Skip to main content

[IRITZIA] Barnealdekoak pobreagoak? Solange Mariluz, Ekonomialaria

Image removed. Solange Mariluz

Gaindegiak Ipar Euskal Herriko ekonomiak banatzen dituen fruituen berri eman zuen: fruitu geroz eta eskasagoak kostaldetik barnealderat. Alabaina %27ko tartea dago kostaldeko eta barnealdeko biztanleen errenten artean. Desoreka demografikoari diru mailakoa gehitu behar zaio beraz.

Jada baginakien gure ekonomia motagatik bataz bertzeko errentak apalak zirela, Akitaniakoen pekoak adibidez. Orain badakigu barnealdeko jendeak kostaldekoak baino laurden batez pobreagoak direla, diru irabazi garbien aldetik betiere.

Nolaz ? Lehen lehenik lanpostuak begiratu behar dira. Izan ere, lanpostu kalifikatuenak kostaldean kokatzen dira : administrazio, osasun, hezkuntza ala industriako jarduerek sortutakoak. Horrezaz gain etxe ala apartamendu jabeek beren errenta goratu dute turismoaren eta azken hamarkada hauetan gelditu gabeko biztanle berrien etorrerarekin. Etxegintzakoek ere errenta nabarmen handitu dute.

Tokiko biztanleriaren parte batek errenta goratze hauen onurak jaso baditu ere, kanpotik jinikoek dituzte lanpostu sariztatuenak betetzen, jinikoen kalifikazio heina handiagoa baita tokikoena baino.

Erran bezala, errenta garbia %27 apalagoa da Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Hala ere ez da ahantzi behar bizitzaren kostua garestiagoa dela kostaldean (azken urte hauetako etxebizitzen garestitze ikaragarria hor dugu) eta barnealdean dinamika berriak sortzen ari direla enplegua sustatuz eta orain arteko mugikortasuna barnealdetik kostara mugatuz. Teknologia berriek ere nekez neurtzeko gai garen praktikak aldatu dituzte zenbait mugimendu mugatuz (desmartxa administratiboak, erosketak, ... ).

Barnealdeak baditu karta ainitz eskutan, bertzeak bertze gazteri dinamikoa (gazteen partea nahiko apala bada ere) eta kohesio sozial maila handia.

Kalitatea ez da kantitatearekin nahasi behar eta metaketan oinarritzen den modelo ekonomikoaren mugetan gaudenez guk ere bertze gisa batez analizatu beharko ditugu errenta mailako emaitza horiek.

Solange Mariluz