Biztanleriaren zahartze tasa altua Euskal Herriko udalerrietan
Euskal Herriko zahartze tasa udalerrika, 2011
76 udalerrik %30 puntu gorako zahartze tasa dute.
65 urtetik gorakoen proportzioa guztizko biztanleriarekin alderatuz Euskal Herrian altua da, baina, banaketa ez da homogeneoa.
Zahartze prozesua udalerrien tamainaren arabera aztertuz gero tasarik altuena 1000 biztanletik beherako udalerriek dute, %20 (1000 biztanleko udalerrien %69,2). Hurrengo, zahartze tasarik altuenen kontzentrazio altua tamaina ertaineko udalerrietan gertatzen da (25.000-49.999), udalerrien %53,8ak %20tik haragoko tasa dute.
Bestetik, 5.000-9.999 biztanleko udalerrietan %19,6k soilik gainditzen dute %20ko zahartze tasa. 10.000 eta 24.000 biztanleko udalerrietan, berriz, joerak hazkunderako bidea hartzen du, tasa proportzioa %31,6koa izanik. Ez da harritzekoa 5.000 eta 24.000 biztanle arteko udalerrietan zahartze tasa baxuagoa izatea, izan ere, azken hamarkadan udalerri hauek hazkunde demografiko nabaria jazo izan baitute.
Zahartzearen zonakatzeari dagokionez nabarmentzekoak dira Araba Mendialdea (%26,9), eta Iparraldeko hainbat gune, esaterako, Basabürüa (%26,8%), Pettarra (%25,9), Errobi (%24) edota Baiona-Angelu-Biarritz konurbazioan (%23,7).
Nafarroa Garaian ere zahartze tasa altuko lurraldeak badaude, hauek batez ere, Pinioaldeko eskualdean (%23,4), Estellerrian (%22,7) eta Nafarroa Erdialdeko Ekialdean (%21,7) pilatzen dira. Euskal Herriko zahartze tasa altuenak dituzten lehenengo 18 udalerriak Nafarroa Garaian kokatzen dira eta hauetako bat berak ere ez du 200 biztanleko kopururik gainditzen.
Euskal Herriko udalerrien artean tasarik baxuena duten 6 udalerriak ere Nafarroa Garaian kokatzen dira. Hauek guztiak Iruñerriako partaide dira eta azken urteotan hazkunde demografiko handia jasan dute.
Oharra: Iparraldeko udalerrien datuak 2008koak dira, Hegoaldekoak aldiz 2011koak.
Maparen datuak kontsultatu nahi izatera eta ekonomia eta gizarte alorreko beste hainbat datu kontsultatzeko jo www.atlasa.net helbidera.
Oharra: 1:500.000 eskalatik aurrera udalerrien izenak bistaratzen dira.