Hamarkada honen hasierako mundu mailako osasun krisiak Euskal Herrian (beraz Gaindegian ere) utzi zuen arrastoa gaindituta, behategiak indarberritzeari ekin dio, eta hala eman dio hasiera ibilbide berriari.
Birdimentsionatu egin ditu bai bere egitekoa eta bai barne-egiturak.
Lehenengoari dagokionez, Euskal Herriaren argazki sozioekonomiko eguneratua —urteroko estatistikaren bitartez landutakoa— jorratzen zentratuko da. Horretarako zerbitzua kontratazioaren bitartez lotuko da, eta ez baliabide propioz.
Txosten estatistikoa landuta, horren dibulgazioa eta edukien inguruko gogoeta saioak egitea litzateke bigarren urratsa. Dibulgazioa bai informazio orokorreko komunikabideetan, bai espezializatuetan eta bai hezkuntza mailan, eskoletan eta unibertsitatean. Gogoeta saioetarako, eduki kritikoak aukeratu, eta interes taldeei aurkeztuko litzaieke (enpresaren, sindikatuaren, administrazioaren eta ingurugiroaren arloko adituei, eta abar).
Txostenok, bai eta webgunea, beste hiru hizkuntzatan argitaratuko dira, euskaraz aparte: espainola, frantsesa eta ingelesa.
Barne egiturei dagokienez, elkarteen ohiko zuzendaritza eta bazkideen batzarraz aparte, adar berria jarri du Gaindegiak jada abian. Batzorde Zientifiko izena eman zaio. Ez da izango organo erabakitzailea, aholku emailea baizik, baina erakundearen barruan garrantzi handiko betebeharra izango du.
Hamabost pertsonak osatzen dute batzorde hori. Horien artean Euskal Herrian diren unibertsitate guztietako adituak daude, katedradun, doktore eta ikertzaile. Hor dira Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate publikoak; Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Lapurdiko Estia izeneko Industria Teknologien Goi-Eskola. Falta dira Nafarroako unibertsitatea eta UPPA Universte de Pau y des Pays de l’Adour, baina espero da bi zentrootako adituak laster izatea batzordean.
Gehienak ekonomia, soziologia eta teknologia berrien arlokoak dira, baina badira administrazio publikoetako goi-kargudun ohiak ere.
Osakideen soslaiak ikusita, batzorde horren helburua da Gaindegiaren txostenei kalitate bermea eta fidagarritasuna ematea. Lehen egitekoa 2025eko eta hortik aurrerako txosten sozioekonomikoa lantzeko irizpideak proposatzea izango da.
Batzordeko koordinatzailea Anjeles Iztueta da, matematikaria eta Eustateko kide ohia, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburu ohia eta gaur egun Udako Euskal Unibertsitateko Zuzendaritza Batzordeko kidea.
Organo erabakitzaile hori osatzeko, euskal lurraldeak, genero irizpidea, sozio-ekonomiarekiko loturak eta antzerako irizpenen arteko orekak bilatu dira, bai eta pertsonen gaitasuna ere, talde benetan plurala eta eraginkorra izan dadin. Besteak beste, Agirre Lendakaria Center, MonzonLAB eta Ipar-Hegoa fundazioko kideak daude bertan, bai eta Eusko Ikaskuntzako ordezkari bat ere, gaur egungo Gaindegia behategiko lehendakari eta garai bateko Eusko Ikaskuntzako lehendakari izandakoa, Iñaki Dorronsoro, hain zuen.
Pertsona bakarra dago Gaindegian nominan, Miriam Herrero kudeatzailea. Gainerako guztiek boluntario lana egiten dute. Egitekoen finantzaketa, bestalde, finantza erakundeetatik eta Administrazio publikoetatik egitea aurreikusten da. Gaur-gaurkoz, lerrook idazteko orduan, Laboral Kutxarekin eta Nafarroako Gobernuarekin lotu dira ekarpen konpromisoak, baina laster baterako iragarrita daude beste ekarpen esanguratsu batzuk ere.
Jardun esparrua finkatuta eta egiturazko zutabeak eraikita, ibilbide berriari ekiteko moduan da Gaindegia.