Ezaugarri demografiko kezkagarrien euskal geografia

Egungo populazioaren errealitatea azken hamarkadetako prozesu demografiko eta ez-demografiko desberdinen emaitza da. Populazioaren zahartze prozesuak, haur eta gazteen presentzia desorekatuak edota emakumeen presentzia ezegonkorrak tokian tokiko errealitate demografikoaren bizitasunean eragina dute. Era berean, zerbitzuen eskuragarritasuna, ehun produktiboa edota etxebizitza parkearen ezaugarriek tokiko errealitate demografikoa baldintzatzeko egiturazko elementuak dira. Azken batean, lurralde antolamendua berak inpaktu handia du demografian.

Euskal geografian badira errealitate demografiko ahula duten lurraldeak, eta horietako zenbaitzuk, dinamismo demografiko osasuntsu bat mantentzeko zailtasunak adierazten dituzte.

Testuinguruko prozesu nagusiak

II. Mundu Gerraren ondorengo hamarkadetan Euskal Herrian intentsitate handiko prozesu sozio-demografikoak gertatu ziren. Joera azpimagarriena 1960 eta 1970ko hamarkadetako industrializazio prozesuak eragindako jaiotza eta immigrazio fluxuen gorakada handia. Ondorioz, urte horietan inoizko biztanleria hazkunde handiena gertatu zen. 80. hamarkadan nazioarteko petrolio-krisiak, ordea, Euskal Herrian krisi ekonomiko larria eragin zuen eta jaiotzen jaitsiera bortitza eragin zuen.

Denboran urrun diren gertaerak ere, prozesu guzti hauen aztarnak oso bistan daude egungo egitura demografikoan: adineko biztanleriaren proportzioa handia da, ugalkortasun handieneko belaunaldien presentzia (30-40 urte bitartean) ahula da eta, biztanleriaren metaketa industria gune eta hiriburuen bueltan, nabarmena da. Jakina, ezinbestean lurralde batzuek bereganatutako herritarrak beste lurralde batzuen despopulazioa eragiten du.

Milurteko berriak prozesu berriak ekarri ditu euskal geografiara: lehenik, jaiotzen bolumenak gorakada izan zuen 2008 urte arte, eta ordutik, berriz gainbeheran da. Bigarrenik, milurtekoaren lehen hamarkadan euskal geografia osoan hirigintza jarduera bizia izan da, eta mugikortasun joeren aldaketekin, landa-eremuko zenbait eremu, maila handiagoan ala apalagoan, hiriguneetako herritarren bizigune bihurtu dira. Ipar Euskal Herrian prozesu honek indarra dauka oraindik ere. Hirugarrenik, milurteko hasieratik ere etorkin fluxu berriak agertu eta euskal egitura demografikoa biziberritzeko aktibo bihurtu dira, euskal hirigunetan eta Ebroko arroan errotzeko joera nabarmenarekin.

Demografia zaurgarriaren geografia

Euskal Herria osatzen duten berrogeita hamabi eskualdeetatik hamar bat egoera kezkagarrian daude. Sei Nafarroa Garaian daude (Estellerriko Ekialdea, Estellerriko Mendebaldea, Erronkari-Zaraitzu, Irunberrialdea, Baztanaldea eta Zangozaldea), bi Zuberoan  (Xiberoa eta Salbaterraldea) eta bana Araba (Arabako Mendialdea) eta Bizkaian (Lea-Artibai). Nagusiki landa izaerakoak eta biztanleria gutxikoak dira, baina hainbatek azalera geografiko handia hartzen dute. Hamar eskualde hauetan ehun mila bat biztanle barne biltzen dira, Euskal Herriko biztanleria osoaren %3,2a.

Udalerri mailako errealitateak eskualdeen artekoak baino anitzagoak dira, muturrekoagoak dira eta, ildo horretan, euskal geografian badira 64 udalerrik epe luzerako biziraupena auzitan dutenak joera demografikoak medio. Udalerri horiek 200 biztanle baino gutxiagokoak dira eta geografikoki nahiko pilatuta daude: 14 Estellerria Mendebaldean daude, 12 Estellerria Ekialdean, 10 Erronkari-Zaraitzun, 8 Auñamendi eskualdean eta 6 Zangozerrian. Gainontzekoak Tafallaldean, Xiberoan, Bidasoa Garaian, Salbaterraldean, Arabako Mendialdean, Aralarko Iparraldean, Garesaldean, Irunberrialdean eta Tuteraldean daude. Herrialdeka, 64 udalerri hauetatik 59 Nafarroan daude, 4 Zuberoan eta bat Araban. Udalerri horien artean bereziki ahula da hogei bat udalerrien egoera (infografian, gorriz).

 

Euskal Herriko eskualdeen egoerari buruzko informazio xeheagoa ezagutu nahi izanez gero, jo esteka honetara.