Euskal itsasportuetako garraio bolumena %8,8 gutxitu da 2011 urtean

Inportazioen jaitsierak (%-11) eragin du beherakada

Salgaien itsas merkataritzari emandako euskal portuetan (Bilbo, Baiona, Bermeo, Pasaia) ibilitako salgaien bolumena %8,8 jaitsi zen 2011ko jarduera aurreko urtearekin alderatuz gero. Bermeoko portuko datu ofizialak oraindik eskuratu ez baditugu ere, Pasaiakoa izan zen jaitsierarik handiena nozitu zuena (-16,5%), ondoren Baionakoa (% -11,6). Bilboko portuak, euskal portuetan sartu eta ateratzen diren salgai guztien %82a kudeatzen duena, izan zen atzeraldiari ongien eutsi ziona (%-7,7).

Aurreko urteko datuek adierazten dute 2010 urtean bizi izandako hazkundea (+%6,8) ez dela egonkortu eta atzeraldiaren ondorioak indarrean daudela. 2011 urtean inportazioak izan ziren kaltetuenak, Pasaiako portua izan zelan jaitsiera handiena nozitutakoa (%-18,1).

Edonola ere, euskal portuetan gehiago dira inportazioak esportazioak baino, Bilbokoan, esaterako, esportazioen halako bi dira inportazioak. Datuak behin behinekoak diren arren, itsasotik 24.701 tona salgai sartu ziren eta 14.202 tona atera.

Esportazio eta inportazioen bolumenak uzten digun argazki orokorretik haratago, garraiatutako salgaien ezaugarriak, lau portuetako bakoitzaren eragin eremua eta azken urteotan bereganatu dituzten eginkizunak aztertu behar lirateke jarduera honen xehetasunak ulertzeko.

Bilboko portuak eginkizun garrantzitsua du itsas garraioan, itsas merkataritzaren gune logistiko garrantzitsua da eta bere eragin eremuak gure mugak ederki gainditzen ditu Iberiar penintsula Europako iparraldearekin lotzen baitu. Bermeoko portua, Bilboren eremu metropolitarrean kokatua, metalgintza, papergintza eta beste zenbait sektorerekin lan egitera emanda dago. Pasaiakoan salgaien %36 Gipuzkoako altzairugintzari lotutakoak dira, eta erdia baino gehiago salgai gordinak dira, Lezo-Pasaiako zentral termikora bideratutako ikatza batik bat, aipatzekoa da papergintzara bideratutako produktuen presentzia ere. Halaber, Pasaia ibilgailuak mugitu eta gordetzeko lanetan espezializaturik dago. Aturri ibaia itsasoratzen den eremuan dago Baionako portua, bertan, txatarra, osagai kimikoak eta ongarriak, petrolioa eta Landetako zuraren zati handi bat ibiltzen da.

[table id=18 /]

[table id=19 /]

[table id=20 /]