Ezaugarri demografiko kezkagarriak Euskal Herriko zenbait lurraldetan

Azken hamarkadetako biztanleriaren bilakaerak ekarri du egungo egitura demografikoa. Populazioaren zahartze prozesuak, lurraldekako haur eta gazteen kopuru desorekatuak edota emakumeen presentzia ezegonkorrak eragina izan dute Euskal Herriko demografiaren bizitasunean. Izatez ez dira gutxi halako faktoreek kolpatutako lurraldeak, eta dinamismo demografiko osasuntsu bat mantentzeko zailtasunak adierazten dituzte horietako askok. Egoera horretan dauden eskualde eta udalerriak zeintzuk diren azaltzen da jarraian, bai eta egoera horretan eragin dezaketen aldagai posibleak zeintzuk diren zehaztu ere.

 

Ikuspegi orokor bat

Gogoan izan dezagun II. Mundu Gerraz geroztik Euskal Herrian intentsitate handiko prozesu sozio-demografikoak bizi izan dituela. Horren baitan ulertu behar da inoiz ezagutu den industrializazio faserik handiena eta biztanleriaren hazkunderik intentsoena (emigrazioa jasotzearekin batera jaiotza kopuruaren hazkunde handia). Ondoren 80 hamarkadako krisialdi ekonomikoa etorri zen eta jaiotza tasaren jaitsiera bortitza. Horrela, gaur egun adineko biztanleriaren proportzioa handia izateaz gain, ugaltzeko adinean dagoen biztanleriaren kopuru apal batekin bat egiten du. Desoreka horretan ezinezkoa da belaunaldien arteko ordezkapen orekatu bat. Kontzentrazio urbanoaren hazkundeak, halaber, zenbait zonalde indartu dituen bezala, beste hainbat biztanle gaztez hustu ditu.

Guztira, Euskal Herria osatzen duten 52 eskualdeetatik 10 daude egoera kezkagarrian. Sei Nafarroa Garaian daude, bi Zuberoan eta bana Araba eta Bizkaian. Behean nabarmendutako eskualdeak dira, landa izaerakoak eta biztanleria gutxikoak, baina horietako batzuk azalera geografiko handia hartzen dute. Hamar eskualdeek 100.000 biztanle zenbatzen dituzte guztira, Euskal Herriko biztanleria osoaren %3,2a.

Ondorengo taulan definitu ditugun aldagai demografikoetan ikusten den bezala, ez dago eskualde guztien ahulezia demografikorako eredu bakar bat. Erronkari-Zaraitzu bezalako eskualdeek, esaterako, 65 urtetik gorako biztanleriaren presentzia handia dute, 14 urtetik beherako nahiz 15-29 urte bitartekoen presentzia baxua eta etorkin kopuru urria.

Aldiz, Baztanaldeak, etorkin kopuru baxua izan arren, gazteen presentzia altua du eta baita bizitasun izpi berriren bat ere. Alabaina, azken urteetan biztanleria galtzen hasi da, eta berez daukan biztanleria urriagatik eta kokapen geografikoagatik ez du birsortzeko beste udalerrien erraztasunik. Estellerria Mendebaldean ere antzeko zerbait gertatzen da: etorkinak erakartzeari esker, biztanleria ez da bereziki zaharra baina birsortzeko arazoak izan ditzake.

 

Udalerri mailan

Udalerri mailan datuei erreparatuz gero, errealitate demografiko kezkagarria dutenen sailkapena erabilitako irizpideen araberakoa izan daiteke. Euskal geografian, udalerri mailako errealitateak eskualdeen artekoak baino anitzagoak dira. Horregatik, irizpide murriztaileagoak baliatu ditugu Euskal Herriko 685 udalerriak aztertzeko orduan eta hau da ondorioa: 64 udalerriren joera demografikoak euren biziraupena auzitan jartzen dute.

Orokorrean, tamaina txikiko udalerriek bizitasun demografiko ahulagoa edukitzeko joera dute, gainontzekoak baino metabolismo sentikorragoa dutelako. Izan ere, 2009 urtetik Bilbok 8.000 biztanle galdu baditu ere (Ondarroako biztanleria osoa bezainbeste) horrek ez du Bizkaiko hiriburuaren biziraupena kolokan jartzen.

Aipatutako 64 udalerri horiek guztiek 200 biztanle baino gutxiago dituzte eta geografikoki nahiko pilatuta daude: 14 Estellerria Mendebaldean daude, 12 Estellerria Ekialdean, 10 Erronkari-Zaraitzun, 8 Auñamendi eskualdean eta 6 Zangozerrian. Tafallaldean, Xiberoa herri elkargoan, Bidasoa Garaian, Salbaterraldeko herri elkargoan, Arabako Mendialdean, Aralarko Iparraldean, Garesaldean, Irunberrialdean edota Tuteraldean daude gainontzekoak. Herrialdeka, 64 udalerri hauetatik 59 Nafarroan daude, 4 Zuberoan eta bat Araban.

Horietako 20 udalerri epe ertain edo luzera desagertze arriskuan daude, duten biztanleria bolumen txikiagatik eta biztanleria horren biziberritzeko ezaugarri ahulengatik (ikus mapan gorriz dauden udalerriak).

Lurralde desoreka ulertzen laguntzen duten zenbait aldagai

Asko dira zonalde bateko joera demografikoetan eragina izan dezaketen faktoreak. Eskualde bakoitzaren kasuistika desberdina da, baina badira errealitate demografikoei testuingurua jartzen laguntzen dieten faktore komunak ere. Laburki, garrantzitsuak diren hiru gako daudela esan dezakegu: oinarrizko zerbitzuekiko irisgarritasuna, tokiko ekonomia bultzatuko duen ehun produktiboa eta etxebizitza parkearen bilakaera azken hamar urteetan (2001/11).

1- Zerbitzuen irisgarritasunean lurraldeen desoreka

Hurrengo irudian ikus daitekeen bezala, kolore ilunena duten eskualdeek dute oinarrizko zerbitzuetara irisgarritasun baxuena.

Oinarrizko zerbitzuetarako distantzia neurtzeko, aintzat hartu ditugu errepidez hezkuntza azpiegitura hurbilenera dagoen distantzia (haur hezkuntza, lehen maila eta bigarren mailako hezkuntza), osasun zentro hurbilenera dagoena (Nafarroa Garaiaren kasuan kontsultategiak barne), ospitale hurbilenerakoa eta txikizkako saltoki batera dagoen distantzia. Zerbitzu guztiei garrantzi maila berbera eman diegu eta eskualde bakoitzeko balioa eskualdea osatzen duten udalerri guztien batez bestekoaren emaitza da. Urruntasun egoera hobeto azaltzeko errepide sare nagusiaren ibilbidea marraztu dugu.

Irudiak islatzen duen moduan, egoera demografiko kezkagarria duten hamar eskualdeek oinarrizko zerbitzuekiko irisgarritasun maila baxua dute, edo, beste era batera esanda, distantzia handia egin beharra horiek eskuratu ahal izateko. Erronkari-Zaraitzu da guztien buru, ospitale eta hezkuntza azpiegitura hurbilenera duen distantzia luzeagatik. Irunberrialdea, Baztanaldea edo Zangozerrian ere batez besteko distantziak antzekoak dira.

2- Ekonomiaren trakzioa eragin dezakeen ehun produktiboaren lurralde desoreka

Kasu honetan, 50 langile baino gehiagoko establezimenduen banaketa irudikatzen du mapak. Izan ere, establezimendu handien urritasunak askotariko enpleguak sortzeko nahiz soldata duinak bermatzeko oztopo izan daiteke. Hein handi batean establezimendu handiak, lanpostuak sortze aldera garrantzitsuak izateaz gain, ekonomiaren dinamizaziorako tresna dira, trakzio-efektua eragiten baitute euren inguruan.

Kolore ilunez adierazitako eremuek honelako kasu hauetako gehien pilatzen dituzte. Ikus daitekeen moduan, batik bat, Bilbo, Donostia, Iruñea, Gasteiz eta Baiona inguruan pilatzen dira. Beste eskualde batzuetan ere presentzia dute (industria izaerakoak guztiak), alegia, errepide sare nagusia igarotzen den horietatik (marra berdez marraztuta), hain zuzen ere, Europa Iberiar Penintsularekin eta Afrikarekin lotzen duen sarea.

Irudian, halaber, aipatu ditugun 10 eskualdeak geografikoki isolatuta daudela ikus dezakegu, Euskal Herriko ardatz ekonomiko nagusietatik urrun. Estellerria Ekialdea da salbuespen bakarra, izan ere, bertatik igarotzen da A-12 errepide berria, beraz, isolamendua ahulagoa izan arren, oraindik ez da somatzen errepide berri horren eraginik. Gainontzean, argia da trakzio ekonomikoa sor dezaketen establezimendu ezaren eta depresio demografikoaren arteko lotura.

3- Etxebizitza parkea, azken hamarkadako hazkundearen lurralde desoreka

Etxebizitza parkearen bilakaera da egoera demografikoa ulertzen laguntzen digun hirugarren elementua. 2001/2011 hamarkadan Euskal Herriko etxebizitza parkea zeharo aldatu da, higiezinen inguruko jardueren goren aldiarekin lotuta: %16,4 hazi zen parkearen tamaina. Argi dago, ordea, etxebizitza kopuruaren hazkundea oso desorekatua izan dela lurraldean eta ez diola beti eskaerari erantzun. Ondorioz, biztanleria mugimenduak gertatu dira.

Hamarkada horretan eskualde guztietan egin zuen gora etxebizitza parkeak, baina igoera ahulagoa da ahulezia demografikoa bizi duten eskualdeetan: Zangozerria (+%1,5), Salbaterraldeko herri elkargoa (+%3,3), Erronkari-Zaraitzu (+%6,8) eta Xiberoa herri elkargoa (+%9,1).

Erronkak, gaurtik bihar

Datuek erakusten dute Euskal Herriko hainbat lurraldek duen joera demografikoak arriskuan jartzen duela haien biziraupena: eskualdeen artean bostetik batek gurutzatu du marra gorria, eta hamarretik batekoa da herrien proportzioa. Ikusi da, halaber, faktore desberdinen konbinazioak bultzatu dituela arrisku horretara: zerbitzuen irisgarritasun eskasak, ehun produktiboaren ahultzea eta etxebizitza parkeen hedapenak sortutako desorekak baitira. Egia da zenbait zonalderen bizitasun demografiko eskasa ez dela berria. Alegia, ikerketa honek aztertu duen epealdia (2008-2014) baino lehenagokoa ere badela eta hala ere bizirik dirautela oraindik. Nolanahi ere denbora kontra dute guztiek eta bizitasuna indartzeko programa estrategikoak ezinbestekoak izango dira etorkizunean egoera horri buelta eman nahi bazaio.