Imanol Esnaola, Gaindegiako koordinatzailea:
“Aitortzarik ez duen aldetik, hitzarmen hauetan kanpoan geratzen da Ipar Euskal Herria”
Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak ETB1eko Azpimarra saioan parte hartu zuen pasa den astelehenean, apirilak 28. Begoña Errazti gerentea, Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatua eta Karlos del Olmo itzultzailea eta interpretea ere izan ziren mahai-inguruan.
Besteak beste, Euskadi-Akitania euroeskualdea izan zuten hizpide, Iñigo Urkullu lehendakaria bertako presidente izendatu berri baitute. Bordele eta Gasteiz arteko lotura horretan, Ipar Euskal Herria ahaztuta dagoela azaldu zuen Esnaolak: “Aitortzarik ez duen aldetik, hitzarmen hauetan kanpoan geratzen da. Ipar Euskal Herriarekin hutsune handi bat dago, batez ere Hegoaldearekiko lankidetzan”. Ildo beretik, Iparraldea parte hartzaile aktibotzat jotzen duten mugaz gaindiko beste ekimen batzuk aipatu zituen; Eurohiria eta mendialdeko eskualdeen arteko elkarlana, kasu. Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko lankidetza saioak gizarte gaietan sustatzen dira batez ere, Esnaolak azaldu zuenez.
Langabeziari ere tarte handia eskaini zioten saioan. Eurostatek Europako lurraldekako estatistikak atera dituela eta, Euskal Herriaren egoera aztertu du Gaindegiak (ikus datuak), eta horren berri eman zuen Esnaolak. Euskal Herria 56. postuan dago Europako erregioen langabezia tasari dagokionez, eta 62.ean iraupen luzeko langabezia tasan. Euskal Herriko langabezia Europar Batasuneko batez bestekoa baino bost puntu handiagoa da. Bulgaria, Portugal, Eslovakia, Zipre eta beste zenbat herrialderen pare dago. Gai horiez gain, Iruñean haur hezkuntza publikoa euskaraz jasotzeko dauden arazoak, Espainiako Ingurumen ministro berriaren izendapena eta kupoa izan zituzten hizpide, besteak beste.
Aurreko saioak:
Emakumeen egoera sozioekonomikoa Euskal Herrian