan 65 urtetik gorakoetan haziko da gehien biztanleria (%17); eta bigarrenean 15-39 urte artekoetan (%14,36), 65 urtetik gorako taldea murriztu egingo den bitartean (%-1,24). Gaur egungo joerari jarraiki, beraz, Ipar Euskal Herriko kostaldeak adinekoak erakartzen jarraituko du, eta Lapurdi barnealdea eta Nafarroa Beherea gaztetu egingo dira.
Dena dela, Hego Euskal Herriko biztanleria nabarmen handiagoa denez, oro har oso zahartuko da Euskal Herriko adin-piramidea datozen hamabost urteotan. Datu bat ematearren, 2030erako gehiago izango dira 85 urtetik gorakoak 10 urtetik beherakoak baino.
Hego Euskal Herrian, 60 urtetik gorakoak biztanleria osoaren %20 izatetik ia %29 izatera igaroko dira 2030erako. Euskal Herriko zahartze-tasa nabarmen handituko da, beraz, baina kontuan izan behar da joera hori orokorra dela Europan, nahiz eta gurean bereziki nabarmena izan. Alemanian, esaterako, 65 urtetik gorakoak %21 izatetik %28 izatera igaroko dira datozen hamabost urteotan.
Arazo handiena zera da, inon gutxi murriztuko dela 15 urtetik beherako biztanleriaren proportzioa Euskal Herrian adina, eta horrek eragin sakona izango du datozen hamarkadetan lanean egiteko adinean egongo den euskal herritar kopuruari dagokionez. Gainbehera oso nabarmena aurreikusten da: 2030erako ia hamar puntu jaitsiko da 15-64 urte artekoen kopurua. Horrek askotariko ondorioak izango ditu; besteak beste, pentsio sisteman eta osasun eta zaintza zerbitzuetan egin beharko diren inbertsio publikoetan.