[IRITZIA] Biztanleriaren inguruko alarmismoak alboratzen, Unai Martín eta Marta Luxán

Azken aste hauetan, jaiotzen inguruko datu berriak argitaratzearekin batera, zahartze demografikoa eta Euskal Herriko biztanleriaren balizko galera mintzagai ditugu. Sarritan aipatu dugun bezala, populazioaren egitura eta bere bilakaera gizartearen historiaren isla dugu, gure jendartearen eboluzioaren ispilu. Era berean, portaera demografikoak oso malguak dira eta, nahiz eta pribatua izendatu izan den eremu horretan gauzatu, publikoa deitua izan den esparruan gertatzen diren aferekin estuki lotuta daude; hau da, bilakaera demografikoa ulertzeko testuinguruaren beharra dugu.

Gauzak horrela, saia gaitezen alarmismoak alboratzen eta gure lurraldean gertatutakoa bere osotasunean ulertzen. Zahartze demografikoaz aritzen dira batzuk eta besteak, zahartzea gauza negatiboa bailitzan eta gure bizitzaren lehengaia denbora dela ahaztuz. Gure ustez, bizi-itxaropenaren luzatzea XX. mendean, lurralde hauetan, gertatutako lorpen garrantzitsua dugu; aldaketa inportante, sakona eta orokorra. Hainbatetan adierazi dugunez, zahartze demografikoaz baino bizi-iraupenaren demokratizazioaz hitz egin beharko genuke eta prozesu honek izan dituen ondorio guztiak plazaratu.

Dakigunez, bizitza luzatu izanak adinen berdefinizioa ekarri du eta, egun, 65 urteko pertsona osasuntsua ez dugu zahar moduan ikusten.Aldiz, osasungintzari buruz hitz egiterakoan iraganeko osasun-ereduak erabiltzen dira gehienetan eta 65 urte baino gehiago duen populazioaren areagotzeak osasungintzan egin beharreko inbertsioen igoera ekarriko duela ondorioztatzen da zuzenean. Gauza bera erretiro-pentsioei edota aurrezki tasari dagokienez.

Eta, non geratzen dira pertsona nagusien ekarpen sozialak? Zergatik ez dira aipatzen hirugarren adinekoek zaintza edota bolondres lanetan emandako denbora eta hartutako ardurak? Edota familiakoei eskainitako sostengu ekonomikoa?

Bestalde, adin-egituraren banaketa enpleguarekiko harremana aztertzeko adierazlea bailitzan erabiltzen dute gehienetan eta hauxe akats analitiko larria dugu. 35 urte izateak ez du ziurtatzen enplegatua egongo zarenik; kotizazioen nondik norakoak, bizitza mantentzeko beharrezkoak diren beste ekarpen batzuk bezala, ezin dira soilik adin-egituraren arabera aztertu. Hau da, adina ez da enplegua eta zaintza lanekin dugun harremanaren determinatzaile bakarra eta, beraz, ezin dugu parekotzat jo.

Honetaz gain, aldaketa demografikoa politikoak diren erabakiak justifikatzeko erabiltzen dira gehiegitan. Erretiroko adina atzeratzea ez da bizitzaren luzatzearen ezinbesteko ondorioa, erabaki politikoa baizik. Fokoa nagusien artean jarri beharrean gazteen artean jarriko bagenu? Zergatik ez ditugu bizitzaren birsortzeak suposatzen dituen kosteak sozializatzen? Are gehiago, zergatik ez dugu behin betiko enplegua gure bizitzen erdigunetik baztertzen eta bizitzeko beharrezkoak ditugun lanez jarduten?

Bukatzeko, hasieran aipatu bezala, portaera demografikoak oso malguak dira eta krisi garaietan jaiotzak behera egiteak ez gintuzke ez harritu ezta larritu beharko. Are gehiago, ezin ditugu adierazle transbertsalak, uneko portaerak, etorkizuna irudikatzeko tresna baliagarritzat jo. Bada garaia, demografiaz aritzen garenean, belaunaldien portaera aztertzeko, informazio hori gure jendartearen aldaketak eta pertsonen bizitzak ulertzeko askoz ere aberatsago baitugu. Pertsona gutxiago balego baina horiek urte gehiago biziko balira, non dago arazoa? Zer da garrantzitsua, zenbakia edota bizitzaren nolakotasuna? Egoera sozioekonomikoa aldatuko ez balitz, jaiotzak nabarmenki igotzea osasungarritzat har genezake edota, zaintza lanak zein sostengu ekonomikoari dagokionez, aitona-amonei jarritako isun sozial gisa? Demografia diziplina izugarri interesgarria izateaz gain, oso modu interesatuan erabilitako jakintza izan ohi da.

Gure hausnarketa hauek erabilera horren eraldaketarako tresna baliagarriak izan daitezkeelakoan…