[2021-I] 157.900 langabe Euskal Herrian, aurreko hiruhilekoan baino 9.000 gehiago (INE)

INEk 2021eko lehen hiruhilekoari dagozkion langabeziaren datuak argitaratu berri ditu. Horien arabera, Euskal Herriko langabezia tasa %10,68koa da, aurreko hiruhilekoan 0,66 baino handiagoa.

INEko datuen arabera 157.900 dira Euskal Herriko langabeak. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta 9.000 gehiago dira horiek. EUSTATen datuei erreparatuta, ordea, langabezia tasa 0,25 puntu apaldu da. Halere, INEren paretsu ezartzen du langabezia tasa: %10,74. Iazko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, bi iturriak bat datoz langabezia tasaren igoerari dagokionez.

Azken hiruhilekoan langabezia tasak joera desberdinak izan ditu lurraldearen arabera. INEren datuei jarraiki, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta langabezia tasak nabarmen egin du gora Gipuzkoan eta Araban; 2,24 eta 1,32 hurrenez hurren. Modu apalagoan hazi da Bizkaian, 0,18ko igoera erregistratuta. Are apalagoa izan da Ipar Euskal Herrian langabezia tasak izan duen 0,04ko igoera. Kontrako joera gertatu da Nafarroa Garaian, hau ere modu apalean izan bada ere. Hala, langabezia tasak 0,2 puntuko jaitsiera izan du herrialde horretan.

EUSTATek kaleratutako azken datuen arabera, ordea, 2021eko lehen hiruhilekoko langabezia tasa Bizkaian 0,7 eta Gipuzkoan 0,3 puntu txikitu da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Arabako kasuan EUSTAT eta INE bat datoz langabezia tasaren igoerari dagokionez.

Biztanleria aktiboaren beherakada nabarmena

Azken hiruhilekoan 9.000 langabetu gehiago daude Euskal Herrian INEren arabera. EUSTATen arabera, ostera, 4.400 gutxiago dira horiek. Nolanahi ere, bi iturriek nabarmentzen dute biztanleria aktiboa gutxitu izana: 5.200 aktibo gutxiago INEren arabera eta 6.200 aktibo gutxiago EUSTATen arabera. Lurraldeka begiratuta biztanleria aktiboaren bolumena gutxitu egin da Bizkaian eta Nafarroa Garaian. Gipuzkoan eta Araban ere hala gertatu da EUSTATen arabera. Edonola ere, urtebete lehenagoko datuekin alderatuta Euskal Herriko biztanleria aktiboa ez da gutxitu, baina langabetuen bolumenak nabarmen egin du gora.

INEren datuekin jarraituz, Euskal Herrian duela urtebete baino 32.600 langabe gehiago daude 2021ko lehen hiruhilekoari dagokionez. Azken urtebetean bai langabetuen bolumena zein langabezia tasa lurralde guztietan handitu da. Urtebete lehenagoko datuekin alderatuta, langabezia tasaren igoera oso handia izan da Araban (+5,72), Nafarroa Garaian (+2,90) eta Gipuzkoan (+2,35), Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteek (ABEEE) egoera leundu duten arren. Gaur gaurkoz, Bizkaiak du langabezia tasarik altuena (%12,04), Nafarroa Garaiari (%11,45) eta Arabari (%11,31) aurrea hartuz. Langabezia tasarik txikiena, ordea, Ipar Euskal Herrian kokatzen da (%7,02).

Europar Batasunean langabezia tasa gora, baina Euskal Herrian baino murritzagoa da

Europar Batasunean (EB-27) ere langabezia tasak gora egin du 2021eko lehen hiruhilekorako behin-behineko datuen arabera. Grezia (%16,2), Espainia (%16,0) eta Kataluniak (%12,9) dute langabezia tasarik handiena. Euskal Herria horien atzetik kokatzen da, Italiaren pare (%10,7). Euskal Herriko langabezia tasa EB-27koa (%7,8) baino 2,9 puntu handiagoa da egun. Alemanian, ordea, langabezia tasa apala izaten jarraitzen du (%4,6).

2020 urtean Euskal Herriko langabezia tasak EB-27koa gainditu zuen sexu, adin eta ikasketa-maila guztietan. Nabarmentzekoa da 15 eta 24 urte bitarteko gazteen langabezia tasa (%30,1), EB-27koa ia bikoiztuz. 25-34 urte bitartekoen artean ere (%12,9), EB-27ko langabezia tasa 4,1 puntutan gainditu zuen. Formazioaren ikuspegitik, lehen eta bigarren mailako herritarren langabeziak Euskal Herrian EB-27koa baino 4 puntu handiagoa zen. Genero ikuspegitik, Euskal Herria eta Europa arteko langabezia arrakala handiagoa zen emakumeen artean gizonen artean baino.

Gai orokorra:
Etiketa orokorrak: