Skip to main content

[IRITZIA] Gure gazteen erbesteratzea, IMANOL ESNAOLA

Aktualitate mediatikoa osagai askoren konbinazioa izan ohi da. Egun hauetan Euskadiko Gaztediaren Kontseiluak Euskadiko Autonomia Erkidegoa utzi duten gazteen datuak ematearekin batera errealitate honen gaineko irakurketa eskaini digu, egoera hori egoera ekonomiko-laboral eskasak eragindakoa dela jakinaraziz.

Euskadiko Gaztedia Kontseiluaren adierazpena ezin egokiagoa da bizi dugun garai honetan. Izan ere, esan beharra dago gure belaunaldirik formatuena lan-esku merke izateko bidean sartzea beste aukerarik ez zaiola eskaintzen ari eta horrela ez dagoela ez eskubideen bermerik ez etorkizuna sozio-ekonomikoa eraikitzeko estrategia ordenaturik.

Ez genuke horretan geratu behar ordea. Euskal Herrian aspaldian bizi ditugu gure lurraldeak gaztez hustu dituzten prozesuak. Ipar Euskal Herrian lanez eta formazio egitura propioez urri, hamarkadaz hamarkada milaka gaztek utzi du bere sorlekua ikastera eta lan bila Frantziara joateko. Garapen Kontseiluak jakinarazi zuenez goi ikasketak egiten dituzten ikasleen %64 ziren Frantziarat joaten ikastera (2006), eta ondoren lanera, Ipar Euskal Herrian goi mailako titulazioak eskatzen duten lanpostuak eskas baitira. Hau da, Frantziako errepublikak ezarritako sistema kolonialean euskal lurrean sortutako seme-alaba askok sorterria utzi beharra dute ikasketa amaitu edo lana topatzeko. Formazio maila handieneko herritarrak galdu edo hauek formazio maila apalagoko lanpostuetan bizitzera behartu dituzte.

Errealitate honek gure herriaren memoria politiko eta sozio-ekonomikoan leku aipagarria merezi duelakoan nago. Ez bakarrik gaztediarengan ezarritako bortxakeria ekonomiko horrengatik, lurraldea bera bere garapenerako behar duen oinarri sozialetik hustu duelako, bereziki eremurik euskaldunenak. Berriki eman dugun datuak (barnealdeko errenta pertsonala kostaldekoa baino %27 apalagoa dela) erakusten digu zenbateraino eremurik euskaldunenak izan diren ahulduak.

Galdera honen parean, ordea, geure buruari galdetu behar genioke zer egin dugun urte hauetan gazte horiei beste aukera bat eskaintzeko. Hegoaldeak edo abertzalegoa nagusi izan den instituzio eta espazioetan ez gara gai izan gure baliabide eta balizko burujabetasunaren izpi bat eskaintzeko.

Zer esan, halaber, hegoaldeko nekazal eremuez, mendialdeaz bereziki? Zenbat gaztek utzi du bere herria ikastera edo lanera joan eta sekula ez itzultzeko? Hilzorian ditugun herri eta eskualdeetan ere exilio ekonomikora joandako gazte askoren beharra dute orain. Ez dira itzuliko. Eta inoiz ez ditugu aintzat hartu. Are gehiago, indarrean jarritako lurralde antolamendu politikek ez dute aintzat hartu gaztediak betetzen duen egiturako funtzioa lurralde bakoitzean.

Beste mutur batera jota, euskal gazteek nozitu behar izan duten etxebizitza politikaz ere mintza gaitezke, zeinak belaunaldi osoak hamarkadetarako zorpetu dituen, krisi garai honetan malgutasun aukerak murriztuz, eta hainbat kasutan bere sorterritik urrunduz etxebizitza “ordaingarrien” bila. Gauza bera esan daiteke zenbait unibertsitateren hizkuntza politikaz (Gogoan dut Lizarbe –PSN- UPNA erdalduna aldarrikatzen eta Alli –CDN- euskara eskatzen gazteak Leioara joan ez zitezen)… Euskal gaztediak nozitu behar izan dituen exodoak eta exilioak, ikuspegi ekonomikotik, askotarikoak izan dira. Madrilen pozik izango dira geure ondarea nola galtzen dugun ikusita. Parisen, ordea, aspaldi aurkitu zituzten politika horren onurak.

Luze jardun gaitezke zer gertatu zen azaltzen edo zer egin daitekeen zehazten, baina ezinbesteko lan bat egin beharrean gaude aurretik. Hots, naziogintzaren ikuspegitik euskal gaztediarengan eragin duten prozesuak eta hauen ondorioak aztertu behar ditugu, beti ere, lurralde ikuspegia galdu gabe. Gaztediaren egiteko egituratzailea aitortu gabe gurean ere lehen mailako gazteak eta bigarren mailakoak izaten jarraituko dugu, eta are okerragoa dena, ez gara bizi dugun galeraren jakitun izango.

Imanol Esnaola