Skip to main content

Adierazleen sistema aztergai NUPeko jardunaldietan

“Euskal Herriko ongizate adierazle sistema / Irizpideak aztergai” goiburupean egun osoko jardunaldia burutu berri da GAINDEGIAk antolatuta Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), bertan bildu direlarik esparru desberdinetako berrogeitik gora aditu.

Behategiko Batzorde Zientifikoko arduraduna den Anjeles Iztuetak gidatutako saio desberdinetan, Ekonomia, Soziologia eta Informatika-Ingenieritzako goi mailako adituak elkartu ziren, mintzaldi zein lantaldeetan. Martin Larrazak, Ikerketako erretoreorde eta Enpresa Ekonomian katedradunak hartu zituen denak, NUPen izenean.

Euskal unibertsitateetatik etorritako ikertzaile zein administrazioetako estatistikalariak batu ziren jardunaldian. Bertan izan ziren, besteak beste, Jose Jabier Zubikarai, Eusko Jaurlaritzako Eustateko gaur eguneko zuzendariordea eta Cristina Prado kargu berean ohia, bai eta Iparraldeko Audapeko ordezkaria, Helene Larralde. Iruñako Nastateko ordezkaririk ez zen bertaratu, baina lankide dira GAINDEGIAren estatistikagintzan.

Bertan jasotako ondorioekin, datozen asteetan Batzorde Zientifikoak azterketa lana egingo du GAINDEGIAko zuzendaritzari adierazle eta irizpide proposamena aurkezteko, aurrerantzeko txosten sozio-ekonomikoak horien arabera taxutu daitezen.