Berrogeialdian zaurgarritasun egoeran egon daitezkeen herritarrak

2020ko martxotik Euskal Herri osoan berrogeialdi egoera indarrean da. COVID-19ak sorrarazitako osasun larrialdia medio Espainiako Gobernuak martxoaren 15an ezarri zuen berrogeialdia Hego Euskal Herri osoan, eta Frantziako Gobernuak, bi egun beranduago Ipar Euskal Herrian. Munduko herritarren heren batek normaltasunez etxetik atera ezinik dabil. Ezohiko egoera honek erpin anitz ditu: COVID-19ak sorrarazitako osasun larrialdiak herritarren artean uneko egoerari aurre egiteko premia desberdinak sortu ditu. Osasun larrialdia gainditzean, inork ez du zalantzan jartzen COVID-19aren arrastoak zenbait premia zahar indartu eta premia berriak ekarriko dituela. 

Goiz da osasun larrialdiaren ondorio psikologiko, sozial, ekonomiko edo kulturalak identifikatzeko eta neurtzeko, baina berrogeialdia iraun bitartean zaurgarritasun egoeran egon daitezkeen zenbait herritar multzo kuantifikatzea behin-behineko ariketa interesgarria da. Euskal Herrian hauek lagundu asmoz Batera zaintza sare herritarra, Ipar Euskal Herriko Elkartasun Sarea edota Eusko Jaurlaritzak antolatutako Guztion artean elkartasun sarea martxan jarri dira, besteak beste.

  1. Egoerari bakardade egoeran aurre egin behar izateak zaurgarritasun ezaugarri bat izan daiteke, eta Euskal Herrian, bakardade egoeran dira 378.400 euskal herritar. Euskal Herriko herritarren %12,2a da hori, baina Ipar Euskal Herrian proportzioa %19,2ra handitzen da. Berrogeialdiari bakardade egoeran aurre egiten ari direnen proportzioa handiagoa da hiriburuetan, hiriburuetatik kanpo baino.
  2. Mendebaldeko famili-egituran bakardadea maiz zahartzaroari estu lotua ageri da, eta euskal lurraldean 65 urtetik gorako 161.500 pertsonek bakardadean bizi dira. Hau da, adinekoen ia laurden bat (%24,3) bakardadean bizi da. Proportzio hau handiagoa da, berriz ere, Ipar Euskal Herrian (%34,8).
  3. Adinekoen artean beste 292.900 herritar etxean seme-alabarik gabe bikotekidearekin bizi dira. Hau da, etxean ez da oinarrizko beharrak asetzeko erosketak egitera joan daitekeen 65 urtetik beherako pertsonarik. Adinekoen %44,1a egoera honetan bizi da. Proportzioa handiagoa da Iparraldean Hegoaldean baino.
  4. Guraso bakarreko familiak zaugarritasuna pairatzeko arriskuan dira, bai zaintza aldetik zein alor ekonomikotik. Izan ere, gabezi materialak nozitzeko arriskua ia hirukoizten da guraso bakarreko familietan, Euskal A.E.n Eusko Jaurlaritzaren Behar Sozialei buruzko Inkestaren arabera (2018). Guraso bakarreko familietan bizi dira 305.100 herritar (izan seme-alaba, izan guraso), familia horietan emakumeak gehienetan buru.
  5. Berrogeialdi egoeran herritar askoren diru iturriak desagertu edo murriztu egin dira, baina hilero bezala gastu esanguratsuei aurre egin beharrean jarraitzen dute. Etxebizitzari loturiko gastuak lotzen ditu herritarren kopuru garrantzitsua: Hego Euskal Herriko bizikidetza-unitateen %28,5ak etxeko hipoteka ordaintzeko beharra dute. Ez dago Ipar Euskal Herrirako datu baliokiderik, baina baliteke kopurua apalagoa izatea.
  6. Etxebizitzari loturiko gastuen arrastoan, Euskal Herriko bizikidetza-unitateen %16,3ak hilero etxeko alokairua ordaintzeko beharra du. Proportzioa nabarmen handiagoa da Ipar Euskal Herrian (%38,7), non alokairuan bizitzeko hautua Hego Euskal Herrian (%13,5) baino ohikoagoa da.

Berriki Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak argitaratutako inkesta baten arabera, Euskal A.E.ko herritarren %85ak ongi darama berrogeialdia. Adinekoek haurrek baino okerrago aurre egiten ari dira egoerari, baina klase sozial baxuetako haurrek beste maila sozioekonomikoetakoak baino okerrago daramate berrogeialdia. Oro har, joerak aldakorrak dira maila sozioekonomikoaren arabera: klase sozial baxuko herritarrek okerrago daramate konfinamendua, beldur handiagoa dute kalera irtetean, kirol gutxiago egiten dute, telelan gutxi egiteko aukera dute eta menpekotasun bat duten pertsonak laguntzeko prestutasun handiagoa erakusten dute. Nolanahi ere, herritarren %80a koronabirusak familiaren ekonomian izango duen eraginagatik kezkatua dago, eta kezka-maila, klase sozial guztietan antzerakoa da.