Asteko bataz besteko lanordu kopurua behera azken bi urtetan

EAEn egon da lanorduen gutxitze nagusiena 2009/2010 epean

Euskal Herriko lan astea orain bi urte baino murritzagoa da, 20 eta 30 minutu artean hain zuzen. EUROSTATek eskaintzen dituen azken bi urtetako datuen arabera joera beheranzkoa da. Azken hamarkadan aipatu joera errepikatzen da pare bat salbuespenekin 2003 eta 2008 urteetan. 2010ean, berriz, egindako lanordu kopurua gutxi murriztu zen 2009arekin alderatuz.

Denboran iraunkor mantendu den joera honi esker Euskal Herriko lan asteko ordu kopurua azken hamarkadako baxuena da egun, 37 ordu eta 36 minutukoa. Lurralde administratiboei erreparatuz, lanordu kopurua gehien murriztu da EAEn, batez ere 2009an, non lan astea 37 ordu eta 24 minutukoa izan zen, Euskal Herriko baxuena.

Asteko lanorduen iraupena luzeagoa da Iparraldeko hiru lurraldeetan, luzeena, 38 ordu eta 30 minuturekin. Hamarkadaren hasieran, Iparralde, Frantziako estatua bezalaxe, lan egindako orduak murrizteko prozesuan murgilduta zegoen bete-betean, helburua 35 ordutara jaistea izanik. Neurri hauek 2002 urtean bataz besteko lanorduak bere helburutik inoiz baino gertuago jarri zituen (35:46). Baina, Parisen ondoren emandako irizpide aldaketek lan egindako orduen kopurua laster altxa zuten.

Datuek erakusten duten lanorduen bataz bestekoa azaltzen duten hainbat faktore badaude. Batetik, Euskal Herrian lanaldi laburtua (astean 30 lan ordu baino gutxiago) dutenen kopurua %14,7 izan zen eta Nafarroa Garaian, 2010ean, lanaldi mota honek %1,3 hazi zen aurreko ekitaldiarekiko. Bestetik, Hegoaldean, 2009an zehar ofizialki 3.231 lan erregulazio espediente exekutatu ziren 89.682 langileri eraginez. 2010ean, 2.426 espediente izan ziren eta 42.204 langileri eragin zioten. 2009 eta 2010 urte artean EAEn bakarrik 4.558 lan erregulazio espediente exekutatu ziren eta 104.148 langileri eragin zioten.

[table id=38 /]